Naiz+ Naiz+

Askapenaren 30 urteak ospatzeko soinu banda

Urriaren 7rako Berriozarren jarri du hitzordu nagusia Askapenak bere 30. urteurrenaren harira. Hara begira, hiru hamarkadako bide honi soinu banda jarri dion abestia kaleratu du berriki. La Jodedera taldeak egin du abestia eta Oihana (Afu) eta Odei (2zio) kolaboratzaile lanetan aritu dira. 

Abestia deskargatzeko moduan jarri dute sarean [Mp3Ogg] eta goian ikusgai duzuen bideoaren bidez hedatu dute.

Bideoan Askapenaren ekimena agertzen duten irudiak ageri dira, baita nazioartean Euskal Herriarkeiko izandako elkartasun keinuak eta gurean nazioarteko herrien borrokekin izandakoak, abestiak dioen moduan «joan etorriko elkartasunez mundu berri bat eraiki» asmo baitu eragile internazionalistak.

Hegoameriketako hainbat herritako borrokak ageri dira bideoan, Kuba ere bai eta Palestina, Sahara... Tartean Askapenaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatu zuten epaiketa eta honen aurka antolatutako protesta eta ekimenak ere ageri dira. 

Urtez urte egin ohi dituzten brigaden protagonistak ere ageri dira, brigaden helmuga lekuetakoak eta horietan joan ohi diren brigadistenak. 

Brigaden jarraipen berezia

Urteroko moduan aurten ere dozenaka euskal herritar joan da batera eta bestera bertako borrokak ezagutu eta hemengoaren berri ematera. Brigadistak eurek igorri ohi dituzte bizitzen ari diren esperientziaren inguruko kronikak eta horiek jasotzen ari gara... #Brigadak17 etiketan topatuko dituzue orain arte jasotako denak. 

Denak itzulita, urriaren 7an Berriozarren izango da 30. urteurrenaren ospakizuna.