Asier ROBLES

Atxagak eta Mikel Valverdek ‘Ata Pank eta Ate Punky’ haur-liburu ilustratua atera dute

Bernardo Atxaga idazleak eta Mikel Valverde marrazkilariak ‘Ata Pank eta Ate Punky’ umorezko haur-liburu ilustratu berria aurkeztu dute. Aldi berean «gaixtoak eta gizajoak» diren bi ahateren istorioa kontatzen du ipuinak.

Bernardo Atxagaren eta Mikel Valverderen ‘Ata Pank eta Ate Punky’ haur-liburu ilustratuaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Bernardo Atxagaren eta Mikel Valverderen ‘Ata Pank eta Ate Punky’ haur-liburu ilustratuaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Bernardo Atxaga idazleak eta Mikel Valverde marrazkilariak elkarrekin egindako azken liburua aurkeztu dute astearte honetan Deustuko Udal liburutegian. ‘Ata Pank eta Ate Punky’ izeneko haur-liburu ilustratua da eta umorea eta kritika nahasten ditu aldi berean «gaiztoak eta gizajoak» diren bi ahateren istorioa kontatzean.

Azaldu dutenez, zoologikora joan eta lehoia gogaitzeko asmoa duten Ata Pank eta Ate Punky ahateei buruz doa kontakizuna. Zoologikora joan aurretik, ile-apaindegitik pasatzea erabakitzen dute, gandorrak tente izateko lehoiaren aurrean daudenean.

Liburuaren bigarren zatian, berriz, bi ahateek burua oso handia duen Nelo izeneko txakur batekin izandako bizipenak kontatzen dira. Txakurrak haien laguna dela uste du, baina ahateek zirikatu besterik ez dute egiten. Liburuan umore eta kritika nahasketa dagoela adierazi du Atxagak.

Atxagak eta Valverdek elkarrekin zein ondo lan egiten duten azpimarratu dute. «Atxagarekin oso gustura lan egiten dut, adiskidetasuna modu berean ulertzen dugu eta lan egiten dugunean konfiantza eta errespetua daude, eta hori oso garrantzitsua da liburu ilustratu bat egiterako orduan», adierazi du Valverdek. Atxagak, bere aldetik, «lagun artean lan egitea zein polita den» nabarmendu du.

Biek umorea gustuko dutela azpimarratu dute, eta liburuan testuaren eta marrazkien artean «erabateko ulermena» dagoela. «Denak du bere jarioa eta primeran uztartzen da», esan du Valverdek.

Elkarlanean jarraitzeko prest

Ez da Atxagak eta Valverdek liburu berean lan egiten duten lehen aldia. Joan den mendearen amaieran, Asteasuko idazlearen sagako Bambulo pertsonaiari irudia jarri zion marrazkilari gasteiztarrak. Geroago, Xola pertsonaiari irudia jarri zion baita ere.

Atxagak iragarri duenez, Xolaren saga Japoniako argitaletxe batek bere 100. urtemuga ospatzeko argitaratuko dituen 140 haurrentzako liburuen zerrendan agertuko da.

Ata Pank eta Ate Punkyri dagokienez, sagarekin jarraitzeko prest agertu dira Atxaga eta Valverde. «Pertsonaiak badaude eta, behin hori eginda, martxan jartzen dituzu eta historia bakarrik ateratzen da», esan du Atxagak. Halaber, umorezko liburuak idazten jarraitzeko asmoa duela azpimarratu du Atxagak.