Surflari ernegatua blog naiz+

Itsasoari Begira

Olatzek leihotik itsasoa ikusten duela egiten du amets. Eta horrela, «Itsasoari begira» abiatu gara gu ere. Hori da berri agentzia desberdinen goiburua. Irrati esatariak itsasgoraren zain daudela iragartzen du, bost eta sei metroko olatuak kostaldea birrintzeko asmotan omen datoz. Bitartean, garai batean hondartzatik gertuegi eraiki zituzten eraikin karratuen azpialdean diren saltoki eta tabernetako jabeek oholak erabiliz jasotzen dute beren zurezko gotorlekua.

Mirentxineko gidariak, atsedenik hartzen ez duen haizetakoa zeharkatu duen begirada bota du zeru ilunera eta irratia itzali du. Irrati esatariaren ahots asaldagarria musika ezti batek estali du, apal, goxo, eta itsasoari begira jarraitu dugu, Benito Lertxundiren hitzekin, «haize enbata, brisa, galerna, gaur garbi, bihar nahasi...ai itsasorik ez bageneuka, zeri so negarrez hasi».

Gainezka egin nahi duten errekak, itsaso zakarra eta haizeak narrasten dituen orraztu gabeko belaze berdeak atzean utzi, eta kartoizko muinoak dituen lurralde lehorretara abiatu gara. Bidaia luzea da, arriskutsua, aspergarria, graziarik gabea, laua, tristea, antza, gizartearen zati handi batek nahi lukeen bezalakoa...«ispilu hortan ikus gaitezen, herriz herri hauzoz hauzo....».

Olatzek, leihotik itsasoa ikustearekin amets egiten duela esan dit. Eta ez da harritzekoa, isolamenduko ziegako leiho ttipitik ikus dezakeen gauza bakarra porlana baita, barroteak eta laranja koloreko adreiluak.

Patioan, modulu berean diren bi kideak ikusten ditu, ziega baino apur bat handiagoa den alanbre eta pareta altuko eremu itogarrian. Kasik errazagoa da ziega hotzean arnas hartzen. «Azken arnasa ematen dugu eguzkitik eguzkira...» dio Benitok. Olatzek ordea, ez du eguzkirik ikusten, ez da patioko zuloan behera sartzen. Salto batez, eskua luzatu eta eguzki izpi bat sentitu nahi luke, segundo bateko berotasun goxoa jaso bederen, airean urtu, lur bilakatu, hormetan disolbatu, landak zeharkatu...

Itzulerak badu bere osagai gazi-gozoa. Lagunak atzean utzi ditut, muturreko egoeran, ikusmenak 15 metroko distantzia bat gainditzeko eremurik topatuko ez duen hilobi moduko galerietan. Bestetik, berdera itzultzen naiz, oxigenoak bere lehen letra hizki larriz harro agertzen duen herrialde menditsu kaotiko horretara. Juglare oriotarrak, gitarra esku artean, itsasoari begira jarraitzen du, eta enegarren aldiz, errepikatzen du: «Azken arnasa eman nahi nuke, eguna hiltzen ari da...azken arnasa eman nahi nuke, Itsasoari begira».

Olatzek, preso daukaten leotz zerratuan, leihoko burdin harietako zulotxoetatik barrena begiratu eta parean duen horma likitsari kasurik egin gabe, itsasoa ikusten duela amets egiten du. Nik ere antzeko ametsak ditut. Nire logelako leihotik ikusten zaituztet, itsasoa amets duzuenoi, uhin eta olatu artean igeri egiten, ur azal urdina astindu eta airezko burbuila zuriak ateratzen, pozarren. Ideia platonikoa da, bai, baina noizbait egia bihurtuko dena.