0 commentaires

20. artikulua, kateatu gaitezen

1948 urteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, bere 20. artikuluan, zera dio: Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea. Sinplea eta erraza ulertzeko, oinarrizko eskubide logiko eta ukaezina edozein demokraziatan.

Ez dute honela ikusten Espainiako legegile, epaile, fiskal, kazetari eta iritzigile gehienek. Euskal Herriko biztanle askok azken urteotan etengabe jasan behar izan dituzte beren demasiak. Izan ere, ilegalizazioek eta kartzelaratzeek ez dute etenik; delitua, 20.artikulu horrek babesten duena egitea: biltzea, antolatzea, erakunde politiko batean parte hartzea. Lidergoa duelako Otegi da adibiderik ezagunena eta arrazoi askorengatik adierazgarriena; tamalez, baina, ez da bakarra: ehunka dira antzeko arrazoiengatik espetxean daudenak edo egon direnak, hauetako asko oso gazteak; azkenak, Gasteizko Goizane eta Pou .

Kontua da oinarrizko eskubideen defentsan behin eta berriro kalera atera egin behar dugula. Eta garrantzitsua da hori egitea, sozialki egiten diren gehiegikeria eta eskubide bortxaketa hauek ezagutarazi behar direlako; horrekin batera, Euskal Herrian dugun egoera politikoaren inguruko gogoeta eta diskurtsoa gizartean lantzeko aukera ematen digute honelako egoera tamalgarriek. Komunikatzea eta jendartean eragitea ez da gauza erreza eta horregatik funtsezkoa da ongi pentsatzea honelakoetan zer eta nola egiten den, mezuak eta mezu horiek transmititzeko erabiltzen diren bitartekoak zainduz.

Bide honetan, nire iritzi apalean,  ekintza oso interesgarriak garatzen ari dira, garai politiko berri hauetan oso eraginkorrak eta egokiak izan daitezkeenak, jendearengan eragiteko ahalmena duten gauzak. Gasteizko Harresiak proposamen oso aintzat hartzekoak prestatu ditu azken hilabeteotan. Goizane eta Pouren atxiloketan eginikoa da hauetako bat:

gOizane eta pOu

Eta beste tenore batean, ironiaren bidetik, “Viva el mal, viva el dolor” izeneko ekitaldia gogoangarria:


Ekintza hauek jarraipena dute, larunbateko Giza Katearekin: hiru kilometro eskuz esku, Gasteizko kaleetan, eskubide zibilen alde, kriminalizazioaren kontra. Azken batean, Giza Eskubideen 20. artikulua aldarrikatu behar dugu, hainbeste sumario, atxiloketa eta epaiketa antidemokratikoen aurrean.

Anima zaitez eta hurbildu. 6.000 esku lotuko dira kaleetan salaketa bideratzeko. Arratsaldeko zazpietan duzu hitzordua.

 

 

/