Naiz+ Naiz+

‘Herejía’, Bogoroditsie abesbatzaren ikuskizun berria

Herejia from Bogoroditsie abesbatza on Vimeo.

Bogoroditsie abesbatzaren ikuskizun berria da ‘Herejía’. Ikuskizunak XV. mendean, Alonso de Mella frantziskotarrak sustatutako mugimendu heretikoaren kontrako jazarpena du oinarri.

Musika, antzerkia eta dantza uztartzen ditu ‘Herejía’ ikuskizunak, Ion Ugarrizaren zuzendaritzapean. Hiru diziplina artistikoak ezkonduz eta interpretazioa propio zainduz, giro berezia sortu eta bertan murgildu nahi da ikus-entzulea.

Ikuskizuna Durangoko Kurutzesantu museoan antzeztuko da urriaren 28an. Bi saio eskainiko dira: lehenengoa 19:00etan, eta bigarrena 21:00etan. Sarrera doan izango da.

Testua Josu Unzuetak idatzi du, eta antzezleak Ernesto Barrutia (inkisidorea) eta Alex García (sorgina) izango dira. Dantzaz eta koreografiaz Beñat Urrutia eta Unai Álvarez dantzariak arduratu dira. Klabikordiorako moldaketak Roberto Oviedok egin eta joko ditu. Eta ikuskizunean zehar entzungo diren 12 musika-konposizioak Amaia Urzainkik (lamia) eta Bogoroditsie abesbatzak abestuko dituzte.

1439. urtean, Alonso de Mella, Guillermo de Alvisa eta Ángel Tovar frantziskotarrak Durangora etorri ziren, eta otoitzaren eta karitatearen bidez, bikaintasuna lortzen zela aldarrikatu zuten. Amodio librea eta ondasunak elkarren artean banatzea zen legea, beti ere karitatearen izenean. Denbora gutxian, jarraitzaile ugari izan zituen mugimenduak. Baina elizaren eta erregearen legeak urratzen zituztela salatu zuten, eta Inkisizioa Durangora etorri zen. Prozesu anker eta bortitz baten ondorioz, berrogei durangar baino gehiago epaitu zituzten; haietako hamaika erre egin zituzten, eta beste zazpi emakumeren gorpuak lurpetik atera, erre eta errautsak lau haizetara bota zituzten. Prozesua bereziki gogorra izan zen emakumeekin. Izan ere, zigortutako gehienak emakumeak izan ziren.

‘Herejía’ ez da Durangoko gertaera ilun haien kontakizun erreala. Gertakari historikoetan oinarrituta badago ere, modu librean egiten da errelatoa. Jazarpena bizi izan zuten gizon-emakumeei gorazarre egin eta era guztietako bidegabekeriak salatu nahi dira ikuskizunaren bidez.