NAIZ

‘Estatuak’, Itziar Okarizen eta Jorge Oteizaren arteko solasaldia, ikusgai dago Altzuzan

Oteiza Museoak Itziar Okarizen ‘Estatuak’ proiektu artistikoa aurkeztu du ostegun honetan. Bertan, oriotar artistarekin obrarekin elkarrizketan diren ikus-entzunezko hiru pieza jaso dira. Otsailaren 28ra bitarte dago irekita erakusketa.

Itziar Okariz Arantzazuko Santutegiko frisoaren aurrean. (NAIZ)
Itziar Okariz Arantzazuko Santutegiko frisoaren aurrean. (NAIZ)

Jorge Oteiza Museoaren ekimenak Arantzazuko frantziskotarren eta Arantzazu Gaur Fundazioaren laguntza izan du, baita Egues ibarreko udalarena ere.

Itziar Okarizek (Donostia, 1965) eskulturgilearekin izandako hiru konbertsazio aurkezten ditu. ‘Nire emaztearen erretratua’, ‘Otano pintorearen erretratua’ eta ‘Bi triedroren konbinazio bidezko kutxa metafisikoa/Leonardoren omenez’ lanak, hain zuzen ere. 

Hauei Apostoluen frisoan eta Arantzazuko Santutegiko murruen aurrean daudenak gehitu behar zaizkie. Azken hauek proiektu honetarako propio ekoitzi ditu Oteiza Museoak, eta lehen aldiz aurkezten dira jendaurrean. Horien osagarri, Sergio Prego artistaren ‘Seeds’ eta ‘Black Fountain’ piezekiko elkarrizketa biak, inoiz jendaurrean erakutsi gabeak halaber, 2019an Veneziako 58. Bienalean zehar sortuak.

Ikus-entzunezko piezen aurkezpena osatzeko, erakusketan jaso egingo dira elkarrizketa horien transkripzioak. Erakusketa-proiektua online esparrura ere zabalduko da, aukera izango baita Oteiza Museoaren web orriaren bitartez Interneten lehen aldiz ikusteko ‘Estatuak’.

Proiektu honek, osterantzean, bitartekaritza presentzialeko eta online bitartekaritzako programa zabala izango du, 2020ko urriaren 30tik 2021eko otsailaren 28ra bitartean garatzeko.

«Itziar Okarizen proiektu hau museo honetan programatzeak agerian jartzen du, azken batean, Oteizaren obrak gaur egungo artistengan bizirik segitzeko duen gaitasuna; izan ere, egungo sorkuntzatik modu kritiko batez hurbiltzeko eremua da Oteizaren obra», adierazi dute Museotik.

Itziar Okarizek gogoeta sustatzeko espaziotzat planteatzen du lantegi hau. «Gogoeta horrek erreparatu egingo die lengoaia plastikoek zeinuak produzitzeko duten espezifikotasunari, eta lengoaiak berak eraldatzeko tresna gisa ere baliatuko da, Okarizen beren lanarekiko eta Jorge Oteizaren obrarekiko harreman eta interakzioaren bidez», gaineratu dute.

Urriak 30, ostiralean 17.00etatik 20.00ak arte; urriak 31, larunbatean 10.30etik 14.00ak arte eta 16.00etatik 20.00ak arte; eta azaroak 1ean, igandea, 10.30etik 14.00ak arte.

Itziar Okariz artistarekiko topaketak eta erakusketarako bisita ere antolatu da urriaren 31ean 12.00etan. Doakoa da, aurrez Museoko sarrera erosita. Toki kopuru mugatua da. Aurrez izena eman behar da, recepcion@museooteiza.org helbidean edo 948332074 telefono zenbakian.

‘Gorputza eta ahotsa. Ikasgelan ikasteko tresnak’ ikastaroa ere antolatu da. Interesatuek didactica@museooteiza.org helbidera idatzi behar dute.