Martin Ugalderen bizitza eta lana biltzen duen erakusketa Bilbon jarri da ikusgai

Date

07.10.21 - 27.10.21

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Aurkezpenaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Martin Ugalde jaio zela 100 urte beteko dira datorren azaroaren 11n, eta idazle eta kazetaria gogoratzeko abian dira hainbat ekimen. Aipagarria da Martin Ugalderen bizitza eta bere ekarpena bilduko dituen erakusketa. Hondarribian abiatu zuen ibilbidea eta Donostiara egin zuen jauzi gero.

Bilbora iritsi da orain, ostegun honetan ireki ditu atean Bizkaia Aretoko Chillida erakusketa aretoan. Urriak 27a arte zabalik egongo da bertan. Astelehenetik ostiralera irekita egongo da, 10.00etatik 20.00etara.

Erakusketak lau atal nagusi ditu. Batetik, sei ataletan banatu diren paneletan, bere bizitza eta obra ezagutuko ditu bisitariak hainbat argazkiz lagunduta. Ugalderen biografia; bere ekarpena politikan, literaturgintzan zein kazetaritzan; Martin Ugalde eta bere izena daraman Andoaingo parkea eta Ugalde euskaltzalea.

Horrez gain, bitrina batean Andoaingo udalak bere funtsetik utzitako zenbait elementu ikus daitezke: Ugaldek eskuratutako sarien diplomak, berak elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua…

Proiekzioa izango da uneoro ikusgai eta entzungai aretoko panel batean. Bertan, ETBk 1992. urteko ‘Ispiluan’ saioa ikusi ahal izango da. Ugaldek, bere azken urtetan, bere bizitzaz eta lanaz hitz egiten du bertan.

Azkenik, mahai batean Ugaldek bai kazetaritza, bai literatur alorrean idatzitako hainbat liburu jarri dira ikusgai. Familiak utzitako liburuak dira.

Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Ugalde Martinen semea, Lore Bilbao Euskara eta Kultura diputatua, Bea Zabalondo Bizkaiko Campuseko Euskera eta Kultarako Zuzendaria, Miren Ibarluzea EHUko Kultura zuzendaria, eta Joanmari Larrarte, Martin Ugalde kultur parkeko ordezkaria.

Joanmari Larrartek bere poza erakutsi du: «oso eskertuta gaude mendeurren hau Ugaldek nahiko zuen eran antolatu dugulako, eragile asko eta diferentean arteko elkarlanean. Eta oso eskertuta akademiak ere bat egin duelako. Eskerrak berriro ere Euskal Herriko Unibertsitateari», adierazi du.

Miren Ibarluzea EHUko Kultura zuzendariaren esanetan «Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetako lehen artikuluak dio kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza zabalduko duela gizartean, eta euskal kultura bultzatuko duela bereziki. Izaera eta helburu horiei bete-betean erantzuten dien erakusketa da Bilboko Bizkaia Aretoan ikusgai jarritakoa: kazetari, idazle, politikari eta kultur eragile unibertsala izan zen Martin Ugalde, egungo euskal kultur sistema osatzen duten egituren oinarri. Martin Ugaldek emandakoa zabaltzea dugu helburu».

Ondoren Andoainen ikus ahal izango da, azaroaren 5etik abenduaren 4ra, Bastero Kulturgunean. Behin erakusketak bere ibilbidea amaituta, panelak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira jendaurrean.

Hitzaldi zikloa ere iragarri da. Urrian zehar, hainbat hitzaldi antolatuko dira, Martin Ugalde eta haren lana aztertu eta gizarteratzeko asmoz: literaturan, kazetaritzan, politikan eta ‘Euskaldunon Egunkaria’n Ugaldek egindako ibilbidea eta haren ekarpena.

Urriaren 14an Nerea Azurmendi arituko da ‘Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria’ izenburupean. Hilaren 21ean Iñaki Uriak hartuko du hitza ‘Martin Ugalde eta Egunkaria’ saioan. 28an Laura Mintegik ’Euskal Pen: Martin Ugaldeern garaia Pen-en begiradatik’ hitzaldia eskainiko du. Eta azaroaren 4an Anjeles Iztuetaren txanda izango da. ‘Martin Ugalde eta politika’ izenburupean arituko da. Saio denak Martin Ugalde Kultur Parkean dira 19.00etan. Youtube bidez ere jarrai daitezke.

Azkenik, azaroaren 8an Anjel Lertxundik ‘Martin Ugalde: exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan’ hitzaldia eskainiko du 19.00etan Donostiako San Jeronimo aretoan, Literaktum jaialdiarekin elkarlanean. Youtube bidez ere jarrai daiteke.

Ugalderen lan publikoaren digitalizazioa eta sareratzea ere iragarri dute. «Dudarik gabe, hauxe da mendeurrenak egingo duen ekarpenik handiena. Martin ugalderen lanaren parterik handiena duela urte batzuk Jakinek digitalizatu zuen. Digitalizazio hartatik abiatuta, osatu eta txukundu egingo da eta webgune batean jarriko dira bere lan argitaratu guztiak», kontatu zuten aurkezpenean.

Emplacement

Bizkaia Aretoa
Abandoibarra, 3
Bilbo. Bizkaia