Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Politikaren liburua

 

Apirilaren 23an liburuaren eguna izan dela eta, horren harira, hala egileen eskubideaz nola irakurzaletasuna sustatzeko estrategiaz ere ohiko iritziak nahiz proposamenak plazaratzeko zeremoniak errepikatu izan dira berriro.

Donostiako liburu azokaren ondoan jarritako leku berezi  batean gustuko nuen testu bat irakurtzea egokitu zitzaidan niri eta, nirekin batera, beste zenbait euskal idazle (Fernando Morrillo edota Xabier Etxaniz besteak beste…) zeregin berean aritu ziren.  

Esan bezala, gure ekitaldia burutu ondoren eta hiru egunetara ikurrinari omendu behar zuten toki bertsuan (Donostiako Gipuzkoa Enparantzan) antolatzaileen eta idazleen artean ez genuen gertatuko zen horretaz hitz egin, izan ere, politikak, berez, gurekin ezberdinak direnekiko ulermen ezaren deliberoa  baitakar eta literaturak, aldiz, ezberdinen ulerkuntza du helburu.

Honek ez du esan nahi, ordea, idazkera politikoa ez denik. Aitzitik, literaturak zerbait irakastekotan zuhaitzak eta basoa batera ikustea posiblea dela erakusten baitu, munduaren konplexutasunari eta gizakion ezberdintasunei antzemateko tresna baita.

Hala eta guztiz ere ez dut uste literatura irakurlearen ikuspuntuetatik idaztea denik. Horretarako kazetaritza, eta politika testuak badaude, egon. Literaturak mundua pertsonaien begietatik eman ahal izatea eskatzen du edo, izatekotan, egilearen ikuspuntutik soilik.  Bere begietatik idazten Gizateria osoa ikertu ahal zela konturatu zen lehenengo idazlea Montaigne izan zen eta, ildo horretatik, saiakeragintza sortu zuen: hizkuntzaren bidez begi bistakoa zena azaldu nahian.

Horrela baita idazkeraren funtsa, koloreak eta soinuak, ikuspegiak eta adimen irudiak hitzen bidez agertaraztea, hain zuzen ere. Jean-Paul Sartrek “ Les mots” (hitzak) izeneko bere autobiografia idatzi zuenean hitzek idazlearen adimena eta iruditeria azaltzen dituztela dio. Horregatik, morala paisaiaren baitan erakusten ditu testu literaioak. Horregatik da politikoa idazkera.

Literaturak bakoitzaren bizitzak norberaren erabakiak nola moldatzen dituen agertarazten du.

Politikak, berriz, erabaki kolektiboak bizitza pertsonalak nola baldintzatu behar dituen lantzen du.

“Els  set pecats capitals de la justicia” (Ara Llibres) saiakera argitaratu berri du Santiago Vidal epaile katalanak katalaneraz. Bertan, besteak beste, Egunkariaren edo Parot izeneko doktrinaren kasuak aztertzen ditu modu kritikoan, bere ikuspegitik baina, halaber, politikoki.

Liburu honekin saiakerak literatura politikoa egin daitekeela frogatzen du berriro ere.

Honelakoak Liburuaren egunean aitzakian soilik ez daitezela suertatu nahiko nuke…

 

Recherche