NAIZ
DONOSTIA

Abian da Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren sorrerarako prozesua

Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren sorrerarako prozesuaren lehenengo urratsa da sortu berri den Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko lantaldea. Aurreko azaroaren 12an izan zen lehenengo bilera.

Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko lantaldea. (DONOSTIAKO UDALA)
Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko lantaldea. (DONOSTIAKO UDALA)

Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko lantaldea eratu da, ohar bidez Donostiako Udalak jakinarazi duenez. 2021ean lanean hasiko den Batzorde Sustatzaile horren partaideak, zereginak, landuko dituen edukiak, funtzionamendua eta lan-plangintza adostea da, hain zuzen ere, orain martxan jarri den lantaldearen egitekoa. Lantaldeak azaroaren 12an egin zuen lehen bilera.

Lantaldearen osaerari dagokionez, lau hanka ditu: Donostiako Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak, Igeldoko Herri Kontseiluko bost kide, Donostiako Udaleko Herri Partaidetza saileko teknikariak eta lantaldearen idazkaritzaz eta dinamizazioaz arduratzen den Siadeco Ikerketa Elkarteko teknikariak.

Donostiako Udalak adierazi duenaren arabera, lantaldearen sorrera lehen urratsa da Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzera iristeko prozesuan. «Zero fase bat, oinarriak jarriko dituena, 2/2003 Foru Arauaren III. Idazpuruaren markoaren baitan, Batzorde Sustatzaileak Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko egin beharko duen lanak zimendu ahalik eta sendoenak izan ditzan», zehaztu du.

Igeldoko herritarrek 2013ko azaroan desanexioaren alde egin zuten erreferendumean, eta Aldundiak, Bilduk gobernatuta, herri borondate hori gauzatzeko lehen pausial eman zituen. Ondoren, Udalaren helegitearen ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak indarrik gabe utzi zuen udalerri berri horren eraketa. Horren ostean, Eneko Goia Donostiako alkateak Igeldoko Toki Erakunde Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailea sortzea proposatu zuen urte honetako ekainean.