Andoni Lubaki naizplus bloga

Akram-ek ezin du jan; kiratsak min egiten dio.

Akrameserita
akrameserita

"Manta bakoitza behin bakarrik erabili ahal da, usaina hartzen du; zikindu egiten da" dio Akram-ek, Salman-en bolondres taldeko lagunak. "Gorputzak, usain txarra izateaz gain, likitsuak izan ohi dira. Muki moduko bat isurtzen dute eta dena usain txar batekin uzten dute. Asko bitan zatitu, puskatu egiten dira, barruko organoak, behin baino gehiagotan jaso behar izaten ditugu lurretik. Etxera joan eta askotan ez dut jateko gogorik izaten. Ezkondu berria naiz eta nire emazteak prestatzen duen oro gustatzen zitzaidan oraintsu arte. Orain gauetan ez dut ezer jaten, goizetan kafesne bat eta bazkaldu ezer ez, usaina eta nazka barruraino izaten ditut, asko ari naiz argaltzen, energia falta zait. Kiratsak min egiten dit egunero" dio Akram-ek. Meskitako pareta batean makurtu da erabat lehertuta. Halere ez dut uste nekatuta fisikoki soilik dagoenik. Akram-ek ez du bururik altxatu nirekin hitz egin duen bitartean.

"Estatu Islamikoa etorri baino lehenago Akram Taekwondo txapelduna zen. Ninive probintziako txapelduna izan zen eta bere arte-martzial eskola irekitzekotan zegoen. Baina "beltzak" (Estatu Islamikoko kideei deitzeko Mosul-en izan duten modua) etorri ziren eta galerazi egin zioten eskola irekitzea. Hori gutxi balitz, "beltzei" arte martzialak erakustera behartu zuten. Orain bildur da, bizilagun-en batek ezagutu eta Estatu Islamikoarekin kolaboratu zuela esaten badu. Baina tipo ona da Akram, oso tipo ona. Bere lagunek badakigu hori" dio Salman-ek Akram, eserita, abaildua dagoen Akram-i begiratzen dion bitartean.