Al Di Meola, Jazzmeia Horn eta Marc Ribot 2023ko Getxo Jazz jaialdian izango dira
Date
29.06.22 - 03.07.22
Lieu
Bizkaia - Getxo

Getxoko Jazz Jaldiaren 46. edizioa ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitarte izango da, eta kontzertu nagusien egitarauko lehen hiru izenak iragarri ditu: Al Di Meola gitarrista ospetsua, Jazzmeia Horn jazz belaunaldi berriaren etorkizun oparoko abeslaria eta Marc Ribot egungo musika eszenako gitarra jotzaile eta sortzaile handia.
Talde lehiaketako emanaldien ondoren Muxikebarrin egingo dira ordainpeko kontzertuak, 21.00etan, eta sarrerak maiatzaren 2an jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko kanaletan, Getxoko Udaleko iturriek ostegun honetan jakitera eman dutenez.
Bada, Jazzmeia Horn estatubatuarrak emango dio hasiera Getxo Jazz jaialdiari, ekainaren 28an. Afrikar jatorriko artista nazioarteko jazz eszenako ahotsik oparoenetakoa da azkenaldian. 2015ean, Thelonious Monk lehiaketa entzutetsua irabazi zuen, eta bi urte lehenago Sarah Vaughan International Jazz Vocal Competition saria.
New School for Jazz and Contemporary Music zentroan graduatu ondoren, Winard Harper, Junior Mance, Vincent Gardner, Mike Peter Bernstein, Johnny O Neal, Vincent Herring, Frank Wess eta Ellis Marsalis musikari ospetsuekin abesten hasi zen. 2017an kaleratu zuen bere lehen diskoa, ‘A Social Call’, eta 2018ko Grammy sarietara izendatu zuten hari esker.
2020an izendapena errepikatu zuen, ‘Love & Liberation’ bigarren lanagatik. Orain arteko hirugarren eta azken diskoa ‘Dear Love’ da, eta bertan Nancy Wilson eta Betty Carter bezalako musikarien eragina nabaria da, baina gaur egungo jazzari begiratzeari utzi gabe.
Bestalde, ekainaren 30ean, Marc Ribot estatubatuarraren txanda izango da. Egungo jazzaren gitarristarik originalenetakoa da. Bere musika beti inprobisatua eta esperimentala, loturarik gabea, eta rock gordin, zuzen eta zaratatsuarekin bat egitea du helburu.
40 urte baino gehiagoko ibilbidean izen handiekin kolaboratu du, hala nola Tom Waits, Laurie Anderson, John Lurie, McCoy Tyner, Marianne Faithfull, Caetano Veloso, Norah Jones, Elvis Costello, T-Bone Burnett, David Sylvian eta Marisa Monterekin. The Jazz Passengers, Los Cubanos Postizos eta The Lounge Lizards moduko taldeekin jo du, eta John Zorn handiarekin kolaboratu du aldizka.
Getxora Ceramic Dog hirukotearekin iritsiko da, Shahzad Ismaily baxu jotzaile eta multi-instrumentista eta Ches Smith bateria jotzailea biltzen dituen free jazz eta punk-funk hirukotearekin. 'Party Intellectuals' lehen diskoa 2008an argitaratu zuen hirukoteak, eta, ondoren, ‘Your Turn’ 2013an eta ‘YRU Still Here?’ 2018an. 2021eko ekainekoa da orain arteko azken diskoa, ‘Hope’, eta lan berria aurtengo ekainean kaleratuko dutela iragarri da.
Al Di Meola
Azkenik, Al Di Meola uztailaren 1ean arituko da Getxoko 46. Nazioarteko Jazzaldian. «Gitarraren birtuosoa, bilaketa harmonikoak eta erritmiko ausartek oso nortasun berezia eman diote bere musikari, interpretazio zorabiagarritik sonoritate soilagorantz pixkanaka eboluzionatzen joan dena», adierazi dute antolatzaileek.
