Black Lips talde mitikoa, Andoaingo Rock Jaialdi indartsuaren kartelburu

Date

10.06.23

Lieu

Gipuzkoa - Andoain

Black Lips banda.
Black Lips banda. (NAIZ)

Andoaingo Rock Jaialdiak hamabost edizio bete ditu aurten eta gogotik ospatuko dute ekainaren 10ean 18.00etik aurrera. Black Lips talde mitikoa kartelburu izango da eta jaialdian beste zortzi talde hartuko dute parte: The Schizophonics, The Giant Robots, The Courettes, Chocolat Billy, Nize, Arima, Siglas eta Krin.

Beraz, ekainaren 10an da hitzordua, Andoaingo Nafarroa plazan, 18.00etatik aurrera. Sarrerak, doan. Eguerdian ‘Aperitif’ hitzordua izango da, inguruko hiru talde taldeekin: Arima, Siglas eta Krin.

«Jai giroko garajea, rock'n'roll kutsuko countrya, 70 hamarkadako arnasa duen rocka, zirku-punk primitiboa eta, batez ere, edozein etiketa baino askoz garrantzitsuagoa den zerbait izango dugu: giro sekulakoa», aipatu dute antolatzaileek prestatu duten edizio honi buruz.

Black Lips, garage punkaren ‘salbatzaileak’, countryaren aitzindari soil izatetik ‘surrealista lynchiarren’ talde bat izatera igaro dira. Banda honen aro berri bat zabalduz, Atlantako garajetik oso urrun, Black Lips Tarantino eta Morriconeren soinuez blaitutako ‘Apocalypse Love’ izeneko lan berri batekin datorkigu.

1999an sortuak, izen bereko estreinako albuma 2003an argitaratu zuten, eta horren ondoren bere jarraitzaile kopurua nabarmen hazi zen 2004ko ‘We Did Not Know The Spirit Made The Flowers Grow’ argitalpenarekin. 2007ko ‘Good Bad Not Evil’ lanak Atlantikoaren bi aldeetako telebista saioetako ateak zabaldu zizkien.

Taldea aldatuz joan zen, eta Mark Ronson, Sean Lennon eta The Black Keyseko Patrick Carney ekoizle izan zituzten birak ugaritu ahala. 2013an Zumi Rosow sartu zen taldera, geroago Oakley Munson bateriajotzailearekin eta Jeff Clarke gitarrajotzailearekin elkartu ziren. Black Lipsen bilakaera estilistikoa hainbat hamarkadatan zehar garatu da, bira oparo eta argitalpenak tarteko, aurretik garage punk talderik iritsi ez den eremutara helduz: kontzertu areto erraldoiak, telebista saioak eta musika jaialdi handiak.

The Schizophonics taldeari dagokionez, azken urteotan bere zuzenekoek ospe itzela lortu dute. MC5ek zabaldu zuen rock-energiaren eta ikuskizunaren nahasketaz, beraien emanaldi basatiek James Brown, Iggy Pop, Jimi Hendrix, Little Richard eta The Sonics bezalako artisten eragin handia dute. 2009an Pat Beers abeslari eta gitarristak Lety Beers bateria jotzailearekin batera osatu zuten taldea San Diegon (AEB), ordutik, herrialde askotan jo eta talde ezagunen birak babestu izan dituzte (The Damned, Devo, The Hives…). ‘Shindig’ aldizkariak honela deskribatu zuen beraien zuzenekoa: «Wayne Kramer, James Brown eta Tasmaniako deabruaren hibrido ero bat ikustea bezalakoa da». Taldeak zuzeneko mundialak eskaintzeaz gain abesti gogoangarriak ere idazten ditu.

