Naiz+ Naiz+

Urritasun sentsorialak dituzten pertsonentzako euskarazko lehen emanaldi irisgarria egingo dute Donostia Zinemaldian

Zinemaldia. Datorren ostiralean, irailak 28, 12:00etan, Príncipe zineman Camera Obscura filma emango dute audiodeskripzioarekin eta gorrentzako euskarazko azpitituluekin. Urritasun sentsoriala duten pertsonentzako euskarazko lehen emanaldi irisgarria izango da.

Emanaldi horretaz gain, lehenagotik iragarritako filmak ere emango dituzte gorrentzat azpititulatuta eta audiodeskripzio-sistemarekin. Horrek agerian uzten du azken urteetan egindako ahalegina, pertsona orok zinema baldintza berberetan gozatu ahal izan dezan.

Donostia Zinemaldia urritasun sentsorialak dituzten pertsonen irisgarritasunarekin konprometiturik dago 2008tik. Hala, Ezgaitasunari buruzko Errege Patronatuarekin eta Azpitituluetarako eta Audiodeskripziorako Espainiako Zentroarekin (CESyA) lankidetzan jarraituko du aurten ere, Arcelor Mittal, Euskaltel, Adecco Fundazioa, APTES eta RedMelisa etxeen babesarekin.

Maru Soloresek zuzendutako Camera Obscura Zinemira saileko Euskal Zinemaren Panorama atalean aurkeztuko dute, eta Jacqueline Duarte, Leyre Berrocal, Víctor Clavijo, Josean Bengoetxea eta Pello Madariaga aktoreak ditu protagonista. Filmak Aneren istorioa kontatzen du: hamahiru urte ditu, eta ikusmena galdu du. Gurasoak ebakuntzarekin arduratuta daude; Ane, baina, pubertaroan sartuta bere buruari galderak egiten hasiko da. Familia kostaldean oporretan dagoenean, Antonio osaba agertuko da eta aire freskoa ekarriko du. Lehen maitasunaren uda izango da... Eta lehen hilekoarena ere bai. Anek argazkilaritza ezagutuko du Antoniorekin. Kamera eskuan hartuta, Anek ohiko eszenen argazkiak aterako ditu, eta inork ikusi edo erakutsi nahi ez dituen gauzak aurkituko ditu.