ANDONI ARABAOLAZA

Ruben Diazek «Juneru» proposatu du, Albarracineko bloke gogorrena

Joan den urriaren 18an, eskalatzaile bilbotarrak jarduera hori biribildu zuen. Arrastradero sektorean dago, eta Diazentzat «eskola zaharreko» bloke horrek 8c maila du.

Europa hegoaldeko boulderreko alderdien artean, Albarracinek izen handia du. Are gehiago, aitor genezake: kantitatearengatik, kalitatearengatik eta estilo ezberdinengatik ingurune onena dela. Maila guztietako 1.500 korapilo baino gehiago ditu. Alabaina, muturreko zailtasunari begiratzen badiogu orain dela gutxira arte 8c-ko blokeak ez zeuden.

Joan den urriaren 18an, egoera hori irauli egin zen. Edo hobeto esanda, Ruben Diazek irauli zuen; izan ere, "Juneru"-rekin Albarracinek 8c zailtasuneko lehen proposamena jaso du. Bloke historiko hori Arrastradero sektorean da, eta, aurreratu dugun bezala, eskalatzaile bilbotarra izan da mugimendu guztiak askatu eta lotu dituen lehena. Hots, lehen igoera erdietsi du.

"Juneru"-ri dagokionez, Diazek berak aitortu du boulderreko alderdi horretan dagoen korapilo onenetarikoa dela: «Bere izaerari erreparatzen badiogu, lasai asko esan daiteke "old school" edo "eskola zaharreko" bloke bat dela. Eta hori diot lau helduleku oso txikietan hatzak ondo estutu eta gakotu behar dituzulako. Ondoren, eskumuturrekin ohiko mantle-ak egin behar dira».

Albarracineko bloke horretan egin duen prozesua oso "luzea" izan da. Euskal eskalatzaileak aurreratu du duela hamar urte korapilo horren berri izan zuela: «Iker Arroitajauregi izan zen aurkeztu ninduena. Bost urte luze zeraman proiektu bezala, eta nik lehen ekinaldiak egin nituen. Baina segituan ohartu nintzen niretzat zientzia fikzioa zela, eta urte batzuetan boulder hori alde batera utzi nuen».

Ezin sinetsi

Nahiz eta "Juneru" oso urruti ikusi, 2015. urtean Diaz berriro motibatu eta saioak egiten hasi zen. Albarracinera urtero egin zuen bisita bakoitzean bizpahiru ekinaldi egiten zituen: «Pentsa ezazu, urteren batean ez nuen probatu ere egin. Baina txiripaz Nacho Sanchezen saio bat ikusi eta motibatu nintzen. Eta berezia bada ere, duela aste batzuk gauza bera gertatu zen. Sanchezen ekinaldiak ikusi nituenean, ni ere bloke horrekin buru belarri jarri nintzen. Eta une horretan konturatu nintzen aukera handiak nituela helburu hori lortzeko».

Joan den urriaren 18a D eguna izan zen. Eta protagonista honek aitortu du egin zuen ekinaldia oso ezberdina izan zela: «Ez dakit nola, baina korapilo hori erabat askatu nuen. Blokearen goi aldean nengoenean, ez nengoen oso ziur behetik ote nentorren. Eta egoera argitzeko, neure buruari baieztatu behar izan nion behetik nentorrela eta blokea patrikan nuela. Era horretara, bisita gehien jasotzen duen penintsulako sektore horrek bloke gogorrena jaso du. Ez dakit egin dudan bloke gogorrena ote den. Ez dut erantzun zehatzik. Albarracinen egin ditudan proiektu guztietatik "Juneru" da denbora gutxien eskatu didana. Baina paradoxikoki gogorrena izan da».

"Juneru" Albarracineko proposamen gogorrena izateaz gain, Diazek orain arte egin duen zailenetarikoa da ere. Gogora dezagun, 2103. urtean Almenaran dagoen "Kemena"-rentzat 8c proposatu zuela, baina beste errepikatzaile batzuek jarritako zailtasun hori jaitsi egin zuten. Albarracinen bertan ere "La teoria del todo" igo zuen. Beto Rocasolanok 8c+ maila jarri zion, baina Diazek 8c utzi zuen; egun, 8b+ edo 8b+/c da.