Naiz+ Naiz+

Euskal eta andaluziar dantzen eta musiken fusioa

Euskal eta andaluziar kulturak nahasten dituen ikuskizun honek askoren arreta erakarri du egunotan. Bideoa ez inolaz ere berria. Izan ere, 2015. urtean San Miguel Ligako Euskadi-Basque Country III. Bandera Malagan jokatzen zela probestuz Euskal Herria norako turistiko gisa aurkezteko Lakuako Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak egindako ekitaldian grabatua izan zen. Aukeran taldeko dantzariak dira, Malagako erdigunean, euskal eta andaluziar dantzen eta musiken fusioa erakusten duen koreografia honen egileak.

Sare sozialek euren logika berezia dute eta oharkabean pasatako ikuskizunak, bat-batean berreskuratu eta biralak bihurtzeko gaitasuna dute. Facebookeko Juan Ibasque erabiltzailea da bideo honen arrakastaren erantzule. NAIZi aitortu dionez, nongoa eta noizkoa den ezagutu gabe, ederra zelakoan partekatu zuen Facebooken joan dena azaroaren 19an. Ordutik, ia 200.000 aldiz ikusia eta 3.266 aldiz izan da elkarbanatua Facebooken eta wasaap moduko sare sozialetara ere jauzi egin du.