Bostongo Berklee College of Music ospetsuan ikasi zuen, eta ikasgela utzi eta Barry Miles-en boskotearekin hasi zen. 1974an, Chick Corea eta Stanley Clarke-n orkestran parte hartu zuen, eta bi urte geroago jazz-rock izarrekin kolaboratzen hasi zen, hala nola Jan Hammer, Steve Winwood, Jaco Pastorius eta Mingo Lewis-ekin.
1980ko hamarkadaren hasieran, mundu osoan zehar biran ibili zen hirukote arrakastatsua osatu zuen Paco de Lucia eta John McLaughlin gitarrista handiekin batera, ‘Passion, Grace & Fire’ albuma grabatuz. 1990eko hamarkadaren erdialdean, beste hirukote bat jarri zuen martxan, Jean-Luc Ponty biolin jotzailearekin eta Stanley Clarke baxu jotzailearekin.
Gainera, hainbat generotako artistekin ere kolaboratu du, besteak beste, Luciano Pavarotti, Paul Simon, Phil Collins, Carlos Santana, Steve Winwood, Stevie Wonder, Jimmy Page eta Steve Vai-rekin.
Beste izenak
Jazz jaialdiak aurretik iragarriak zituen Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimée abeslaria, Fred Hersch piano-jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile enblematikoa. Ordainezko kontzertuei Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, ‘Hirugarren milurtekoa’ atala eta familientzako kontzertuak gehituko zaizkie.
Guztira, 18 emanaldi izango dira hiru agertokitan, eta horietatik 8 doakoak izango dira. Getxo Jazzek jam sessions-ak ere hartuko du, baita genero horri buruzko argazki-erakusketa bat ere.
Egitaraua
Abonu-kontzertuei dagokienez (Muxikebarri, 21.00), Melissa Aldana (1988; Santiago, Txile) izango da aurtengo edizioa zabalduko duen artista. Saxofoi jotzaile gazteak jazzeko handiekin ikasi zuen, hala nola bere aita, Marcos Aldana, Joe Lovano edo Greg Osbyrekin. 2013an, Thelonius Monk Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen lehen instrumentista bihurtu zen kontinentearen hegoaldean, eta 2020an Grammy sarietarako izendatu zuten, Jazz arloko bat-bateko solo onenaren kategorian, ‘Elsewhere’ (2019) albumean sartutako konposizioetako baten interpretazioagatik. Getxon, Melissa Aldana (saxo tenorea), laukote formatuan arituko da ekainaren 29an Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadeyrekin (bateria) batera.
Hurrengo egunean, hilaren 30ean, ostegunean, Cyrille Aiméeren (1984, Fontainebleau) txanda izango da. Artista frantziar-dominikarra jazzaren eszenan proiekzio handiena izan duen ahotsetako bat izan da azken urteotan eta hala erakusten du nazioarteko sarien bilduma zabalak. Horien artean Montreux Jazz jaialdiko (2007) eta Sarah Vaughan International Jazz Competition (2012) lehiaketako lehen sariak nabarmendu behar dira. Halaber, finalista izan zen Thelonious Monk International Jazz Competition-en (2010). Inprobisaziorako joera handiarekin, azken urteotan musika-arlo formaletan murgildu da, Stephen Sondheim musikagileari eskainitako Move On-A Sondheim Adventure diskoaren eskutik, eta baita Adonis Rosek eta The New Orleans Jazz Orchestrak lagundutako Petite Fleur lanean ere.
