Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ergatiboa

 

Nork-nori-zer; Nork-nori...Hauteskunde garaiotan aditzen den hizkera, errepikakorra izateaz gain, berez faltsua dela ematen du, eskerrak euskaldunok iruzur horri antzemateko ergatiboa dugula.

Betiko hitzak entzun beharrak, leloak eta propagandak, bizitutakoaren oihartzunak ekarri arren ez bide dute aintzakotzat hartzen duela gutxi arteko bizipen eta eskarmentuak, larrialdi egoerakoak, adibidez.

Zaharrak berri izeneko eskema komunikatiboan murgiltzen gaituzte hauteskundeek eta, bizitzarako funtsezkoak diren hitz eta ekintzen aurrean jarri beharrean hitzak betiko tokitik datoz, alderdi politikoen ohiko eskaintzak, eta ekintzek bere haietan diraute, ezer gertatu izan ez balitz bezala. PPk erantzunak, PSEk erantzunak...baita EHBilduk ere erantzunak promesten dizkigute. EAJk, berriz, Euskal Herria zutik nahi du, Gobernu autonomikoaren propaganda instituzionalaren araberako leloa erabiliz.

Baina nork erantzun behar du?, Herriak, jakina, ez alderdi politikoek. Herriari galdetu eta hark erabaki baina ez alderantziz.

Ekolaliak komunikazio-ezaren sintomak dira. Pertsona batek ozenki etengabeko hitz jarioaren errepikakorra erabiltzen duenean, logopediaz harago doan Psikopatologiak ekolalia duela dio.

Off-eko ahotsa deritza askotan, zeren errepikatzen diren leloak kanpotik eragindakoak ohi dira eta eguneroko zereginekin zerikusi handirik ez dute. Hauteskundeen aurrean agertutako promes haiek ekolalia sintomak direla esan nezakeen. Hau da, komunikazioa eta argibiderik bilatzen duten diskurtsoak baino gehiago etengabeko errepikapenak besterik ez.

Gizarte mailako arazoek, ordea, hurbilpen politiko edo filosofikoa behar dute, ez psikologia edota ekolaliarik. Areago, nazio-askapenaren bidean, globalizazioarekin forma desberdinez azaldu arren, Globalitatea eta Identitatea batera datozen gizarte-kontzeptu eragileak ditugunean.

Zer galdetu eta zer ez, erantzunaren bidez nork erabaki behar duen, hor dago arazoa.

Honen aurrean, hauteskunde hauetan, funtsean, espainiarra ez den gainerako izaera politikoen ukapena eta espainiar identitate bakarrari bortxaz eustea dugu auzi politikoaren sorburua, hain zuzen, eta ezin da ahaztu edo ezkutatu.

Galde diezaiotela kataluniar herriari, esaterako. Haien azken hauteskunde autonomiko guztietan Herriaren erabakia eta Erreferenduma egon ohi da kanpainaren ardatzetan.

Beste adibide bat aipatzearren, honezkero Saharar herriari Nazio Batuek bere egoera politikoa definitzeko erreferendumerako aukera onartu badio ere Marokok ez du eskubide hori gauzatzen utzi. Horren truk, aldiz, sahararrei barne mailako autonomia eskaintzeko prest egon daiteke hango Monarkiak. Auzia, berez, arazo politikoa da, hauxe, guztiz zilegizkoa bezain demokratikoa den autodeterminazio eskubide politikoaren ukapenak gizarte gatazka iraunarazten duela eta, horrekin batera, Herriari botere politikoa ebatsi egiten zaiola .

Nahiz eta XX.mendearen hasieran estatu berriek beren burujabetasuna Europatik kanpo lortu borroka antikolonialisten bidez, XX. mendearen azken hamarkadatan sortutako hamasei estatu berriak Europako bertakoak ditugu. Guztietan sekulako gizarte gatazkak egon dira eta estatu-zaharren jarrerak, alde batetik nazio-askapen mugimendu politikoak terrorismoarekin parekatu nahi izan ditu eta bestetik, mediak direla edo intelektualak medio, menperaturiko nazioen askatasun egarri demokratikoa erridikulizatzera, patologizatzera eta deslegitimatzera jo dute.

Baina gizarte-gatazka dagoenean ezin gara sintomatan geratu, ezta patologizatu nahi izaten denean ere. Estatuaren gobernuak Euskal Herriarekiko daraman bere gutxiagotze politikak (tokian tokiko kulturen zapalketaz gain, adiministrazio autonomoaren bidezko herri desegituraketa eta guzti) ez du ezertan aldatu eta nazio-gatazka dena bortxa erabiliz soilik bideratu nahi izaten segitzen du.

