Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

COVID 19, NEGAZIONISMOA ETA ERREFUTAZIONISMOA

 

Bizitzeko egokitu zaigun egoeran, inoiz baino gehiago bidenabar, hara gizarteaz nola zientziaz behar bezala eztabaidatu ahal izatea funtsezkoa da. Zoritxarrez, premiazko debate hori, ematen denean, azalkeriaz eta gazteleraz ematen ari da. Alde batetik, honetan ere, benetako zentsura baitago eta, bestetik, ikuspegi dezberdinen arteko elkarrizketa gauzatu beharrean, erabateko deskalifikazio jitea nagusi baita mediatan eta gizarte sareetan. Horren partez, aldiz, zientziari buruz aritzeko eta zientzien konparaketa egiteko epistemologiaren beharra daukagula uste dut.

Zientziaren metodoa badakigu zer den, baina zientzia desberdinen arteko konparaketa egiteko irizpideak argitu egin behar dira.

Zientzien eraikuntza ikertzen duen filosofia epistemologia dugu. Epistemologiaren bidez zientzien konparaketan erabili behar ditugun irizpideak zehatzerik badago. Baina halere ez dago epistemologiaren ikuspegi bakar bat, eskola berezi hainbat baizik.

Zientzi mota bakoitza (dela medikuntza, fisika edota kimika...) ezin daiteke eskola desberdin bakar batetatik aztertu. Horrela ez legoke konparaketarik. Konparaketa bera egin arren epistemologiaren kontzeptua argitu beharra dago eta hortik eskola desberdinek ematen dizkiguten ikuspegiak ezagutarazi. Hau guztian aztertu ondoren bidea irekia izango dugu esku artean daukagun arazoaz hitz egiteko, alegia

Zientzietan ba al du nahiak zer esanik?, Zientzia neutrala al da?, Zientziaren garapena gizarte interesetik at al dago? Eta Zientziak aitortu gabeko interesik baldin badu, Zientzia zehatzei edota Giza zientziei metodoa berdina aplika diezaiekegu? Berdinak izan behar Osasun Zientzietan, demagun, Neurologiari eta Psikiatriari egokitu beharreko metodoak?

Goazen ba, esanak esanda, gure gaia ikertzen hastera:

Epistemologiaren kontzeptua berari buruz, honatx segun zein filosofiatatik abiatzen garen, horren arabera aldatu egiten da Epistemologiaren esanahia.

Esaterako, Piagetek "Epistemologiak ezagutza baliozko baten eraikuntza soilik ikertzen duela" zioen. Althusserek, aldiz, Epistemologia Gnoseologia besterik ez dela esaten zigun.

Beste batzuentzat Epistemologia"zientziaren teoria"-ri kontzeptu zabalagorik dagokio.

Materialismo dialektikoak ezagutzak jakintza zientifiko huts-hutsa izan behar duela azpimarratzen du. Ezagutza faltsurik badago ere, hots, ideologia, ezagutza baliozkoak zientziarena izan behar du. Zentzu horretan ezagutzaren teoria, gnoseologia hain zuzen, Epistemologia litzateke. Bide honetatik Althusseren jarraitzaileak eta ikuspegi marxista deritzanekoak ditugu.

Piaget, eta Genevako eskolak orohar, Epistemologiaren mota berezi batez hitz egiten du, nahiz eta haientzat Epistemologia bakarra izan. Kontzepturik zabalena "zientziaren teoria"rena izan daiteke. Hortik abiatuko gara hasiera batetan muga gehiegi ez jartzeagatik.

Hala eta guztiz ere erabilitako kontzeptuak bi problema planteatzen dizkigu. Hona hemen: Zientziak aztertzerakoan zer azpimarratu behar da

- Ezagutzaren prozesua edota

- Ezagutzaren baliozkotasuna

Bide batetik ala besterik abiatuz Epistemologia diferenteak izango ditugu:

a) Formaren arazoak ikertzen dituztenen artean Carnap,Wittgenstein, Popper, Lakatos edo Watkins genituzke.

b) Testuinguru problemekin arduratzen direnak Kuhn, Feyeralend, Piaget eta abar luze bat izango genuke.

Batzuentzat ikerkuntzaren logika, besteentzat aurkikuntzaren psiko-soziologia.

Bi bide hauen ezaugarriak ezagutu eta aztertzeak gaur egungo eskolen azterketa eskatzen du. Eskola guztiak erabiltzen ez baditugu ere, zortzi atal egingo ditugu irizpide guztiak errespetatzearren.

Epistemologian ikerketak zientzia guztiak bultzatu ditu. Gure kasuan ere bai, , esate baterako, Psikologia eta Soziologia Medikuntzaren garapenean oinarritu baita.

