Ion SALGADO

Herri mugimenduak Gasteizko Gaztetxea «gasteiztar guztion etxea» dela ohartarazi du

Dozenaka lagun bildu dira ostiral honetan Plaza Berrian Gasteizko Gaztetxeari elkartasuna adierazteko. Herri mugimendua osatzen duten eragileen ordezkariek udaltzaingoen jarrera salatu eta muinoko etxea «gasteiztar guztion etxea» dela ohartarazi dute.

Gasteizko herri mugimenduaren agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gasteizko herri mugimenduaren agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gasteizko herri mugimendua osatzen duten eragileen ordezkariak Plaza Berrian bildu dira ostiral honetan Gaztetxeari babesa eta elkartasuna adierazteko. Izan ere, azken asteetan udaltzaingoek muinoko etxean bildu diren gazteak identifikatu dituzte pandemiaren aurkako neurrien aitzakiarekin.

Ainhoa Garagalza, Javi Aguillo, Aitziber Romero eta Natsaha Ruedak Gaztetxea «gasteiztar guztion etxea dela» adierazi dute gaurko agerraldian: «Gaztetxea sortzaileon etxea da eta kultura segurua aldarrikatzen dugun guztiona, kulturak, bizitzak aurrera jarraitzen baitu distantzia sozial eta guzti. Gaztetxea herri mugimenduaren etxea da, musuko eta guzti, etxebizitza eskubidearen alde edota arrazakeriaren kontra bileretan antolatzen jarraitzen duten gasteiztarrena. Gaztetxea, gure hizkuntzara gerturatu nahi duten guztien etxea da, segurtasun neurri guztiak betez euskara ikastera gerturatzen diren guztiena. Gaztetxea auzoarena ere bada, 32 urte daramatza Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunekin batera elkarbizitzan, inork ez luke imajinatuko Gasteizko Alde Zaharra Gaztetxerik gabe jada».

«Covid-19ak eragindako osasun larrialdi egoera honetan, lehentasuna duten jarduerak errentagarritasunaren logikaren arabera neurtu dira… eta hor ez, hor ez dago gaztetxearen eguneroko jarduna. Muinoko etxea ez da negozio bat, ezta enpresa bat ere, ez da balioaren menpe bizi, baloreetan oinarritzen da. Ulertzen dugu, honek zuen logika hankaz gora jartzen du, badakigu zeintzuk diren zuen lehentasunak . Ikusten ari gara non geratu diren, gizarte zerbitzuak, lehen mailako arreta, hezkuntza… zuen kudeatzeko logikan», gaineratu dute.

Eta, nabarmendu dutenez, «bada, muinoaren puntan ateak zabalik izateko eskubidea duen gune autogestionatua, zentro soziala esaten diote beste herrialde batzuetan. Gurean gaztetxe bezala ezagutzen da, gazte asanbladak kudeatzen duelako».