Lurrama azoka: ‘Gaurko hautua biharko mundua’ (BERTAN BEHERA)

Date

12.11.20 - 14.11.20

Lieu

Lapurdi - Biarritz, Itsasu eta Donibane Garazi

lurra

Lurrama azoka azaroaren 12, 13 eta 14ean ospatuko da, baina, pandemiaren ondorioz, egitura eta kokapena aldatuko ditu. Azokaren irabaziak Euskal Herriko Laborantza Ganbarako urteko aurrekontuaren parte handi bat izan ohi dira, eta aurtengo edizioak ez duenez dirurik ekarriko, nekazaritza ganbara ekonomikoki laguntzea eskatu du.

Biarritzen milaka pertsona bildu ohi dituen Lurrama nekazaritza azokak, beste ekimen jendetsu guztiak bezala, bere plangintza aldatu behar izan du. Aitzina segitzea deliberatu badute ere, mintzaldi eta zinema gaualdietara mugatuko da programa, ‘Gaurko hautua biharko mundua’ izenburupean.

Kokagunea ere aldatu du: aurten ospatuko da Donibane Garazin (azaroaren 12an), Biarritzeko Casinoan (13an) eta Itsasun (14an).

«Egitarau xume eta arina izanen bada ere, gogoetaz pisua eta aberatsa» izanen dela baieztatu du Iñaki Berhocoirigoin Lurramako lehendakariak. Edizio honek izango duen xedea nabarmenduz gaineratu du: «Problemak badira eta, horren parte bagara, konponbidearen parte ere bagara».


Elkarren bateragarriak diren Lurrama eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) arteko lotura ideologikoa eta estrategikoa izateaz gain, ekonomikoa ere bada. «Jende bera gara eta xede berak ditugu, eta aurten lotura hori nabarmendu nahi izan dugu, Ganbarak ezin izanen duelako bere proiektua garatzeko Lurramaren ekarpen ekonomikoa izaten ahalko, eta horrek bere lana arriskuan ematen ahal du», azaldu du Berhocoirigoinek. 



EHLGko bulegoko kide Panpi Olaizolak egungo egoera «larritzat» definitu du, eta bere agerraldiaren xedea argiki adierazi du: «Dei egitera heldu gara, gure lana segitu ahal izateko. Kaltetuak izanen gara, eta orain arte egiten dugun lanarekin segitu ahal izateko etorkizunean laguntza beharko dugu».

Horretarako diru bilketa kanpaina bat eramanen dute, bereziki azaroan zehar, baina jada Laborantza Ganbarako webgunean sartuz emaitza egiten ahal da, eta ondoren ere egiten ahalko da.



Aurtengo programa bi gaualdi eta egun bateko informazio eta gogoetarako hitzordua osatuko dute. Lehena azaroaren 12an eginen da, Donibane Garaziko Vauban zinema gelan. Damien Gameauren ‘2040’ filma eskainiko da, non errealizadoreak hurrengo belaunaldiaren inguruko kezka agertzen duen.

Ondoren, EHLGko Beñat Molimoserekin eta Txetx Etcheverry Bizi!ko kidearekin solasteko parada izanen da.



Biharamunean Itsasuko Sanoki gelan, EHLGk proposatutako mintzaldia izanen da, laborari eta hautetsien eskutik. Ganbarako kide Patxi Iriartek eta Maryse Cachenaut laborari eta, Lurzaindiako kideekin batera, Martine Bisauta, Bruno Carrere eta Isabelle Pargad Euskal Elkargoko lehendakari ordeek hartuko dute parte. ‘Hazitik azitara: Nolako Ipar Euskal Herria 2050ean?’ izanen da gaia, eta bertan elikadura eta ingurumen mailan etorkizun osasuntsu eta orekatua izateko beharko litzateken laborantza eta lur antolaketari buruzko gogoeta eramanen da. 



Egun nagusia azaroaren 14a izanen da, larunbatarekin, eta programazioaren lehen partea Biarritzeko Casinoan iraganen da. Edizio honetako ugazaita izanen den Dominique Bourgen bideo konferentzia batekin abiatuko da programazioa. 11:00etan ‘Mikrobioen eragina laborantzan, elikaduran eta gure osagarrian’ mintzaldia aurkeztuko du Marc-Andre Selossek, eta, behin amaituta, bere liburuak izenpetuko ditu. botanikan eta mikrobioetan aditua den biologoak.

14:30etan ‘Biharko elikaduraren segurtasuna bermatu’ izenburupean elikaduraren burujabetza izanen dute hizpide Aurelie Trouve Attac Franceko lehendakariak eta Nicolas Girod Confederation Paysanne sindikatuko bozeramaileak. 



Azokari amaiera emateko, kostaldeko hiriko Royal zinema aretoan ‘2040’ filma aurkeztuko dute berriz, eta, ondoren, EHLGko Panpi Olaizola eta Bizi! mugimendu ekologista eta altermundialistako kide batekin solasteko parada izanen da, norberak bere esperientziatik abiatuta, egungo errealitateari buruzko eta egiten ahal denari buruz eztabaidatu eta gogoeta egiteko.



Aurtengo ugazaita, Ipar Euskal Herrira hurbildu ahal izanen ez bada ere, Suizako etxetik mintzatuko da larunbatean, eta bere sostengu guztia erakutsi nahi izan dio Lurramari. Dominique Bourg filosofo frantses-suizarra da, Laussanneko unibertsitateko ohorezko irakaslea eta ingurumen arloko aditua.

Emplacement

Biarritzeko Casinoa eta beste leku batzuk
1 Avenue Edouard VII, 64200
Biarritz, Itsasu eta Donibane Garazi. Lapurdi

Liens

Lurrama