Torturaren inguruko zinema zikloa antolatu du Mikel Zabalza Gogoan ekimenak

Date

13.01.23 - 22.04.23

Lieu

- Aribe

Amaia-Merino
Amaia Merino da, Miguel Angel Llamasekin batera, ‘Non dago Mikel?’ filmaren zuzendaria. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak torturaren gaiaren inguruko zinema zikloa antolatu du, ‘Inoiz ez berriro’ izenburupean. Lau film eskainiko dituzte, Aezkoako Batzarraren eta Auritzeko Udalaren laguntzarekin. Zuzendariek emanaldi guztietan hartuko dute parte. Ostiral honetan izanen da, urtarrilak 13, lehenengo saioa, Aezkoako Etxean, 19.00etan hasita.

‘Bi arnas’ (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022) eskainiko dute bertan. Torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eman ez den elkarrizketa bat. Historia honetan bi arnas kontatzen dira: Iratxe Sorzabalena eta bere ama Mari Nieves Diazena. Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera.

Otsailaren 10ean, Aurizko kultur etxean, 18.00etan, ‘Non dago Mikel?’ emanen dute (Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino, 2020). 1985eko azaroa da. Guardia Zibilak, ‘terrorismoaren kontrako’ operazio baten barrenean, Mikel Zabalza atxilotu du, autobuseko gidari gazte bat, beste pertsona batzuekin batera. Gainerako gazteak askatu dituztenean, tortura basatiak jasan izana salatu dute. Baina Mikel falta da. Agintariek ihes egin duela esan duten arren, bizirik aurkitzeko esperantza ahuldu ahala, Euskal Herriko kaleetan oihu bat adituko da gero eta ozenago: ‘Non dago Mikel?’.

Martxoaren 10ean, Aurizko kultur etxean, 19.00etatik aurrera, ‘Karpeta urdinak’ (Ander Iriarte, 2022) ikusten ahalko da. Anderrek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Lakuako Gobernuak Bake eta Bizikidetza Planaren barruan egindako torturaren eta tratu txarren ikerketa proiektua ezagutuko du, 1960 eta 2014 bitarteko gertaerak biltzen dituena. Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko dizkiote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa eta hurbilketa estatistikoaren gisako kontzeptuak.

Apirilaren 22an, Aezkoako etxean, 19.00etan,  ‘S(u/a)minetik bakera’ (Iñaki Peña, 2017) eskainiko da. Bi alaba, bi dolu eta bi lekukotza. Aita galdu osteko dolua eta mina biltzen duen ikus-entzunezkoa da. Indarkeriaren biktimen dolu prozesua jorratu du. Bi lekukotza biltzen ditu: Olatz Etxaberena da bata, Batallon Vasco-Españolek (BVE) hildako Iñaki Etxaberen alaba, eta Sandra Carrascoren lekukotza da bestea, ETAk hildako Isaias Carrascoren alaba. Arrasatearrak dira biak, eta gorrototik bakera bitarteko bidea zelan landu duten kontatzen du obrak.

Sarrera librea da. Ez da txartelik erosi behar.

Emplacement

Aezkoako Batzarra
C. Sta. María, 0
Aribe.