‘Maddiren trajeria’ pastorala Bergaran taularatuko dute Xaretako herritarrek martxoaren 25ean

Date

25.03.23

Lieu

Gipuzkoa - Bergara

Astelehen honetan egin da aurkezpena Bergaran.
Astelehen honetan egin da aurkezpena Bergaran. (BERGARAKO UDALA)

‘Maddiren trajeria’ Gipuzkoara iritsiko da. Bergarara, zehazki. «‘Maddiren trajeria’ pastorala Bergarara ekartzeko proposamena jaso genuenean ez genuen zalantzarik egin, jasotako proposamenagatik eskertuta, eta bergararrei aukera hau eman ahal izateagatik pozik gaude», adierazi du Gorka Artola alkateak astelehen honetan egindako aurkezpen agerraldian.

Martxoaren 25ean, 17.00etan, taularatuko dute Xareta eskualdeko –Ainhoa, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi– herritarrek Maddiren trajeria pastorala, joan den udazkenean Zugarramurdin eta Saran eskaini ondoren.

Egun horretan bertan, 12.00etan, desfilea egingo dute herritik barrena pastoraleko kideek. Ibilbidea hau izango da: Pilotalekua, Ibargarai, Irala, Gasparreko bidegurutzetik gora, Barrenkale, San Martin plaza eta Munibe Plazan bukatu.

Pantxika Urruti errejentea eta Kote Agerre arizalea pastoraleko kideak, Kristina Marina Kultura zinegotzia eta Maider Osa Udaleko kultura teknikaria egon dira aurkezpenean alkatearekin batera.

Tradizio handia dute Bergaran antzerkiak, musikak, antzerki musikatuak... Bergara Antzerki Musikala da horren adibide, Artolaren esanetan. «Arrakasta handia duena, oraingo ‘Bretxa’ musikala kasu. Herriko jende askok parte hartzen du antzezle lanetan, baina ikaragarria da ikusleen aldetik duen harrera ere», esan du.

Bergaran kultura sorkuntza handia eta askotarikoa dela esan du, «eta nahi dugu Euskal Herrian sortzen denak gure herrian lekua izan dezan», gaineratu du.

Harremanak sendotu

Halakoek, gainera, herrien eta herritarren arteko harremanak sortzeko eta sendotzeko ezinbesteko aukera direla azaldu du Artolak.

Herritarren arteko harremanen inguruan aritu da Kote Agerre ere. Xaretako lau herriak txikiak izanagatik ere, «bakoitza berera bizi da, eta esperientzia honek elkartu egin gaitu».

Pantxika Urrutik pastoralaren nondik norakoak azaltzearekin batera, bereziki nabarmendu nahi izan du haurrak egiten ari diren lana, hartzen ari diren espazioa, egin duten ahalduntzea.

Larraineko herritarrek 2011. urteko San Martin jaietan, Telesforo Monzon hil zeneko 30. urteurrena ospatzen zela, Monzon Pastorala erakutsi zuten Bergaran, arrakasta handiarekin. «Kultur emanaldiaz harago, giro polita sortu zen, harremanak sortu ziren eta aberasgarria izan zen. Larraineko herritarrekin egin genuen moduan, orain ere, Xareta eskualdekoekin harremanak sendotzeko izango delakoan gaude. Kulturaren bitartez herria egiteko modu bat da hau», iritzi dio Kristina Markinak.

Piarres Lafitten bertso-zaharrak

Maddi, oreina bilakatu zen neskaren istorioa kontatuko digute Xareta eskualdekoek Maddiren trajeria pastoralean.

Piarres Lafittek 1965. urtean aurkitu zituen bertso-zahar batzuetan dago oinarrituta istorio hau. Bertso-zahar horien egilea ezezaguna da, baina uste da baxe-nafartarra izan zela. Dena dela, 1985. urtean hil zen Piarres Lafitte, eta beraz, bertso horien aurkikuntzaren zehaztasunen inguruan ez dago informazio gehiago.

Maddi, oraina bilakatu zen neskaren ipuina, ezaguna da Europa osoan. Uste da XVIII. eta XIX. mendeen artean idatzia izan zela, eta Eskandinaviatik sartu zela Iberiar penintsulan. Baina Euskal Herrian agertu ziren bertsoen jatorriaren inguruan ez dago ezagutza handirik, eta hainbat iritzi daude.

Maddi neska gaztea orein bilakatu da Pazko arratsean Sorginen Bidean. Hortik aurrera, egunaren argiak irauten duen bitartean piztia izango da, baina ilunabarra iritsitakoan berriro neska bihurtuko da. Maddiren ama ohartu da alaba sorginkeria horretan eroria dela. Egun batez, ama ohartu da etxeko txakurrak falta direla, eta txakurrek Maddi hil dezaketen beldur da ama. Hori dela-eta Jakes semeari esan dio oihanera joateko txakurren bila, eta amari kasu eginik, oihanera abiatu da Jakes. Han etxeko txakurrak aurkituko ditu, alboan oreina jada hilik dutela. Jakesek ehizakia hartuko du, gero etxean afaltzeko, bere arreba dela sumatu gabe. Behin etxean dela, Maddiren ahotsa entzungo du, ‘afal, afal, Jakes!’ esaten diola. Bi anaia arreba horien amak, trajeria ezagutu eta burua ezin altxaturik, bere burua hilko du labana bihotzean iltzaturik.

