Liher: hirugarren diskoaren grabaketaren egunerokoa
Liher taldekoak, grabaketa estudioan.
Iñigo ETXARRI SISTIAGA|17/02/2020

Azken eguna izan daiteke estudioan. 3 kanta besterik ez ‘Hemen herensugeak daude’ diskoaren grabaketa amaitzeko. Diseinua Matu Santamaria ilustratzaile argentinarraren eskutik etorriko da; honekin ere denbora eman dugu narrazioa marrazkietan nola azaldu lantzen. Ez dizuet aipatu? Diskoak istorio bat kontatuko du, narrazio bat darama bere baitan. Eta istorio hori abestiz abesti azalduko da, ilustrazio batekin abesti bakoitzean. Baina ez dut pista gehiagorik emango, orain grabaketa amaitzea tokatzen da; goazen estudiora!

Iñigo ETXARRI SISTIAGA|16/02/2020

A ze gaua pasatu dugun. Uderzo eta Goscinnyren galiarrek dioten bezala, zerua buru gainean eroriko zitzaigula zirudien. Entzun dugu Ebroko delta bera ere urez gainezka dagoela. Baina badirudi ekaitza bere amaierara heltzen ari dela. Gu estudiora goaz, gero eta gutxiago falta baita. Goazen!

Iñigo ETXARRI SISTIAGA|SANT FELIU DE GUIXOLS|15/02/2020

Eta momentu honekin, amaitutzat ematen dut nire gitarren grabaketa. Lide, Zure txanda! Al lío! Badira bizpahiru egun Lide Donostiatik etorri dela. Eta berarekin Gloria sasiurakan hau ekarri duela dirudi. Eguzkiaz gozatu nahi zuen, Costa Brava eguraldi onarekin lotzen dela beti eta horrelakoak, ez? Ba beste behin ez da araua beteko, zer egingo diogu? Santik estudioan gitarra asko ditu, pila bat, eta kristorenak. Baina Lideri ez dio batek ere balio, ezkerren errealitatea uste duguna baino mugatuagoa da! Soinua bilatzen aritu dira nire gitarraren hotsetik aldentzeko. Pare bat entseguren ondoren bata bestearen atzetik grabatu ditu donostiarrak!

Iñigo ETXARRI SISTIAGA|SANT FELIU DE GUIXOLS|14/02/2020

Iritsi da nire txanda. Oso memoria txarra dut eta eskerrak Lide oroitzen den noizkoa den kantu bakoitza. Asuntua da, ‘Tenpluak Erre’ grabatu aurretik (2017 inguruan) jada bazeudela tinteroan geratu ziren abesti-proiektu batzuk, eta oraingoan buelta bat emanez eta gehiago landuz, disko honen parte izatera iritsi direnak (‘Ezti eta etsizko egunak’, ‘Oskarbi’ edota ‘Marte’). Hala ere, disko honetan badira ohiko estiloetatik irteten lagundu diguten abesti berriak ere, orain arte landu gabeko erritmoak.

Iñigo ETXARRI SISTIAGA|SANT FELIU DE GUIXOLS|13/02/2020

Gauez iritsi gara Sant Feliu de Guixolsera, eta ez dugu ingurua ikusten, soilik ilargiak ikusten uzten diguna, eta konturatu gara ez garela satelite bakarrak. Pare bate egun ditugu libre eta herria eta ingurua ezagutzeko aprobetxatu dugu. Lazo horiak eta preso politikoak askatzeko aldarriak hormetan, hemen ere zoritxarrez badute urrutitik emandako aginduen berri; ehunka kilometro egin arren, gauza batzuk ez dira aldatzen. Turistentzako egina dago dena (edo hori dirudi), afixak errusieraz! Baina kala eta kostako txoko politek konpentsatzen dute turismo masiboak eragindako txikizioa, behinik behin, honekin konformatu beharko.

Iñigo ETXARRI SISTIAGA|Sant Pere Malanta (Penedes)|12/02/2020

Lehen egunean, lehen orduan esnatu eta gauden masiatik kotxez 10 minutura dagoen taberna batera eraman gaituzte. Ordal herriko Casablanca tabernara: 09.00 a.m., babarrunak eta ardoa gosaltzeko, hemen broma gutxi. Horrekin nahikoa ez, eta otartekoak edo normalean eguerditik aurrera jaten den edozer dugu aukeran. Baina esaten den bezala «zer ikusi, hura ikasi», ez gara gu izango ebaki edo kafe hutsa tostada batekin besterik ez gosalduko dutenak, ezta? Beno, bete dugu sabela eta bagoaz bueltan estudiora!

Iñigo ETXARRI SISTIAGA|12/02/2020
Mapetatik at: hirugarren diskoa grabatzera goaz
Bideoklipa
LIHER
Loading player...


Liherren ‘Hemen herensugeak daude’ diskoak badu lehen singlea. ‘Teloia’ izenpean, taldeak gaur aurkeztu du lan berriaren aurrerapena. Disko grabaketaren prozesua jarraitu dugu NAIZen webgune berezian..