NAIZ

Hala Bedik ertzain baten kontrako kereila aurkeztu du kazetari baten lana oztopatzeagatik

Ertzain baten kontrako kereila aurkeztu du Hala Bedik. Komunikabide arabarrak dioenez, agenteak «telefonoa kendu eta 300.000 euroko isun batekin mehatxatu» zuen Hala Bediko kazetari bat Talka espazio feministaren desalojoaren berri ematen ari zela.

Hala Bedik kereila aurkeztu du ertzain baten aurka. (HALA BEDI)
Hala Bedik kereila aurkeztu du ertzain baten aurka. (HALA BEDI)

Hala Bedi komunikabide arabarrak ertzain baten kontrako kereila aurkeztu du Gasteizko Talka espazio feministako desalojoan, maiatzaren 8an, kazetari baten lana oztopatzeagatik. Azaldu dutenez, kazetariari «telefonoa kendu» zion ertzainak eta «300.000 euroko isun batekin» mehatxatu egin zion.

Ohar baten bidez Hala Bedik azaldu duenez, ertzainak ekintza poliziala grabatu ezin zuela ohartarazi zion kazetariari, «pertsona fisiko bat» zela argudiatuta eta ‘Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak’ hala agintzen zuela esanez. Eztabaidan zirela, poliziak «mehatxu artean telefonoa ematera derrigortu zuen» Hala Bediko kidea.

Telefonoa kentzea «gehiegikeria poliziala izateaz gain, agentearen argudio eta mehatxuek» ez zutela «inolako oinarri juridikorik», dio Hala Bedik. «Kontrara, herritar orok, kazetaria izan edo ez, eskubidea dauka polizia grabatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira, eta herritarren informaziorako eskubideak bermatzen du poliziaren ekinbidea dokumentatu ahal izatea», dio komunikabide arabarrak.

Gainera, Hala Bediren «jardunaren eta prentsa askatasunaren aurkako eraso jarraitu bati erantzuten diola» dio.

Prentsa askatasunaren aurka azken urteetan jasotzen ari diren erasoak «kezkaz» bizi dituela adierazi du komunikabideak; «izan Mozal Legearen aplikazioa edo berriki Frantziako Gobernuak kazetariei ezarri nahi dien poliziaren indarkeriaren berri emateko debekua esate baterako».

Hala ere, horren aurrean, «informatzen, poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak salatzen» jarraituko dutela argi utzi dute Hala Bediko kazetariek: «sistema judizialera jotzeak kontraesanak sortzen badizkigu ere, poliziaren inpunitateari eta prentsa askatasunaren aurkako erasoei aurre egiteko beste urrats bezala ulertzen dugu».

Horregatik guztiagatik Hala Bedik maiatzaren 8an Hala Bediko kide baten kazetari lanak oztopatu zituen Ertzaintzako agentearen aurkako ekintza legalak abiatzea erabaki du, Arabako Justizia Jauregian kereila bat aurkeztuz.