Beraz, Epistemologiaren barrutik (Epistemologia, benetan baliozko diren zientziaren baldintzen genesiaren ikerketa bezala ulertuz) zortzi ikuspegi orokor bereiz daitezke nire uste apalean:

1.- Positibismo hutsa

Eskola honetakoek epistemologiarik ez dagoela dioskute. Teoria guztiei uko egiten diete zeren eta beren ikuspegitik zientzia pragmatika besterik ez baita. Zientziaren funtzionamendua oso sinplea izango litzateke: proba-akats binomioa (esperimentatzea) Zientzia bera errealitatearen isla hutsa da. Mende honetako hasierako jendeak (A.Compte eta abar) horrelako planteamenduetan sinisten zuen.

Gaur egun, "Argien mendea" atzean geratu delarik eta modernitateak eragindako gizartea ezagututa, zientziak ez du ematen hain fidagarri denik.

2.- Formen ikerketak

Zientziaren metodoak baliozkoak ote diren aztertzen dute. Ikuspegi honetatik eskola batzuk bereiz litezke:

2.1.- Logiko-positibistak

Talde honetan ezagunenak Popper eta Lakatos ditugu. Beraz, metodoak baliozko izateko barruko koherentzia izan behar duela diote. Arrazoinamendu osoak erlazio guztiak argi eta garbi azaldu behar ditu. Hortxe dago gakoa.

Teoria bera, nahiz eta egiaztaturik ez izan, egiazkoa izan liteke. Emaitzak ez du axolarik. Arrazoinamenduak berak egia baitakar. Normalki errealitate bezala hartzen denak eta emaitzak ez dute baliorik zientzian. Askotan errealitateak akatsera, hutsegitera garamatza. Zientzia, betiko errealitatearen aurka eraikitzen da, errealitatea bera aldatzeko asmoz.

2.2.- Errefusatzaileak

Maila honetan Mach eta Wittegenstein daude. Hauek, zientziaren historiari begira teoria hau defendatzen dute: Zientzia ez da behin betirako egindako gauza bat. Alderantziz, zientzia historian zehar bilakatzen da hutsegitearen gainetik. Huts batek zientziaren teoria mota bat baliogabe dezake, beste teoria berri bat prestatuz.Metodo bera historiaren agerpena izango da. Orduan, teoria, errefusagarri baldin bada, berrigarria izango da berez.

 

2.3.- Errefutazio sofistikatua. Edo epistemologiaren anarkia non teoria eta zientzia aldagarri diren. Teoria baliozkoa (ona bere testuinguruan) lehenengoak baino datu enpiriko gehiago duena izango da. Zentzu honetan Kantengandik datorkigun metodoa hartuz zientziaren helbidea taxutu nahi omen dute.

Eskola honetako partaide bat Feyeralend dugu. Honek egiatzat ezin daitekeela ezer har esaten digu. Teoria multzo baliodun bat da alderantzizkoa frogatzen ez den bitartean. Zentzu honetan irizpide nagusi pare hartu dugu zientziaren teorian.

2.3.1.- Euskortasunaren erizpidea

Teoria batek hutsak baditu ere, ez dugu baztertu beharrik. Printzipioz, teoria guztiak bilaka daitezke.

Hauez gain, teoria bat berria baldin bada pentsatu beharra dago beste guztiak berriaren aurka azalduko direla bere hutsak azpimarratzeko. Hala eta guztiz ere, hasiera beretik ezin esan daiteke teoria berria txarra denik.

2.3.2.- Teorien anizkoiztasunaren irizpidea

Teorien arteko "jasankortasuna" zientziaren oinarria da. Gertakizun berezi bat agertzeko teoria desberdin batzuk ditugu eta batak ez die besteei posibilitaterik kentzen.

Une konkretu batetan baliozkotzat jotzen dena dogmatismo hutsa bihur daiteke. Teoria hau dogmatismo hauen kontra doa eta, bide batez, teorien ugalketa oparo bat ahalbideratzen du.

 

3.- Ideien bidezko sorketa. Arrazoiaren materialismoa

Gaston Bachelarden ikuspegi aberatsak bi zientzilari bereizten ditu. Alde batetik argia, koherentzia etazientziaren metodoa maitatzen dituen eguerdiko gizakia, itzalen artean mugitzen dena, intuizioz; izpiritu poetikoa.

Gaueko gizakiak ikusketa ezartzen du zientziaren metodoen bidez, geroxeago berrikusketa jartzeko. Zientzia, alde bakar batetatik ez dago ulertzerik. Epistemologiaren etendura beharrezkoa da zientziak berak aurrera egin dezan.

Alde batetik, kontrako bi ikuspegi horiek elkar osatu egiten dute momentu guztietan baina zientziaren modelo bat baliozko ez delarik beste batzuk sortzen dira lehenengoekiko haustura eraginik.