Beste aldetik, berriz, Euskal Herriak bere etorkizuna demokratikoki erabaki dezan, herri-sektore desberdinen bildumak osatzen joan badira ere (sindikatuak, kulturgileak, pentsiodunak eta abar) funtsezko menpekotasun politikoak hor dirau.

Arazoaren ukapenak, horrela jarraituz gero, herriari bere erabakitzeko eskubidea lapurtzen dio. Batzuek independentziaren alde joko dute, noski. Besteak, hemengoaren edo Marokoren monarkiaren alde jarriko dira, jakina, baina erabakitzeko gaitasuna herriari dagokio bakarrik, berdin Saharan, Katalunian edo Euskal Herrian.

Gurera itzuliz, hauteskunde autonomikoetan independentziaren aukera deabruaren asmoa bailitzan aurkeztea eta bere horretan baztertzea politika egiteko baldintza gisa, aspaldiko joera zaharberritua dugu. Aitzitik, guztiz zilegizkoa bezain demokratikoa den autodeterminazio eskubide politikoaren ukapenak gizarte gatazka ezinbestean dakarrenez, eta premia hura zenbat eta gizarteratuagoa izan liskarra orduan eta bortitzagoa izaten denez, herri hau erabaki garrantzitsu baten aurrean dagoela bistan da.

Gerta daiteke nazio-askapenerako bidean orain arteko jorraturiko ekimenak (armatuak barne) egokienak ez izatea. Beraz, aukera honetan guztiz zilegizko bezain demokratikoa den autodeterminazio eskubidea bermatzeko har daitezkeen proposamen politikoak plazaratu behar dira, baita eztabaidatu eta gauzatze bidean jarri ere.

Alternatibarik gabeko inposizioek ez dute baliorik. Komunikazioa bilatzen ez duen kritika eskasak edo gaiztoak, gutxiago. Izan ere, gizarte-sufrikario gehiegi izan dugu eta daukagu jokoan.

Igandeko arratsaldeetan telebistari begira izaten dugun segurtasun-sentimendu txarra baino askoz hurbilago dago errealitatetik inoiz ezer bermatuta ez dugula sentitzea.

Kritika errealitatearen hautematea da ezer baino lehenago. Baina ez dut hitz egiten zentzu moralean. Gure aurreko ohiturak zalantzan jar ditzakegu, edo gertatutakoaren ondoren errealitate zaharrera itzuli nahi ote dugun zalantzan jarri. Berrasieratzen ari gara oraingo honetan eta honek guztiak erronka izaera du. Egoera honek ‘zero ordutik’ zerbait du niretzat, horregatik guztiagatik diot, politikarako, bizitzen ari garen bezalako historiako ‘zero orduak’ ez direla nahitaez ezer negatibo, baizik eta errealitatearen benetako helmugarako bidea. Lurra oinen azpian sentitu dugu berriro.

Larrialdi-legeak erabateko adostasunean gauzatzen badira, “Exekutiboaren ordua” izaten dira. Eta botere betearazlean batzuetan konfiantza izan dezakegu, eta bestetan ez. Horrek gure bereizteko gaitasuna entrenatzera behartzen gaitu. Gure agintarien konfiantzari buruzko galderak egin behar dira: “babesten dut, beraz, banaiz” esaten duena tirano gisa edo konfiantzako norbait bezala har daiteke. Kontzentrazio historiko handiko unea da bizi duguna, hondamendia ezagutu ondoren irteerak bistaratu behar ditugu.

Irteera horiek ezagutzea lan poetiko bezain politikoa da, larrialdi-irteera bat ez baita izaten askotan ‘larrialdi-irteera’ dioen kartela duen atea, hitzek engainatu ohi baikaituzte. Mundua gure ohiko mundutik kanpo imajinatu ahal izatearekin zerikusia du honek.

Aukerak ikusten saiatzen naiz, bizitzeko gramatika indartzen saiatzen naiz, hizkuntza grekoaren (desira adierazten duena) hautazko moduak edo gure hizkuntzaren kasu ergatiboak, lan egiteko moduei buruz gogoeta eginarazten baitigute. Aditz trantsitiboak hitzak ekintzak bihurtzen baititu.

Kontsumo-gizarte batetik ekoizpen-gizarte askea izatera pasatzeko aukera bat izango litzateke hau; izan ere, badakigu hondamendiak geldiarazteko dikeak jarri behar ditugula lehenbailehen eta elkartasun mota berriak garatu behar ditugula ondoren, gure gizartearen oinarriak berreraiki behar ditugulako Herriak erabaki dezan, ez alderdi politikoek.

Recherche