Naiz+ Naiz+

#AltsasukoakAske, urte bat espetxean

Bihar, azaroaren 14an, 365 egun beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Altsasuko zenbait gazte espetxeratu zituztenetik. 2016ko urrian, herriko festetan, ordu txikietan bi guardia zibil eta euren bikotekideekin herriko Koxka tabernan izandako istiluan jazotakoa oinarri, 11 lagun atxilotu eta auziperatu zituzten armen Lamela epailearen aginduz. Horietako batzuk espetxeratu egin zituzten, eta gaur egun, urte beteren buruan, horietako hiru espetxean daude oraindik, euren herrietatik 500 kilometro ingurura, epaiketaren zain

Ahotsa.info komunikazio proiektuak urte luze honetan gazteei eta euren senideei babesa eta elkartasuna adierazteko keinuak bideo batean bildu nahi izan ditu. Asko eta askotarikoak izan dira auzi honen aurka altxatu diren hitzak eta egin diren ekimenak. Manifestaldi jendetsuek hamaika aldiz zeharkatu dute Sakanako herria eta musika, artea ala jaia lagun ekimen ezberdinak egin dira auzia salatzeko.

Elkartasuna non-nahi

Udaran adibidez, euskal hiriburuetako jai nagusietan mobilizazioak egin ziren Altsasuko gazte auzipetuen eta euren familien alde eta elkartasun dinamika horrekin bat, Askapena talde internazionalistako kideek argazkia atera zuten Evo Morales presidentearekin. Altsasuko gazteen aldeko banderola batekin ageri ziren, osasun azoka batean.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe zigor eskaera egin du gazteetako zortziren aurka. Beste biak adingabeak dira, eta haien aurkako eskaeren zain daude.