Artzai Larzabal naiz+ bloga

Aberri Eguna USAn

Musulman lagun batzuekin elkartu naiz eta ohiko eran, gure aberrien inguruan hizketan hasi gara. “uer ar yu from?” (Nongoa zara?), “Basque Country, norz espain” (Espainia iparraldean); “Oh! espain!”... Behin Spain entzuten dutenean, gainontzekoa berdin zaie, eta espainoltzat hartzen naute. Holakoxe errez, besterik ulertzen saiatu gabe.

Baina bi lagun hauekin pixka bat gehiago hitz egiteko aukera eduki dut. Ea nongoa naizen galdetu didatenean, gure herriari buruz azalpen bat ematen saiatu naiz, ez garela espainiar sentitzen eta gainontzekoak. Berebereen simila jarri diet, nola marokiar Estatuak ez dien bereberei eurak nahi dutena izaten lagatzen, nahiz eta berebereak marokiarrak ez sentitu. Hori ulertu dute, ezagun egin zaie, eta orduan hasi dira galderak.

Nahiz eta errege berbera eduki edo presidente berberaren agindupean egon, euskaldunek ez dutela sekula espainiarrekin zerikusirik izan azaldu diet, sustrai ezberdinak ditugun bi herri garela, bata Estatu bilakatu dena, eta bestea ez. Baina ez zuten erabat ulertzen ezberdintasuna eta orduan, euskaraz hasi natzaie.

Bietako batek gazteleraz ulertzen du, eta hizketan hasi naizenean, zerbait ulertu duenaren aurpegia jarri du, baina ez. “Kaixo, zer moduz zaude?” batekin txunditu ditut. Erabat ezberdina iruditu zaie, sekula entzun gabeko zerbait. Eta horrek poztu egin nau. Orduan konturatu naiz. Euskaraz egin ez banie, ez zuten benetan espainiarrengandik zein ezberdinak garen ulertuko; ez zuten horren beharrik, euren aurreiritzia nire edozein hitz baino indartsuagoa zen. Baina euskaraz egin diet eta euskarak euren ulermenerako ateak ireki dizkit. Gure herria ezagutarazteko giltza izan da euskara, beste behin.

Badakit euskaldun asko daudela, euskaraz jakin ez arren, edo euskararik erabili ez arren, euskaldun sentitzen direnak. “Eta errespetatzen dut, baina ez dut konpartitzen”. Euskararik gabeko euskalduntasuna defendatzeko milaka argudio erabili daitezke, guztiak zilegi, baina defentsa horren aurrean, beste milaka argudio aurkituko dituzte, euskalduntasuna asmakuntza bat dela esateko, euskaldun izateak zentzu berezirik ez duela argudiatzeko edota euskaltasuna espainiartasunaren edo frantziartasunaren barneko beste berezitasun bat dela azaltzen saiatzeko. Guztia diskurtsora mugatu nahi dute eta xake taula horretan, diskurtsoak diskurtsoa garaitu dezake. Zailtasunik gabe.

Euskararen aurrean ordea, ez dute zereginik. Gaur egun Euskal Herriak zer izan zen eta zer izan nahi duen erakusteko daukan froga fisiko bakarra da euskara, eta euskarak bizirik irauten duen bitartean, ezingo dute euskaltasuna sekula ukatu. Hori da zinez, gainontzekoengandik ezberdintzen gaituena. Sentimenduak ditugu bai, baina sentimenduak ezin dira demostratu. Euskara bai.

1933an Donostian ospatu zuten Aberri Egunaz oroitu naiz. Jarri ditudan argazkietan (http://kaixo.blogspot.com/) jende pila bat ageri da, guztiak egun berbera, ikurrin berbera eta hizkuntza berbera ospatzen. Nire Aberri Eguna, askoz xumeagoa izan da. Hiru lagun bildu gara bakarrik, eta euskaldun bakarra ni nintzen. Baina tira, gure Aberri Egunak zerbaitetarako balio izan du: orain munduan Euskal Herria ezagutzen duten bi pertsona gehiago daude.

Aberri Egun arrakastatsua izan dela esango nuke, USAn ospatu duguna.