Indonesia eta Mexikoko taldeak arituko dira Getxoko nazioarteko folkore jaialdian

Date

19.07.23 - 21.07.23

Lieu

Bizkaia - Getxo

Indonesiatik etorriko da Liga Tari Kridabudaya taldea.
Indonesiatik etorriko da Liga Tari Kridabudaya taldea. (GETXOKO UDALA)

Getxoko Nazioarteko 38. Folklore Jaialdiaren 38. ekitaldia ospatuko da Bizkaiko udalerrian uztailaren 19tik 21era bitartean, eta horretan Indonesia, Mexiko eta Getxoko taldeak jardungo dira.

Saioak Muxikebarrin izango dira, 20.00etan, eta bertan dantza eta musika anitzez gozatzeko aukera izango du publikoak. Sarrerak (3 euro) eta bonuak (7 euro), Kultur Etxeko ohiko saltokietan daude eskura.

Jaialdia uztailaren 19an, asteazkenean, abiatuko da Indonesiatik etorritako Liga Tari Kridabudaya taldearen eskutik. Jakartako Unibertsitateko baitan sortua, bere herriko tradizio anitzen erakusleiho izan dira azken urteotan. Sumatran hasi eta Célèbe eta Moluka uhartedietaraino, tartean Java eta Borneo, Indonesia osatzen duten irla gehienetako dantzak berreskuratu dituzte, zehaztasun handiz antzeztuta.

Hurrengo egunean, uztailak 20, ostegunean, Mexikoko ‘Viva Chihuaua’ konpainia folklorikoaren txanda izango da. 2004. urtean sortu zen taldea Ciudad Juárezen, eta etengabe aritu da birak egiten bere herrialdeko eta kanpoko jaialdietan, bai Amerikan, bai Europan, non beren kalitatearen erakusgarri izan diren eta Mexikoko kultura publikoari hurbildu dioten.

Uztailaren 21ean amaituko da jaialdia Itxartu Dantza Taldearen eskutik, Getxo barruan eta kanpoan ospe handiena duen dantza taldeetako bat. 1976an sortu zen, eta lan handia egiten du euskal kultura tradizionala folklorearen bidez zabaltzeko eta berreskuratzeko. Bere ibilbidean zehar, kontaezinezko emanaldiak egin ditu, Getxotik kanpo eta barruan, eta horien bidez Txekiar Errepublika, Portugal eta Argentina bisitatu ditu, besteak beste.

Urtero legez, Itxarturen emanaldia ardatz nagusi bat izango du eta aurten Nafarroako herri dantzak izango dira. Horretarako, Makaia Dantza Taldeak ere parte hartuko du, 1988an sortutako Faltzes herriko dantza taldea, hain zuzen ere.

 

Emplacement

Muxikebarri
Algorta
Getxo. Bizkaia