NAIZ

Bost lagun epaituko dituzte hilaren 30ean Talka espazio feministaren okupazioaren harira

Bost lagun epaituak izango dira azaroaren 30ean Talka espazio feministaren okupazioaren harira. Dirudienez, Adolfo Dominguez enpresak, Gasteizko Hedegile kaleko 33. zenbakian dagoen lokalaren jabeak, aurkeztu du salaketa.

Ertzainak Talka espazioaren kanpoaldean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Ertzainak Talka espazioaren kanpoaldean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Talka kolektibo feministak salatu duenez, azaroaren 30ean bost lagun epaituko dituzte Gasteizko Hedegile kalean zegoen Adolfo Dominguez enpresaren lokal baten okupazioaren harira. Maiatzaren 15ean Ertzaintzak lokala hustu zuen eta bi pertsona atxilotu zituen.

«2019ko abenduan, hamarkada bat baino gehiago hutsik zeraman lokala okupatu genuen, Hedegile kaleko 33. zenbakikoa, hain zuzen ere. Epaiketari aurre egin behar diogun honetan, gogora ekarri nahi dugu, berriro ere, lokal hau aukeratu izana ez zela kasualitatea izan: lokal horrekin eta beste hainbatekin Udalak Alde Zaharrean baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatu nahi izan ditugu», adierazi dute.

Nabarmendu dutenez, «lokal horren jabetza Adolfo Dominguezen eskuetara heldu zen oso modu susmagarrian, izan ere, Udalaren jabetza izatetik enpresari honen jabetza izatera nola heldu zen ez da inon argitaratu. Eta jakin badakigu salerosketa publikoen berri ematera behartuta dagoela Udala. Adolfo Dominguezek berak onartu zuen elkarrizketa batean tratu mesedegarria jaso zuela bere negozioa Alde Zaharrean ezartzeko: ‘boluntarismo miresgarritzat’ jo zuen Udalaren jarrera, eta lokalak ‘arrazoizko prezio’ batean lortu zituela onartu zuen».

«Ozen esan nahi dugu auzoan bizitzeko modu bat ere ari direla epaitzen. Bizilagunen arteko sareen, auzo defentsaren, auzoko espazio autogestionatuen eta beste abarren kontrako jazarpen polizial, juridiko zein mediatikoa etengabekoa den honetan. Baina gurea ere bada etengabeko lanean eta ilusioan oinarritzen den antolakuntzarako apustua. Auzokideontzako bizigarriak diren bizitzen alde borrokatzeak ustelkeriari, kaleratzeei eta espekulazioari aurre egitea dakarrela badakigu. Horregatik egin genuen legalitatetik at zilegitasunak eraikitzeko apustua, eta horretan dihardugu», gaineratu dute.

Elkarretaratze bat deitu dute epaiketa hasiko den egunean, hilaren 30ean, Gasteizko Matxete Plazan. Bertan «elkartasun argazkia» egingo dute.