Ikoitz blog naiz+

Zubiak batzera dator 2018ko Kilometroak

ZU2AK1UZ lemapean zubiak batu nahi ditu Urretxu-Zumarraga Ikastolak igande honetan, urriaren 7an, ospatuko den Kilometroak jaian. Bi herri dira, bakoitza bere izen eta izaerarekin, baina sarri bat gisan funtzionatzen dutenak. Zubiak batu, indarrak biderkatu eta elkarrekin antolatu dute Gipuzkoako ikastolen festa hau. Ikastola osatzen duten ikasle, irakasle eta familiek zubiak batzera deitu dute. Elkarrekin, batuz, gaindituko baitituzte oztopoak eta lortuko dituzten helburuak.

Konfiantzaren zubia, pedagogia aurrerakoian oinarritzeko. Harremanen zubia, elkar errespetatzeko, hartu-emana gauzatzeko. Komunitatearen zubia, elkarrengandik ikasteko, desadostasunen aurrean adostasuna bilatzeko, bidean bat egiteko. Parekidetasunaren eta aniztasunaren zubia, aukera berdinatasuna eta herri aniztasuna oinarri izateko. Euskarara iristeko zubia, euskara ikasi, sentitu eta gozatzeko.