The Giant Robbots 1996an sortutako rock’n’roll taldea da. Argitaratzen duen disko bakoitzarekin, kritikari espezializatu askok diotena berresten da: eszenatokiko errege-erregin ezin hobeak dira. Lausannen (Suitza) sortuak 2006an mundu osoan ezaguna den ‘Too Young to Know Better… Too Hard to Care!’ lehen album luzea argitaratu zuten Voodoo Rhythm Records zigilu ospetsuan. 2013an iraupen luzeko azken lana argitaratu zuten ‘Delightfully Refreshing’ izenekoa. 2023an laugarren diskoa argitaratuko dute. ‘Fuzz You’ izenburuarekin Jorge Explosionek Gijongo estudioetan nahastuko du. Lehen aurrerapena ‘Avanti la Macchina’ hit italiarra izango da. The Giant Robotsek, jada kultuko taldea rock undergroundean, Europan zabal aurkeztuko du lan hau zuzenean.

The Courettes 60ko hamarkadako neska taldeen, ‘Wall of Sound’-en, surf musikaren eta doo wop-aren arteko oreka ezin hobea aurkitu duen duo leherkorra da. Mundu osoko musika aldizkari handienek goraipatuta, 2020an taldeak Damaged Goods britainiar zigilu ospetsuarekin sinatu zuen, rockaren nazioarteko ikonoen maila berean jarriz: Buzzcocks, Manic Street Preaches, Atari Teenage Riot, New Bomb Turks eta beste asko. Bere hirugarren eta oraino azken lana diskoa, taldearen ibilbidean benetako mugarria, ‘Back in Mono’ 2021eko udazkenean argitaratu zen. Europa osoan eta Brasilen aritu dira izen handiko jaialdietan joaz, besteak beste Eurosonic (Herbehereak), Reeperbahn y Garageville (Alemania), Azkena Rock Festival, Roots & Roses (Belgica), Bukta (Norvegia)… beste askoren artean Sonics, The Pretty Things, Holly Golightly, The Bellrays, Jon Spencer, B52’s taldeekin agertokia partekatuz.

Chocolat Billyren lehen kontzertua Eugene Chadbourne mitikoarentzat gaua zabaltzen izan zen 2002an. Taldekide aldaketa asko izan ostean taldea laukote gisa finkatu zen. Bandaren soinua beti ari da muga berriak aztertzen; instrumentu guztiak partekatzen dituzte, distortsio basatiak eta antzinako erritmo eta katigagarriak erabiliz. Emaitza taldearen begirada pertsonalak osatzen du, free-rockaren, noise-aren, pop erakargarri baten eta world music-aren artean kokatuz. Chocolat Billyren abestiak kolektiboki idatzita daude eta inprobisaziorako eta elastikotasunerako tarteak uzten dituzte, zuzenekoetan oso presente daudenak. Frantziar Estatu osora eta Europako hiriburu nagusietara iritsi den bira luzea egin dute eta zuzeneko oparoak, dibertigarriak eta harrigarriak eskaintzen dituzte. Gainera, agertokia OSEES, The Ex, Deerhoof, Thurston Moore eta beste askorekin partekatu dute. Bere kantuak Les Potagers Natures zigiluak argitaratutako lau diskotan daude, baita zuzeneko disko batean ere. Le Feu au Lac bere bosgarren iraupen luzea da.

Nize taldea Andrea Plazak, Intza Arakistainek eta Niko Bortolinik osatzen dute, gitarra eta ahots, bateria eta baxua hurrenez hurren. Fuzzak harturiko post rocka da beraiena eta euren melodi ilunak euskaraz abesten dituzte. Entseguetan 2017an hasi ziren baina hasiera data 2018 urtearen amaieran kokatu behar dugu. 2020an ‘Ezin’ izeneko lehen lan bat argitaratu zuten, aurreko urtean Urtzi Izak grabatu zuena. Egun ‘Zu lo han’ izeneko lanaren aurkezpen saioekin ari dira. Honako hau El Tigre estudian grabatu dute Jon Agirrezabala eta Xabier Egiarekin.

Sarrera doan da.

Emplacement

Nafarroa plaza
Nafarroa plaza
Andoain. Gipuzkoa