Naiz+ Naiz+

Bost izarreko ohea Donostiako Paseo Berriko arroketan

Honelaxe aurkitu dituzte gaur goizean Donostiako Paseo Berriko kai-muturrean arroka baten gainean zerraldo lo zeuden bi turista, bezperako parrandan bukatu gabeko auskalo zenbatgarren ginebra botila ondoan zutela. Bata besteari arrimatuta eta edalontzia eskuartean, harritzarraren gainean amets gozotan ziren bi kanpotarrak eguna esnatu denean.

Inork ez daki noiz eta nola –bustita, seguru– iritsi diren hara baina eragin duten ikusmina eta zalaparta ez da nolanahikoa izan.

Udaltzain bat saiatu, saiatu da bi loti ederrak urarekin esnatzen, baina alferrik.

Suhiltzaileak ere bertaratu dira, arroketatik nola erreskatatu asmatu nahian.

Bien bitartean, inguruan pilatu den jendea, klik eta klik. Argazki eta bideo, whatsapp zein sare sozialetan berehala hedatu dira.

Azkenean, esnarazi ondoren –ez dakigu nola–  garabi baten laguntzarekin atera dituzte biak. Parranda merke aterako zitzaien Easo Ederrean!