Naiz+ Naiz+

Brasilgo MST mugimenduaren okupazioa, Askapenaren begietatik

Brasilgo Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen digu Askapenak, izan ere, iazko udaran Brasilera bertaratutako brigadistek filmatutako irudiekin ekoiztutako bideoa zabaldu du sarean. Zehazki, Saco do Céu etxaldearen okupazioa ikusi daiteke bideoan eta Askapenak adierazi bezala, ikusleak okupazioaren eta kanpamentua eraikitzearen testigu bilakatzeaz gainera, Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduaren barne antolaketaren adibidea ere da bideoa.

MST mugimenduak ia hiru hamarkada daramatza landa eremuko erreforma ezartzea aldarrikatuz. Askapenak gogora ekarri moduan, Brasilgo Konstituzioan erreforma jasota dagoen arren, ia 120.000 nekazari familiek ez dute lurra lantzeko aukerarik ere. Lurrak modu justuago batean banatzeko borroka horretan, etxaldeen okupazioa ohiko borroka moldea da Brasilen.

Bien bitartean, martxoa amaiera arte zabalik da aurtengo Brigadetan parte hartzeko epea.