Ostiralean, jaialdiaren erdialdean, Fred Herschen (1955, Cincinnati) arituko da. Artista estatubatuarra konpositore eta erreferentziazko hezitzailea da, eta inprobisatutako musikaren berezko piano-estilo adierazkorrenetako bat du jazzaren munduan. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Art Farmer, Joe Henderson, Charlie Haden eta Stan Getz bezalako artista handiekin hasi zena, bere belaunaldiko artistarik berritzaileenetako bat dela erakutsi du. Neo Bop ortodoxiaren ordezkaria, sari ugari jaso ditu eta Grammy sarietarako hamar izendapen ditu, baita jazz-argitalpen ospetsuenen aipamen garrantzitsuak ere. Hersch lehen figura gisa finkatu da, bakarreko errezitaldietan zein bikote eta hirukoteetan. Azken formatu honetan jardungo da Getxon, John Hébert kontrabaxu jotzailea eta Eric McPherson bateria jotzailea lagun izango dituela.
Laugarren egunean, jaialdiak Ron Carter (1937; Fermdale, Michigan) handiaren saioa hartuko du. Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbide luzearekin, jazz-eszenako baxu-jotzaile bikainenetako bat izan da musikari estatubatuarra, eta azken sei hamarkadetako generoko artista mitikoekin aritu da. Arrakasta Miles Davisen boskote bikainean (1963-68) sartzean etorri zitzaion, Herbie Hancock pianistarekin eta Tony Williams bateria-jotzailearekin batera atal erritmikoa osatuz, jazzaren historiara igaro den talde batean. Milesen taldea utzi ondoren, ibilbide pertsonal bati ekin zion, eta, horri esker, berrogeita hamar disko baino gehiago grabatu ditu bere izenean, berak gidatutako saioen artean edo musikari zerrenda luze eta amaigabe batekin lankidetzan. Getxon Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossley (bateria) izango ditu lagun.
Uztailaren 3an, igandean, Gonzalo Rubalcabaren (Habana,1963) eta Aymée Nuviolaren (Habana, 1973) erritmo kubatarren bitartez agur esango dio publikoari jazzaldia. ‘Viento y tiempo’ aurkeztuko dute, ‘El manisero’, ‘Bembá colorá’ eta ‘Lágrimas negras’ bezalako klasikoak biltzen dituen disko-omenaldia. Txikitatik lagunak izan dira Habana jaioterrian, eta ibilbide paraleloa egin dute. Dizzy Gillespiek aurkitua, Rubalcaba piano-jotzaile bertutetsua eta jazz afrokubatarraren erreferentziazko figura da egun, bi Grammy sari eta beste bi Grammy latinorekin. Nuviola, bestalde, Karibeko musikaren abeslari handien artean finkatu da, eta 2018 eta 2020an Latin Grammy bat eta Grammy bat irabazi zituen ‘Como anillo al dedo’ eta ‘A Journey Through Cuban Music’ lanekin, hurrenez hurren. Getxon, zortzikote formatuan arituko dira, kontrabaxu, saxo, bateria, perkusio eta bi koru-ahots biltzen dituen taldearekin batera.
Talde handien aurretik, Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak arituko dira eta, beste behin ere, publikoak Europako jazz gaztearen lanaz gozatu ahal izango du. Bestalde, doako eskaintzan Algortako Geltokia plazako ‘Hirugarren Milurtekoa’ ataleko kontzertuak (19.00), Lucía Fumero pianista eta abeslaria, Sensei Plays Avishai proiektua eta Gaur, Latitude eta Sumrrá bandak bilduko dira. Horiez gain, familientzako kontzertuak ere izango dira (Algortako Geltokia plaza, 12.30), Jazzbana Ensemble eta Kids Band Sedajazzen eskutik.
Aurten bada berritasunik, jazz jaialdiak gazteei zuzendutako aire zabaleko kontzertu bat eskainiko baitu. Hala, uztailaren 2an, larunbatean, Amaiaren emanaldia izango da Ereagako hondartzako aparkalekuan, 22.30ean doako sarrerarekin. Getxon aurkeztuko du bere bigarren lana, ‘Cuando no sé quién soy'.
Sarrerak online eros daitezke hemen.
Emplacement
Muxikebarri
Basagoiti Hiribidea, 77
Getxo. Bizkaia