0 commentaires

Olatuak sortu

 

Zuetako asko bezala, Abian eztabaida prozesuan parte hartzen ari naiz. Gustura nabil, iparra marraztu eta indarrez ekingo diogulakoan. Txostena ulertu dudala uste dut, baina bada atal bat ulertzea kosta zaidana, eta paradoxikoki berau azaltzeko erabiltzen den adibidean menderatzen dudan eremu bat aipatzen da, surfa, alegia.

Estrategia aldaketarekin ezker abertzalea egoera berriari etekina ateratzeko gai ez zela izan esateko honako adibidea jartzen da: «Egindako mugimenduaren inertziaren baitan surf eginez aski izanen genuela pentsatu genuen hasieran. Alta, gure oinetan agortu da olatua eta ez dugu ulertu mugimendu eraldatzaileak, olatuak baliatu baino, olatuak sortu behar dituela». Ez dut ulertzen, baina ez dio axola, surfa modan dago...

Olatuak sortu behar dira, beraz. Ondoko artikuluan daukagu adibide bikain bat. Hiru lagun elkartu dira helburu garbi batekin, olatu bat sortzea; horretarako bitarteko nagusiak irudimena eta lanerako gogoa dira. Estrategia finkatu eta egin beharreko urrats taktikoak diseinatu dituzte, beti ere errealitatea eta buruan duten ametsetako irudiaren arteko harremana gehiegi lausotu gabe. Eskura dituzten tresnekin baliabide berriak sortu dituzte, hainbat saialdi egin eta azkenean jarritako helburua lortu dute.

Hiru lagun hauek lanean hasi aurretik, ziur aski, izango zituzten jarraitu beharreko zenbait irizpide. Irizpide moralak, esate baterako, zera esango zien, proiektua aurrera eramateko ez duela merezi inor akabatzea edo esku artean ez duten tresneria lapurtzea. Irizpide ekologistaren arabera ere jardun zezaketen; alegia, ezin eraiki zezaketen kutsatzailea izango zen zerbait. Hots, irizpideen arabera beti jarduten dugu, baina irizpideak partekatzen badira edo hauek oso zorrotzak ez badira, errazagoa izango da aurrera egitea.

Imajinatzen dituzue hiru lagun hauek proiektua aurrera atera aitzin eztabaidan? Batek, zera esango luke, hiru mutilen artean ezin dela inolako proiekturik egin, gutxienez beste bi neskaren parte hartzea bermatu behar dela. Besteak, gehienez zortzi ordu lan egin behar dela dioen hitzarmena sinatu beharko litzatekeela. Hirugarrenak, proiektuan erabiliko den materialak euskal labela izan behar duela, eta horrela, hirurak tematuko lirateke bakoitzaren irizpideak gailenarazten.

Hortaz, orain olatuak sortu behar omen dira, edo olatuak sortzeko baldintzak, baina nola sortuko da ezer, helburu estrategikoak eta berauek lortzeko irizpideak maila berean jarri eta gainera azken hauek irizpide baino arau forma hartzen badute? Nik ez dut nire burua ez feministatzat, ezta langile klasekotzat, ez demokratatzat, ezta euskaltzaletzat ere, ez behintzat egun kontzeptu horiek ulertzen diren moduan. Ez ditut betetzen profil horiek izateko exijitzen diren ezaugarriak eta, gainera, enpresaria naiz; beraz, eztabaida prozesuan parte hartzen ari banaiz ere, parte izan naizen mugimendu horretatik at sentitzen naiz. Hala ere, zuekin nago. Hiesaren kontrako egunean espetxe bateko leihotik zintzilik zegoen pankartak zioen moduan, «aunque no os acordeis de nosotros, estamos con vosotros».

/