Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ibilbidean lagun

Gogoratzen naiz Olatz Beobide bera izan nuela lagun nire "Magrittek ez omen zuen pipatzen" (Txalaparta, 2001) liburuaren aurkezpenean eta zati batzuk leitu zituela orduan.

Edo bidaide, halaxe izan dut askotan Olatz Beobide aktorea.

Aurtengo otsailaren 13an, torturaren aurkako egunean, berak zuzendu zuen neronek itzulitako Alfonso Sastreren "La columna infame" ("Torturaren zutoin beltza", Adhara, 2021) eta Alfonsoren urtemugan Hondarribian bertan hura bera taularatzen lagundu zigun otsailaren 20an, ez soilik eszena zuzendari gisa, aktore moduan baizik.

Horren aurretik Alfonso Sastreren "Immanuel Kanten azken egunak" (Artezblai, 2008) itzuli eta taularatu genuenean. Olatzek Alfonso Sastreren poetika oso ondo ezagutzen duenez, berak zuzenduta, emanaldiak egin genituen Iruñean (UEUn), Donostian (Koldo Mitxelena Kulturunean) eta beste zenbait tokitan, eta orduko «hipokritak» (aktoreak, grekoz) Ramon Agirre, Patxi Santamaria, Tessa Andonegi... izan ziren.

Kanten hizkuntza bereziki zaila egiten zitzaien bere garaiko alemanei hizkera bortxatua erabiltzen zuelako eta hitzak asmatzen baitzituen, baina, horrela, berak adierazi nahi zuena agerrarazteko mintzaira berezitua sortu zuen. Horrela egin zuen, ezagunak diren Proustek edo Beckettek bezala, zoritxarrez aski ezezaguna zaigun Ch. F. Ramuz idazle suitzarrak ere bere eskaintza literarioak ondu zituenean.

Samuel Beckettentzat, irlandarra izan arren, hizkuntza literariotzat frantsesa aukerakoa zuen neurrian, begi bistakoa zen «atzerriko mintzairaz» baliatzen zela idazteko, baina gauza bera defendatu zuen, esaterako, Marcel Proustek berak eta, bera bezala hizkuntzaz frantsesduna izanik, baita Ch. F. Ramuz suitzarrak ere.

Gogoratzen naiz Olatz Beobide bera izan nuela lagun nire "Magrittek ez omen zuen pipatzen" (Txalaparta, 2001) liburuaren aurkezpenean eta zati batzuk leitu zituela orduan. Errezitaldiak iraun bitartean, Magritteren obra batzuen diapositibak bota genituen. Hona hemen irakurraldian entzun ziren batzuk:

«Freud, Marx, Nietzsche Susmoaren aitapontekoak. Errepresentazio klasikoaren birrintzaileak. Zer dago ametsen atzean? Zer ezkutatzen da ekoizpen harremanetan? Mintzaira bera susmagarri dugu... Iruditeria, Antzerkia, Ordezkapena».

Orduko gaiak eta, bide batez, nire literaturan etengabe errepikatu direnak, izan ere, Gilles Deleuzek zioenez, «ez dago berrikuntzarik gabeko errepikamenik».

Olatzekin behin baino gehiago errepikatu dut nire mezua zabaltzeko ekitaldietan baina, goian esan moduan, berau bidelagun, «berrikuntzarik gabeko errepikamenik egin ez dugulakoan nago».

Recherche