Surflari ernegatua blog naiz+

Bustin Down the Door

Rabbit Bartolomew surflari profesionalak ez zuen ulertzen zer egin zuten gaizki. Egun batzuk lehenago, Rabbbit (Untxia), 22 urteko ilehori australiar argal eta harroa Sunseteko urautsitik kolpeka atera zuten. Hortzak hautsi zizkioten eta erasotzaileengandik ihes egitea lortu ez balu auskalo noraino iristeko prest egongo ziratekeen “animalia” haiek.

Asteak egin zituen untxiak, Kanga bere lagunarekin, hoteletik atera gabe. Ohauko irlan haien buruak nahi zituzten eta Eddie Aikau bertako surflariagatik ez balitz, agian gaur ez leudeke mundu honetan. Ikasgaia ikasi zutela diote, beren portaera apaldu zutela, beren arbasoek zigortu zituzten hawaiiarren oinordekoek hainbeste zergatik gorrotatzen zituzten uler zezaketela, baina ez da egia, mendebaldeko gizaki ororen gaitza baita, dagokigun erantzukizuna geure ez egitea.

Rabbit eta Kanga, antzinako erara epaitu zituzten hawaiiarrek, mahai baten inguruan, eta sententzia edozein izan zitekeen. Beldurrak jota soilik egin ohi den jarrera aldaketa egin zuten, baina egun oraindik beren burua epai hartako garailetzat aurkezten dute bi australiarrek, bizirik daudelako. Beraz, benetan ulertu al zuten hawaiiar aborigenek egin zieten epaia?

Surflari horiek beren helburu pertsonalak goratzeko bitarteko moduan baino ez zuten ikusi Oahuko iparraldea, eta berrehun urte lehenago gizon zuriak jardun zuen modu berean aritu ziren. Eddie Aikauk, urtez urte, gertaeraz gertaera, hiletaz hileta, kontatu zien gatibu ziren bi australiarrei haien sufrimenduaren historia, eta Bartholomewk, hitzez hitz entzun eta ulertu omen zuen, baina egun oraindik, ez du, ez dugu, hawaiiarren historian guztiok dugun erantzukizuna geure egin nahi, ia guztiok baikara errudun.

Orain, Greziako kostaldean, Aylan Kurdi hiru urteko haurraren zerraldoa ikusten dugu, eta gerratik ihesi datozenei ateak ireki behar dizkiegula sentitzen dugu, sakonean, gutako bakoitzak erantzule zuzen garela bai baitakigu. Baina kontua ez da ateak ireki eta kontzientziak lasaitzea. Bizi garen bezala bizitzeko, gosez edo metrailaz hil behar du jendeak munduko beste leku gehienetan, eta hori horrela izan ez dadin, eredua aldatu behar da, goitik behera. Horretarako ez gaude prest, ordea.

Bartholomewk ez zuen Hawaiiko uhartea utzi heriotza mehatxuak jaso ostean. Prest zegoen bere akatsak zuzentzeko, baina ez aurrez gizaki zuriak egin zuenaren zama bere gain hartzeko. Gu ere antzeko jarrera hartzen ari garelakoan nago.