Naiz+ Naiz+

Dena prest, Euskal Herriko mus finalerako

Euskal Herriko Mus Txapelketaren final handia larunbat honetan izango da, Zuberoakoa Urdiñarbe herrian. Bertan, Euskal Herri osoko zazpi herrialdetako 128 muslari onenak lehiatuko dira eta arratsalde partean ezagutuko dugu Euskal Herriko Txapeldunak zein izango diren.

Azarotik urtarrilera 250 herri baino gehiagotan jokatu dira kanporaketak, izan ere, aurtengoan Euskal Herri osoko ia 2000 bikotek parte hartu dute. Otsailaren 20an, aldiz, zazpi herrialdetako kanporaketak jokatu ziren eta bertan sailkaturiko muslari onenen eskura izango da larunbatean Euskal Herriko txapela.

Naiz Plusen Euskal Herriko Mus Txapelketaren jarraipen berezia egin dugu eta mapan, herrietako kanporaketan eta herrialdeetako finalen emaitzak, argazkiak eta bideoak ikusi daitezke. Post honetan ere, Nafarroako eta Arabako finalen bideoak ikusi daitezke.

Urdiñarneko finala goizean goizetik abiatuko da. Goizeko 9.00tarako Urdiñarbeko Udaletxera edo Herriko Etxera bertaratu beharko dira muslariak eta izen ematearekin batera kafe goxoa izango dute zain. Izena eman ondoren ekitaldia burutuko da herriko plazan, eta bertan izango dira zazpi herrialdetako txapeldunak.

Goizean zehar ligilla eran jokatuko dute, taldeka banatuta eta guztiak guztien aurka arituko dira. Zeregin horretarako Euskal Herriko Mus Federazioak ahalik eta talde anitzenak osatu ditu, talde bakoitzean herrialde ezberdinetako muslariak izango direlarik. Goiz erdian hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango dute muslariek zein ikusleek eta ondoren, bigarren faseari ekingo zaio. Talde bakoitzeko garaileak elkarren artean lehiatuko dira, nor gehiagotzea lortzen duenak aurrera jarraituko duelarik.

Eguerdian herri bazkariaz gozatzeko aukera izango dute sailkatzen diren bikoteek eta baita ikusle gisa bertaratu eta txartela erosten dutenek ere. Bazkaria Xistera ostatuan izango da, txarangak girotuko du eta bazkalondoan Euskal Herriko abestiez gozatzeko aukera paregabea izango da.

Arratsaldean nor gehiagoka izango da berriz. Xixtera ostatuan burutuko da eta 8 bikoteen artekoa izango da. Arratsaldeko azken ordurako Euskal Herriko Txapeldunak zein izango diren ezagutu eta bertan egingo da sari banaketa.

Mus txapelketa azken txanpan sartu da, herrialdeetako finalak jokatuta

Martxan, Euskal Herriko VIII. Mus txapelketa