Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Irakasle ezjakina

Horrelako izenburua zeraman Jacques Rancière irakasleak XVIII. mendeko Jacotot maisuari buruz idatzitako monografiak. Eta aipatzen dut egun bizi dugun mundua ulertzeko ( eta kritikatzeko) baliagarria izan daitekeelako. Izan ere, Althusseren ikaslea izanda eta marxismoan hezia, Rancièrek autokritika sakon bat egin behar izan zuelako munduan suertatzen ari ziren aldaketez jabetu ahal izateko eta, horretarako, J. Jacotot irakasle iraultzailearen jarduna ikertzeak izugarri lagundu zion.

Ohartu gabe, Mundua ulertarazteko erabiltzen ditugun ideiak ez baitira gureak, ikasitakoak baizik, eta gure begirada baldintzatzen duen“ ideologia” hori Rancièrek Althusseren bidez ikasi zuenez, bera ere kutsatua zegoela deliberatu zuen, baita munduari erreparatzeko beste begirada behar zuela ere. Bide horretan aurkitu zuen, nonbait, Jacototen laguntza: adituen salaketa nahiz berdintasunaren erabateko aldarrikapena.

Ziur aski egungoa ez zen ulergarria izango Biblia edo Marxen Kapitala libururik gabe, zeren eta testu haiek irakurri ez dituztenak ere “ideologizatuta” daude haien eraginez. “Napoleon kodigoa” deritzana izango litzateke abagunea ulertzeko albora ezinezko beste ekarpena, zeinak, inork gutxik irakurri ez arren, gizarte modernoan ematen diren harremanak moldatu egin zituen zeharo. Bertan bildu zen Zuzenbide Zibilean Ertaroko eskubide ezberdinen ohitura gainditu zen gizaki guztion berdintasuna aldarri. Honi heldu zion Rancièrek bere aukera berria zabaltzen hasteko: gizarte bizitzaren errotikako demokraziaren alde borrokatzen hasteko.

J. Jacotot irakasleak ez zuen onartu nahi izan bere ikasleek baino gehiago zekienik eta berdintasunean oinarritu zuen bere eskola. Alderdiek eta Abangoardiek, berriz, jakintzaren hierarkia dela medio, gizarte banaketa ez demokratikoari eutsi egiten diote, Rancièren ustez eta, beraz, ez dira gai izango mundua eraldatzeko.

Zein da bidea, ordea?

Rancièrek ez du maite Gizarte-Zientzien eragina politikagintzan, aitzitik, herri-xehearen jakintza eta protagonismoa goraipatzen du eta, hori azaltzeko hala “Demokraziari gorroto” nola “ Desadostasuna” izeneko liburuak plazaratu ditu.

Bere praktiketan, aldiz, gizarte polizialaren kontra aritzen da eta, Frantziako Iraultzaren hastapenetan bezala, erabateko demokraziaren bila dabil.

Egun, ustez, demokratak diren sistema politikoak ordezkapen sistema oligarkikoak besterik ez direla uste du eta, haien aurka borrokatzeko funtsezko bidea, jakina, poliziaren agintearen aurka, giza eskubideen defentsan aritzea, antza, “ideologikoak” bezain faltsutzat jo izan diren gizakien arteko berdintasunaren aldarrikapena izan daiteke egun, iraultza garaietan bezain beste, bestalde, gizartea aldatzeko modu emankorrena…

Hona hemen, abangoardiarik gabe suertatzen ari diren “arabiar iraultzak” ulertzeko ikuspegia eta, bide batez, bertoko ispiluan gure irudikapenari so egiteko begirada ere…

 

Fito Rodriguez.

 

 

 

Recherche