4.- Iraultza zientifikoen historizismoa

Teoria honetan ez zaio garrantzirik ematen datuari edota haustura-uneei. Gakoa zientziaren ezagutza nola eraikitzen denean datza.

Gizakiak egiten du zientzia eta zentzu honetan zergatiak emaitza determinatzen du. Zientziaren garapena aztertzeko testuinguruaren datua beharrezkoa da. Kuhn eta Brunschvicg ditugu atal honetan.

Teoria ez litzateke errealitatearen kopia hutsa izango, baizik eta subjektu eta objektuaren arteko egitura loturaren emaitza.

Kuhnek zientzi iraultzaren egitura aztertzen du paradigma kontzeptua zer den adierazteko. Paradigma, garai bateko metodo nagusia litzateke. Fisikaren metodoa XVII. mendean, Historiarena XIX.ean eta abar. Zientzia guztiek garaiko paradigmaren baimena beharko lukete baliozkoak izateko. Zientziaren metodoa ez da, berez, baliozko behin betirako, testuinguruan kokatuta baizik.

5.- Epistemologia genetikoa

Teoria baliozkoa denetz jakiteko nola sortu den jakin behar da Piageten ustez. Ezagutzak metakor eta progresiboa izan behar du. Zientziaren genesia (sorkuntzaren bilakaera) ezagutuz gero bere baliozkotasun-irizpideak konprobatzen dira. Gizaki mailan (Psikologia Ebolutiboa) edota Zientzian (zientziaren garapena) gakoa prozesuan datza, hots, ez erabili den metodo logikoan, ezagutzaren progresioan baizik. Azkeneko hau historia konkretuak (nahiz gizabanakoena nahiz zientziarena) ematen digu.

6.- Materialismo dialektikoa

Beste arlo batzuetan oso ezaguna bada ere marxismoaren planteamenduek badute zer esanik ere epistemologia mailan. Teoria honi sintaxiaren azterketa ez zaio axolarik (ezagutza nola eraiki den), ezta semantikaren ikerketa (zer-nolako esanahia duen ikerketa horrek testuinguru zehatz batetan) ere. Inportanteena pragmatika da; hau da, ezagutza bakoitzak zein giza-egitura bultzatu nahi duen, alegia. Giza egitura bakoitzak bere zientzi klasea du. Gizarte berri batek zientziaren metodoak berreraikitzen du zientzia gizartearen eraginpean baitago.

7.- Generatismoa-Genealogismoa

Nahiz eta zenbaitentzat estrukturalismoaren barruan kokatu, Foucaulten ikerketak bereziegia litzateke lehendik jada mugaturiko eskola baten barruan bakarrik sartzeko. Ikuspegi honetatik, jakintzaren arkeologia egin beharra dago, baina Historiaren kontzeptu berriaren argipean.

Ez genuke hor kasualitaterik erabiliko, ezta denboraren ideiarik ere.

Historiaren denbora gezurra izan daiteke. Gure momentu lehen gertatutakoaren ondorio dela pentsatzen badugu Historia gaurko ikuspegitik baldintzaren ari gara eta,beti, kasualitatearen bidez.

Ezagutzarik, berez (bere baitan ezagutza), ez dago. Nonbait kokatu beharra dago ezagutzarik sortatzeko, baina orduan espazioa kontzeptua (Non) erabili beharra dago.

Ikuspegi hau aberatsa bezain ulergaitza dukegu, baina beste guztiak baino irekiagoa da, ezen ez baitu azalpenaren orokortasunean sinisten.

8.- Sistemen Teoria Orokorra

Ludwig Von Bertalanffy-k epistemologia berri bat eraiki nahi izan zuen beste egiteren ekarpenetan oinarriturik (Erabakiaren teoria, Jokuaren teoria, eta abar...). Zibernetika aplikatuz teoria guztiak harremanetan jarri nahi zituen. Zientzia desberdinen bereizketak ez dira azpimarratu beharrik, beren erlazionatzeko ahalmena baizik. Zientzi mota bakoitzak errealitatearen arlo berezi bat aztertzen baitu. Ikuspegi zabala edukiz gero, zientzia zabalaren ikerketari dagokio Sistemen Teoria Orokorra.

Beraz, eta besteak beste, hementxe gelditzen dira epistemologiaren ekarpenak ideien mailan. Hurrengo urratsa praktikan aztertzea izango litzateke baina, berriro diot, hori ezin da egin pentsatuz Zientziari buruzko bertsio bakarra dagoenik (utikan pentsamendu bakarra !) ezta debaterako beste ikuspegiak baztertuz eta irainduz (eskuindarrak, kapitalistak, hippyak, naziak...deituz). Eztabaida behar da, eta ez zientzialarien artean soilik, gizartean ere bai, eta euskal gizarteak euskaraz eztabaidatu beharko luke.

Recherche