0 commentaires

Elurrezko Ohial Zuria

(Argazkia: blogari.net)

Orain urte batzuk, hondartzatik itsasora bidean, gizon garai eta ile urdindu bat ikusten nuen, ipar-mendebaldera begira, iparrorratz batek gidatuko balu bezala, kolore desberdinetan bustitako pintzel apal batekin oihal zuriaren gainean marrazten. Ikusten nuen aldiro zera pentsatzen nuen; «historian lan gehien eman duen koadroa izango duk horrako hori».

Noski, oker nengoen, artean, ez jakin eta ondorioz lotsabako, ez nekien Ernest Hemingway zirudien pintore hura nor zen. Beranduago, margo erakusketa batean izan nintzen, eta bertan, inoiz ahaztuko ez dudan egutegi bat ikusi nuen. Urteko egun guztiak ordezkatzen zituzten koadrotxo txikiak txukun lerrokatuak zeuden. Zarauztik begiratuta, Getariako San Anton mendia, hondartza zati bat, ortzi muga, eta batez ere, itsasoa ageri ziren. Urteko egun bakoitzean izan zen haizea, eguraldia, itsasoaren kolorea eta zeruko hodeien joan-etorriak bikain irudikatuak zeuden

Orduan konturatu nintzen egunero lanean ikusten nuen gizon hark ez zuela urte batean koadro bakar bat egin, 365 baizik. Egutegian murgildu nintzen, olatu onak izan ziren egunak han zeuden, baita olaturik gabeko barealdi luzeak ere. Itsaski handietako mugimendu etengabea eta elurra egin zueneko hura ere bai.

Margolari nekaezina da Juan Luis Mendizabal, Mendi, eta sarri, Alessandro Bariccoren «Ozeanoa, itsasoa» liburuan agertzen den pertsonaia bat ekartzen omen du gogora, beti itsasoa margotu nahi eta ezin duena; itsasoa margotu ezin delako, oihala zikindu gabe uzten duen margolari bat.

Elurra itsasbazterrera heltzen denean, aparrak, hodeiak, eta paisaia orokorra irudikatzeko oihal zuria ispilu bilakatzen den kristalezko egun hotz hauetan, egutegi hartako irudiekin oroitzen naiz, eta koadroan bertan, egilea bera imajinatzen dut, lehen plano batean, aulki batean eserita, patxadan, aurrean duen paisaia zoragarria pausatzen.

/