Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Euskal Herritarrok

 

Euskal Herrian ziklo politiko aldatzera doala ez dago dudarik. Espainian, ordea, ez du ematen.
Europan, aldiz, Brexit dela edo etorkinen politikak direla eta, hara bere mugen gototortzeak nola mugazain zaharberrituek antzerako mezua igorri digute: politika ulertzeko modua ari dela aldatzen, alegia.

Politika definitzeko ohiko  bi ardatzez gain, (liberalismo eta errepublikanismoa) haien alternatibak izan direnak ere (komunitarismoa eta populismoa) ezin dira atzeman egun duela gutxi arte hartuak izan diren modu bertsuan.

Liberalismoak merkatua maite izan du Estatuaren gainetik ekonomia ahalik eta gutxien baldintzatzeko aberastasuna ekoizteko bidea. Errepublikanismoak, berriz, herritarren eskubideak eta aberastasunaren birbanaketa  bermatzea eduki ditu helburutzat.

Jakina, Errepublikak bere mugak behar ditu eta horrek zuzen jo izan du globalitateak behar zuen munduko merkatu bakarraren aurka. Beraz, Errepublikaren aldarrikapena ere alternatiba gisa ikusi izan da ultraliberalismoaren  ondorioei aurre egin ahal izateko. Hori eta ez besterik izan zen, bere motzean, espainiar politikan Rdz. Zapaterok babestu nahi izan zuena, bai PPren aurrean, baita bere alderdiko “liberalen” kontra (Felipe Gonzalez, kasu). Hala eta guztiz ere, herritar batzuk, katalanek edo euskaldunok, ez genituen gure eskubideak bermaturik ikusten mota horretako politikan “erabakitzeko” aukera espainiar herritarrek ebatsita geratzen baitzen. Identitateaz kezkatuta geunden komunitaristak deitu ziguten nahiz eta, halaber, espainiar errepublikazale zentralista berrituek “ciudadanos” alderdi politikoa sortu zuten, espainiar herritarron eskubideak babesteko hain zuzen ere.

Bestalde, ultraliberalismoaren ondorioz ere, eskubide murrizketak pairatu behar izan zutenek, jende arruntak, politika gaiari ez zion garrantzia handirik eman bere borroka bidean, aitzitik, politika bera desprestigiatzen egin izan dute bere lana giza eskubideen defentsan. Populistak deitu ohi diete.

Euskal Herritarronen aldarrikapenak, ordea, politikaren ardatzak aldarazten ditu, ezinbestean.

Ultraliberalismoari aurre egin ahal izateko ohiko bide errepublikanoari atxikitzeaz gain, komunitaristen antzera,  herria aintzakotzat hartzen du alde batetik eta, bestetik,  giza eskubideen babesean oinarritzen du lan politikoa, hau da, herritartasun eskubiderik ez dauzkatenak ere ez ditu baztertzen.

Aldizkatze berriak datoz, politika ulertzeko modua ari baita aldatzen. Euskal Herrian ziklo politiko aldatzera doala ez dago dudarik.

 

Recherche