NAIZ

EPPK eta Foro Sozialaren arteko bilera Alboloteko espetxean

Gaurko egoeraren azterketa egin dute EPPKaren bi ordezkarik eta Foro Sozialarenak gaur ostiralean Granadako Albolote espetxean eginiko bileran. Diagnostiko batzuk partekatu dituzte, Foroak haren hausnarketa helarazi dio EPPKri eta gauza bera egin du Kolektiboak Foroarekin, honek prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Agus Hernan, Foroko ordezkaria, Alboloteko kartzelaren atarian. (Foro Sozial Iraunkorra)
Agus Hernan, Foroko ordezkaria, Alboloteko kartzelaren atarian. (Foro Sozial Iraunkorra)

Bilera berria egin dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ordezkariek (Ainhoa Mujika Goñi eta Jon Olarra Guridi) eta Foro Sozial Iraunkorrarenak (Agus Hernan) gaur ostiralean Alboloteko espetxean. Azkena 2018ko abenduaren 8an egin zuten; gero etenaldia etorri da, lehenik Gobernu espainolaren gorabeherak tarteko (zentsura-mozioa, Gobernu espainol berria...) eta gero pandemiak behartuta.

Hilabete luze hauetan «interlokuzioa ez da geldirik egon», aipatu du Foro Sozial Iraunkorrak, baina gaur azkenik posible izan da aurrez aurreko bilera egitea. Honetan, hasteko diagnostiko batzuk partekatu dituzte. Esaterako, «bi aldeek bat egiten dute Mariano Rajoyren Gobernuaren inmobilismo-fase luzea gainditutzat ematearekin; bi aldeek bat egiten dute aurreko espetxe-politikari aldaketa sakona emateko beharrarekin, jarraitutasuna bermatuta; bat egiten dute
konfinamenduaren amaieratik igarotako hilabeteetan emandako urrats apalak kontuan hartzearekin; bat egiten dute birgizarteratzeko ibilbidean agertzen ari diren oztopo berrien inguruko kezkarekin; bat egiten dute EPPK-k espetxe barruko ibilbidean sakontzearen aldeko apustuarekin; bat egiten dute gai honen konponbidea eman beharreko markoari dagokionez, euskal eta nafar gizartean dagoen adostasun sozial, instituzional, politiko eta sindikal zabalaren inguruan».

Gaurko unea «garrantzitsua» dela ere argi uzten dute biek. Bi aukera aurreikusten dituzte: «Edo Espainiako Gobernuak egungo estrategiarekin jarraitzen du (tantaka eta konstantea), koiunturak etengabe baldintzatuz eta milaka kilometro egitera behartuta dauden senideen sufrimendua mugarik gabe luzatuz» edo «bizikidetza demokratikoan urratsak ematearen aldeko apustu irmoa egiten du, oraindik dauden tapoiak askatuz: urruntzea, isolamendua, graduen eboluziorako zailtasunak, preso gaixoak, 70 urtetik gorako presoak, zigorrak metatzeari buruzko Europako araudiaren aplikazioa, eta 40 urteko espetxealdi errealen betetze-muga jarri zuen zigorrak osorik betetzeari buruzko 7/2003 Legetik eratorritako zigor- eta espetxe salbuespenaren berrikuspena».

Ondorio gisa, «bi aldeek uste dute gaur egun baldintzarik onenak bilduta daudela Espainiako Gobernuak bigarren aukeraren aldeko apustu irmoa egin dezan, gatibutasun printzipioan oinarritutako politika gaindituz eta errealitate-printzipioan oinarritutako marko berri bat aplikatuz».

Foro Sozialaren hausnarketa: bidean aurrera segi

Komuneko posizio horrezaz gain, alde bakoitzak haren hausnarketak mahagaineratu ditu bileran.

Foro Sozialari dagokionez, «frustrazioa» aipatu du, bai eta honek adostasun zabalak lortzeko ekar dezakeen arriskua.

«Foro Soziala bereziki kezkatuta dago presoen senitartekoen artean sortzen ari den bir-biktimazioarekin, presoei aplikatutako espetxe-salbuespeneko politikaren zeharkako biktimak baitira senideak», erantsi du.

Honekin batera, EPPKri eskaera luzatu dio Foroak, «hasitako bidean jarrai dezala: birgizarteratze ibilbide bat, kasu kopuru handi batean lehen emaitzak dagoeneko ematen ari dena. Banakako ibilbide bat, espetxe-araudiaren baldintzak errespetatuz, bermeekin urratsak egiteko aukera emango diena».

EPPKren hausnarketa: kezka ugari

EPPKri dagokionez, pandemiaren ondorioak aipatu ditu, kezka agertaraziz baina aldi berean kalean horri aurre egiteko lortutako adostasunak txalotuz.

Igor Gonzalez Sola heriotza ere ekarri du mahaira, nola ez: «Bada garaia gaixotasunagatik eta aplikatzen zaien espetxe-erregimenaren baldintza gogorren presiogatik espetxean hildako presoen zerrenda makabroa handitzeari muga jartzeko», adierazi dute Mujikak eta Olarrak.

Kolektiboaren aldetik, espetxe politika aldarazteko «ideiak eta konpromisoak emateko prest dela» nabarmendu dute, «adosten ez den diseinu orok porrot egin dezakeela» erantsiz: «Konpromiso honetan kokaktzen dira landu beharreko gai guztiak, arinenetatik konprometituenetara: gaixorik diren presoak, bigarren graduak, biktimak, hirugarren graduak, sakabanaketaren amaiera, erantzukizun zibilak...»

Zenbait kexa agertarazi dituzte, azkenik, presoen ordezkariek: gaur egun gaixorik diren hamasei presoetatik hamahiru kartzelan segitzen dute; zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten 63 lagun preso dago oraindik; pandemia dela-eta arrisku nabarmena duten 65 urtetik gorako 15 presorentzat ez da inolako neurririk hartu; Haranburu aske uzteko erabakia bertan den arren, egoera berean diren beste hiru lagunen inguruan Fiskaltzak berean segitzen du; Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren adierazpenak «harrigarriak» dira oraindik; eta Cordoban diren presoak zigorraren azken egunerarte lehen graduan mantentzen dituzte.