Istorio hau Xareta eskualdeak pastoralera eraman zuen 2021. urtean. Era berean, Xareta eskualdeko istorioak ere gehitu zizkioten: kontrabandoa, guardia zibilak, sorgin-ehiza, inkisidoreak, epaileak...

Haizea taldeak istorioa abesti bihurtu eta diskoan grabatu zuen 1977. urtean, gerora Jean Mixel Bedaxagarrek eta Benito Lertxundik egin zuten bezala.

Pastoralerako sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai hamabost euroan seminarixoa.eus atarian, Seminarixoko txarteldegian asteazkenetan 18.00etatik 20.00etara, eta aurretik denak saltzen ez badira, egunean bertan 16.00etatik aurrera pilotalekuan.

Bestetik, pastorala hobe jarraitzeko liburuxkak egunean bertan saltzeaz gain, aurrez Seminarixoko txarteldegian ere egongo dira eskuragarri bost euroan.

Gerardo Mungia ‘Pintxe’: «Alegia, fabula edo fable da»

«Kantu zahar horretatik abiatuta, zazpi kantore berri (ia denak baladak) nahiz 200 bertset baino gehiago idatzi behar izan nituen buruan nuen istoriaren kontatzeko. Zazpi abesti horiez gain, ‘Mayi oreina bilakatu neskak’ eta ‘Azken kantoreak’ (hau Amets Arzallusek idatzia osatzen dute pastoral honen kantutegia. Abesti horiek guztiak, Fermin Iriarte, Jexuxmai Lopetegi, Jabier Perez de Azpeitia eta Errege Beldaren konposatutako musikaz ederki blaituak izan dira, bai eta Marilys Dagerrek arizaleen ahotsak finki zuzenduak ere», azaldu du Gerardo Mungia ‘Pintxe’-k, pastoralaren idazleak.

«Parte-hartzaile batzuek aholkatuta (nola ez aipa Koro Irazoki), Xaretako hainbat gertakari historikoak ere ekarri dira taula gainerat, baina dagoeneko biziki ezagunak diren haraneko sorgin-istorioetan setatu gabe. Beraz, kasu! Ez da nahastu behar bertso zaharrek kontatzen digutena, pastoralak kontatzen duenarekin. ‘Maddiren trajeria pastorala’ ‘alegia, fabula edo fable’ bat da, eta ez bertso zahar horri buruzko tesi bat. Benetako fikzioa da, eta erran behar dut, honek, idazteko orenean libertate handia ekarri didala», erantsi du Mungiak.

Ikusgarria oholtzara eramateko garaian eskualdeko bultzatzaile anonimoak nabarmendu ditu Mungiak, eta hauekin arizaleak, musikalariak, jostunak, zurgina, teknikariak, apaintzaileak eta bolondres talde handia. «Bestalde, aipamen berezia merezi du Allande Izalek, dantza bikain bezain dotoreen sortzaile eta eramaileak (Pierre Latasa eta Garbiñe Azpitarteren laguntzarekin), bai eta Patrick Calvetek ere, musika-zuzendaritzan (eta gehiago) eginiko lan erraldoiagatik. Beronik Ondikolak zuzendu du jostun-taldea. Artalan honen gidaria Pantxika Urruty izan da, haren pilpiren erritmoan hain kolektibo anitza (haurrak, gazteak, gazte ohiak, xaharrak, ... eta abar luzea) mugiaraztea lortu duen errejentsa».

«Maddi hau imajinatu dut ‘irudimenezko Ametsen mundurat joatera laguntzen gaituen nerabe edo emazte gaztea’; behin ametsen munduan sarturik, gizaki izatetik oreina izatera, hots, nerabe izatetik gazte izatera iragaiten den neskatila managaitza (amari men ez egitea bizia kostako zaio). Hartara, nerabezaroan orok ditugun jakinminek, ondikoz, eramanen dute heriorat», azaldu du Mungiak.

«Maddik sentimendu onak eta maitasun anitz ukaiten ahal ditu bere baitan, baina bizitzearen oihanpean sarturik, bere biztanleetako bat bezala, dorpetasunaren aitzinean sentimendu horiek hutsalak direla onartuko da, berantegi maleruski. Euskal pertsonaia mitologikoak, eta amodioa ere, ezagutuko ditu mundu ameslari horretan (Gaueko, Gauargi, Inguma, iratxoak...), non urratu gabea izatetik, sexuaren ezagutzera pasatuko baita», gaineratu du.

Maddiren aurrean, Jakes anaiak egiazko mundua irudikatu du. «Ehiztaria da eta, ondorioz, ez du naturan kausitzen Maddik ikusten duen bezainbait poesia. Manakor, amari men eginen dio, nahiz eta, bere hitzetan, sinetsia ez izan. Amari erraten dio: ‘nola sinets (oreina) Mayi daitekeela?’. Usantza zaharrak defendatze tenorean, beti lehen lerroan, Jauntxo eta Inkisidoreri aitzin eginen die».

Emplacement

Udal Pilotalekua
Fraiskozuri Plaza, 1
Bergara. Gipuzkoa