0 commentaires

ALDAKETA EZIN ONARTUZ

Psikologoek esaten dute guztiok ditugula zailtasunak edozein aldaketaren aurrean: nekez egokitzen gara egoera berriei, maila pertsonalean, lanean, erlazioetan ... Ezagututakoak segurtasuna ematen digu, eta berriak, aldiz, beldurra. Horregatik, askotan, aldaketa bera dagoenik ezin onartuz ibiltzen dira pertsona asko: mutilak ez nau benetan utzi nahi eta nigana itzuliko da, edota prozedura berri horrek ez du iraungo lanean eta beti bezala egingo dugu ...Kontua da aldaketak gehienetan geratzeko etortzen direla. Antzeko zerbait gertatzen ari da Espainian euskal gatazkarekin: hango politikari, kazetari, epaile ... gehienak gauzak duela bost urte bezalakoak direlakoan daude. Jakin badakite ezker abertzalean estrategia aldaketa sakona gauzatu dela, eta eszenatoki erabat berria dagoela, baina ezin dute benetan onartu. Bestela, nola ulertu azken bolada honetako atxikoketa, debeku eta abarren uholdea?

Psikologoek esaten dute aldaketaren aurreko erresistentziak aldiak dituela. Lehenengoa UKAPENA da: ez da ezer aldatu. Argi ikusten dugu egunero: berdin da zer nolako erabakiak eta adierazpenak egiten diren, inoiz ez dira nahikoak izango aurreko eskemetan finko geratu nahi duenarentzat. Hasieran ETAk hiltzeari utzi behar zion; su-etena heldu zenean ez zen nahikoa, erabatekoa eta betikoa izan behar zuelako; hori erabakita, egindako mina onartu behar zuen; eta abar ...; egiten dena egiten dela, berdin da. Ukapenean bizi denarentzat errealitateak bost axola. Baina errealitatea temosoa da, eta Euskal Herrian urte hauetan garatzen ari den aldaketa sakona; ikusi nahi ez dutenak ere ohartuko dira egunen batean.

Aldaketaren aurkako bigarren fasea HASERREA da. Aldaketa nabarmena denean, ezinbestekotzat ikusten denean, beste erremediorik ez dagoenean, haserrea sortzen da. Ez dakit azken asteotako gertakizunek honekin duten zerikusia, baina hala dirudi. Zergatik egon daitezke guzti horiek hain urduri eta hain haserre egoera berri honetan? Aurreko errealitateko klabeak eta prozedurak ezagutzen zituzten, eta erabiltzen zituzten. Argi zuten haien kokapena eta beste guztiona. Baina orain mugimendua egon da, gauzak ez daude lehen zeuden lekuan eta aurreko moldeek ez dute balio. Egoera berri honetarako tresnak faltan,  segurtasun gabeziak haserrea sortzen du.

Hirugarren fasea aldaketen aurreko erresistentzian NEGOZIOAZIOA izaten da, hau da, errealitate berriarekin nola edo hala bizi behar da; eta horrek testuinguru berriarekin hitz egitera, erlazionatzera behartzen gaitu, ezin da betiko ez ikusiarena eta ez entzunarena egin. Eta hainbat erabaki eta errealitate egokitu behar dira nahitaez. Antza, euskal gatazkaren prozesu korapilatsuan ez gara honaino heldu, baina argi dago alde askotariko elkarrizketak eta harremanak gauzatuko direla, gero eta gehiago, datozen hilabete eta urteotan. Errealitatean dagoenak errealitateak ematen duenarekin jolastu behar du, erabat jokoz kanpo geratu nahi ez badu behintzat.

Azken fasea ONARPENArena da, batzuetan mingarria, beste batzuetan itxaropentsua, hainbatetan alaia. Egoera berria berria izateari uzten dio eta integratu egiten da egunerokoan, modu batean edo bestean.

Batzuk iraganean bizitzen tematzen dira, atzera begira, hortik ezin mugituz, mina eta itsukeria sortuz. Aurrera begira dagoena lehenago egokituko da eta hobeto kokatua egongo da aldaketak baliatzeko. Eta are hobeto bera aldaketaren eragile moduan jartzen bada lanean. Euskal Herrikoak ezezik, Catalunyan gertatzen ari denak ere lekuz kanpo harrapatu ditu, beste garaian bizi dira, ez onarpenean eta haserrean. Horregatik ez ditugu ulertzen, horregatik egiten zaizkigu hain arrotzak beren hitzak, beren erabakiak.

/