Naiz+ Naiz+

Gazte Danbada, musikari gazteak hauspotuz

Bihar aurkeztuko dute Gazte Danbada. Laudion egingo dute agerraldia eta bertan aurkeztuko dute Laudion bertan, Martxoaren 25ean hasi eta 28ra bitarte, egingo duten ekimenaren egitarau oparoa.

Antolaketa lanetan murgilduta daude orain Aintzina eta Ernai gazte antolakundeak eta horren lekuko Barrura Begira izenburupean ekoiztu dituzten bideoak. Honakoan, hirugarrenean, eszena gazte, berritzaile eta eraldatzaile bat badela jarri nahi dute agerian. Hori bada Gazte Danbadaren helburuetako bat eta bide horretan, 'Oholtza gainean bakerik ez!' ekimena jarri dute abian. Musika panorama astindu eta sortzaile gazteak ikusarazi nahi dituzte eta horretarako nahi duen talde orok izango du Gazte Danbadan jotzeko aukera.

Gazte Danbadara dei eginez ekoiztutako bideotan, militanteek antolakuntza ereduaren inguruan emandako hausnarketak plazaratzen dituzte. Lehen bideoan, ekimena posible egiten duten boluntario guztien zaintza zuten ardatz. Bigarrenean, aldiz, elikadura burujabearen alde egiten zuten.