NAIZ

UEMAko kide izango da berriro ere Lesaka

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du ostegun honetan Lesakako Udalak, osoko bilkuran. UEMAko 88. udala izango da Lesaka, mankomunitateko batzar nagusiak udalaren eskaera onartzen duenean. Guztira, ia 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

UEMAko 88. udalerria izango da Lesaka. (LESAKAKO UDALA)
UEMAko 88. udalerria izango da Lesaka. (LESAKAKO UDALA)

Lesakako Udalak osoko bilkura egin du gaur arratsaldeko 19.00etan eta, besteak beste, UEMAko kide izateko eskaera egitea erabaki du. 2.741 biztanle ditu Lesakak eta %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.

«Euskararen normalkuntzarako bidean, udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk. Horretaz gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea», adierazi du Ladis Satrustegi alkateak.

UEMAk abenduaren 12an du hurrengo batzar nagusia, ohi bezala urteko balantzea egiteko eta urte berrirako plangintza eta aurrekontua onartzeko. Batzar nagusiak Lesaka UEMAko kide izatea onartzen duenean, Bortzirietako udal guztiak izango dira UEMAko kideak.

Ez da Lesaka UEMAko kide den lehen aldia. Hainbat urte egin zituen mankomunitatean, Lesakako Udalak 2015eko azaroan Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAko kide izateari uztea erabaki zuen arte.

Lesakako euskalgintzaren eta pleno aretoan bildutako euskaltzaleen protesta artean hartu zuten erabaki hura, eta gaiak soka ekarri zuen. Gaurko erabakiarekin, UEMAko kide izatera itzuli da berriro Lesakako Udala. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 ordezkarien aldeko botoekin eta Geroa Baiko 5 zinegotzien abstentzioarekin onartu dute erabakia.