Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ahaztea ez da haztea, berriro hastea baizik

 

 

Urkullu, Ortuzar eta Mendia eskua emanda ikusterakoan zaharrak berri sentsazioarena eduki dut. Nik uste dut ofentsiba ideologikoa badagoela garaitu gabeko ETAk borroka armatuari uko egin zionetik Ezker Abertzalearen politikaren kontra, ikusten baita abertzaletasun hori, ezkerrekoa alegia, hegemoniko bihur daitekeela. Horren kontra zer egiten dute historikoki? Ez horren kontra jo zuzenean, baizik eta nazionalismo osoaren kontra jo. Eta horrek, bere garaian, ekarri zuen, hain zuzen ere, Patxi Lopez lehendakari bihurtzearena eta, bide batez, Estatuak EAJ ere gainetik kentzea, zeren, ideologia espainiarrekoek ikusten zuten nazionalismo tradizionala begi onez, beti estatutarioa eta ia konstituzionala… baina momentu batetik aurrera, aldiz, konturatu ziren ez zutela horren beharrik.

Gogora dezagun ezker abertzalearen eta antinazionalismo espainolista horren artean, hirugarren bidea bezala deitu izan zutena sortu zela duela ez asko, Elkarri eta… pixka bat geroago, Gesto por la paz zeritzana. Hori izan zen nazionalismo tradizionalaren desenkusatze bat, haiek esatea, nolabait, «gu ez gara ezker abertzaleko beste haiek bezalakoak». “Beste haiengandik” bereizi nahi izatea izan zen. Eta horretarako sortu ziren bakearen aldeko gizarte mugimendu berriak, baina kanpotik eraginda gehienak, nire ustean. Eta gero, horrekin batera ere, literatura oso bat desenkusatzeko joan zen zabaltzen, gauza bera esateko, finean,  «gu ez gara gaiztoak, ez gara horiek bezalakoak,…» eta hori iritsi zen ezker abertzaleraino, zeinean Aralar ere horrela sortu zen, gainerako “gaiztoengandik” bereizi nahian. Baina, noski, horren bortitza izan zen  joera antinazionalista hori ezen, azkenean, kontrako efektua ere eragin zuela Aralarren, Elkarrin, Gesto Por La Pazen eta besteengan…eta eurak hasi ziren esaten ezin zela jarrera horren arabera zilegiztatu, bakar batzuen jazarpenaren aitzakiaz, jazarpen militarra kasu, jazarpen politikoa, ideologikoa eta azken batean jazarpen kultural osoa. Ezin zen zergatik? Ondorioa izan zelako Patxi Lopezek  lehendakaritza eskuratu zuela eta, ustez, “onartuta” zeuden haiek ere geratu zirela ohiko leku politikorik gabe. Alegia, EAJri hiru probintzietako gobernua galdu izana, ahaztu ote zaie?

Espainiar Konstituzioaren 2. artikulua ez dutela kolokan jarriko esan berri du Madrildik PSOEren zuzendaritzak. Beraz, zer gertatuko da Espainian berriro ere giro antinazionalista astintzen hasten denean? (oraingo honetan Kataluniako aitzakiaz), ba EAJk bere ohiko hirugarren bidea berpiztu nahi izango duela, noski…baina azken emaitzaz ez al dute memoriarik?

 

Sisiforen bideak ez du inoiz irtenbiderik izan!

 

Fito Rodriguez

 

Recherche