Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Londreseko Zubiko erasoaren inguruan

Pasa den asteburuan Britainia Handiko hiriburuko London Bridge zubian gertatu zen erasoak giroa erabat astindu du herrialdea abenduaren 12rako hauteskunde kanpainan bete-betean dagoen honetan. Gizon batek labankadaz bi pertsona hil eta hainbat zauritu zituen, harik eta Poliziak bera hil zuen arte.

Komunikabideek oihartzun handia eman diote eraso honi, baita gure artean ere. Egunkariotan lehen orrian eguneko berriek agintzen dute eta ez naiz ni kasu honetan konparaketa kritikoak egiten hasiko.

Politikariek horrelako gertaeren inguruan agertzen duten jarrera, ordea, benetan salatzekoa da. Eta ez bakarrik politikariena, baita kazetariona ere.

Boris Johnson lehen ministroak ez du minutu bat ere galdu bazterrak nahastu eta gertakari odoltsuari probetxu elektorala ateratzen saiatzeko. Jihadismoagatik, zehazki Londreseko Burtsaren aurkako erasoa egiteko asmoa izateagatik, atxilotuta egon zen Usman Khan eta kartzela zigorraren erdia bete zuen, iaz eskumutur elektronikoarekin kalera irten zen arte.

Halakoetan, eskuinak –eta ultraeskuinak, honetan ere ez baitago alderik–, gogor ekiten dio espetxe arloko legeriaren «ahulezia» salatzeko. Usman Khan bezalakoek zigor osoa bete behar dute eta, ahal bada, ziegan usteldu ere bai azken arnasa eman arte.

Zaila da, benetan, horrelako gertakari baten aurrean zirrikitu guztietatik demagogia darien mezuei erantzutea.

Hala ere, ez dut uste egokia denik mezu hauei aurre egiteko ezkerrak, eta hainbat kazetarik, erabiltzen duten kontraargudioa: horrelako erasoen atzean omen dauden «sustraiak», hain zuzen.

Hauen iritziz, «sustraietara» jo behar dugu eraso jihadistok «ulertzeko», hots, Mendebaldeak, eta kasu honetan Britainia Handiak, Ekialde Hurbilean eraman izan duen politikak du «errua».

Ez ditut nik onetsiko Britainiar Inperioak hango herrialdeen aurka egin zituen sarraskiak, ezta ere, oraintsuago, Iraken inbasioa bedeinkatu zuen Tony Blairren basakeria.

Hala ere, egungo jihadismoaren nondik norakoa «sustraitibismo» batean agortzea eskuinaren demagogiari demagogiarekin erantzuten saiatzea baino ez da. Eta, tamalez, askozaz sinpleagoa eta, beraz, eraginkorragoa da eskuinaren mezua. 

Askorentzat ez baita samurra ulertzea nolabaiteko zor historiko bategatik jaso dezaketela Londreseko edo Pariseko edozein kaletatik doazela labankada edo tiro bat.

Eta kasu batzuetan, askotan ez bada, jihadismoa (edo beste edozein ismo) aitzakia baino ez denean sustraian dauden beste arazo batzuk ezkutatzeko.

Jeremy Corbynek berak ondo baino hobeto azaldu du asteburu honetan zera esan duenean. «Mehatxu terrorista ezin dugu soilik kanpo arazo bat balitz bezala aztertu. Hala ere –gaineratu zuen–, gure gobernuen ekintzek, gehiegitan, arriskua leundu beharrean suari egur gehiago bota izan diote».

Agian komunikabideok ere egur gehiago botatzeari utzi beharko genioke horrelako gertakarien berri emateko eta dimentsionatzeko orduan.

Eraso hauen berri eman behar da, noski, baina galdera bat egin, eta posible bada galdera horren erantzuna ezagutu ondoren. Zenbat labankada egon dira aurreko astean 10 milioitik gora biztanle dituen Londresen? Hor baitago beste kontu bat.

 

 

 

 

 

Recherche