Iñaki Lasa naizplus blogak

Torrijos sutara

Hbi_poster_00087817
Nafarroa Gorria

Torrijos sutara, Torrijos sutara!! oihukatzen zuten Sartagudako herritarrek aurtengo ihauterietan. Bigarren urtez antolatu dute ihauteri segizioa Ebro ondoko herrian. Nafarroako beste leku batzuetan egin ohi den bezala gaiztakeria uxatzeko helburuz, gogora dezaketen pertsonarik gorrotagarriena aukeratu dute sugarrek desagertaraz dezaten. Ramiro Torrijos Laguna da, nola ez, Sartagudan gaiztakeria pertsonifikatzeko aukeratu dutena. Infantadoko Dukearena zen Sartaguda ia bere osoan eta Ramiro, haren administradorea, harroa, ustela, baztertzailea, ezer gutxi edukitzetik herri oso bat kudeatzera iritsi zen Dukearen eskutik. 

Dukearen lurrak bere aldekoen artean banatzen zituen, behar handia zuten  sartagudatarrei lurra ukatzen zien bitartean. Egiari zor, lurra emango ziela esaten zien, baina hilerrian. Garai hartan, gaur egun bezalaxe, aberatsek, boteretsuek ezer gutxiren truke lan egiteko prest dagoen jendea behar dute haien etekinak neurririk gabe handitu daitezen. Sektore handi batzuei lurrak ez eskaintzearen helburu bakarra haien lanaren prezioa jaitsi ahal izatea zen kasu askotan janariaren truke lan egitera behartuz. Gaur egun ere, errealitate hori ikusten ahal dugu gure ingurura arretaz begiratzen badugu. Ramiro Torrijos eta Duke asko dago oraindik ere gure artean, zoritxarrez.

Ikasgai gogorra eta ederra eskaintzen digu, beraz, Sartagudan gertatutakoak. Beti egongo da norbait gu zapaltzeko prest bere etekinen eta interesen alde eta aukera ematen badiogu ez du erreparorik izango bortxa neurririk gabe erabiltzeko. Hobe dugu iniziatiba hartu eta Torrijos sutara! Torrijos sutara! oihukatu sartagudatarrekin batera.