Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

“ Goian bego-rik ez Dario Forentzat”

 

 

 Ironia pentsamenduaren adierazpen umorezko mota da zeinean esakuneen bidez funtsean pentsatzen dena esaten denaren kontra dela medio azaltzen den.

Ironiaren abiapuntua Sokratesengan omen dago. Hitza bera grezieratik baitator “eiron-etatik” (galdetzen duenetik, alegia). Sokratesen metodoak, maieutika deritzana, aurkariari galdetuz ezjakinarena eginez, egia ateratzea nahi zuen bestearen ezjakintasuna agerian utziz.

Ez da, berez, literaturan jorratzeko estilo-irudi bat, baizik eta bizitzaren aurreko jarrera osoa, non, pertsona batengan, Sokratesengan edo Dario Forengan, adibidez, haragitzen dena, ironiagatik (egia bilatzeagatik eta boterea barregarri uzteagatik…) hiltzeko prest dauden haiei antzematen zaiena. Ironia adimenaren irribarrea da,  absoluturik ez dagoen dakienarena. Dario Forengan begi bistakoa da Eliza katolikoari buruz eginiko  satira guztiek Jainkoaren ideia bera kolokan jarri dutela betiko.  

Halere, denboraren poderioz, ironia erretorikako erreminta huts bat izatera pasatu zen bere jatorrizko jarrera galduz. Ironiaren erabilera erretorikoa, antifrastikoa deitua, mendeetan zehar mantendu zen, erromantizismoraino behintzat. Hortik aurrera, ironiak desitxuratuko du ohiko munduaren ikuskera eta bizitza jarrera izanik, mundua, berez, irrigarria dela erakusten digu. Ironiak munduarekiko distantzia kritikoari adiera emango dio.

Baina ironia ez da mintzamenaren bidez agertzen bakarrik, egoerak direla medio munduaren absurdoa azalerazten duena dugu Dario Fok gehien landu izan duena.

Dena den, ironia askatasun mota bat ere bada, pertsonak eta pertsonaiak urrutitik ikusteko eta sentimenduen pisutik askatzen gaituena. Hots, konbentzionalismo sozialetatik urruntzen laguntzen duena.

Dario Foren ironia ez da, berez, Voltaireren antifrastiko deritzan hori, egilearen autoritate posizioan atseden hartzen zuen ironia baizik eta, ironia barrokoa eta borrokalaria,  hizkuntzaren anbiguotasunak esploratzen dituena, ez da zentratuko isekan, zentzu desbideratzean baizik. Horregatik guztiagatik, Dario Foren ironia zeharkakoa izan da, oposizioko bi zentzuren artean desbideratzearekin jokatzen duenak, hitz egiteko modu naturalean gertatzen denaren antzera. Halaber, ironia ebaluatzailea izan da,  iritzi kritikoa, berez. Azkenik,bere ironia etikatik, zentzuaren oinarria ematen duenetik bereizezina izaten da.

Normalean algarara eta irribarrea komikoarekin lotzen da ironia umorearekiko loturan ikusten den bitartean. Ironiaren eta sarkasmoaren arteko desberdintasunak ez dira horren argiak eta aukera askotan bi irudiak nahasi dira. Sarkasmoan agresibitate irekia gertatzen da eta maiz irainarekin batera ikusten da. Dena dela, sarkasmoa ere besteen ironia dela esan liteke. Baina bi irudiak bereiziz, badirudi sarkasmoan konnotazio positiborik ezin dela ondorioztatu eta ironian, ordea, bai. Sarkasmoarekin biktima beti zauritzea nahi izaten da; horregatik, normalean erasoen aurrean egiten da. Nahitaez, ironiarekin ez da gauza bera gertatzen.

Dario Foren emariari ironia dario, ez sarkasmorik ezta irainik, ez agresibitaterik ez  eta autoritatetik, umorea eta kritika baizik.

Goian begorik ez, bada, gugan bego betiko.

 

Fito Rdz (idazlea)

Recherche