Harkaitz Canok idatzitako narrazioa


4. ATALA

DNABOOK

HARKAITZ CANO | 2013/08/07

 

-Dnabook-en ibili naiz zure bila, can´t find you... –esan diot.            

-Ez nauzu topatu Dnabook-en, ez nagoelako Dnabook-en, Didi.

Damn it. Horietakoa zen, beraz. Teknologiari eta aurrerabideari uko, bizitza pribatuaren harresiari oles. Gardentasunari muzin, my private is my private. Life, of course. Geratzen ziren oraindik halakoak. The last of the mohicans. Erresistentetzat izango zuen agian bere burua and all that crap? Batek daki. Izozteari ere uko egingo zion, agian? No shit. Hori ez nion irentsiko. Erreferendumean kontra bozkatuko zuen? Can´t believe it. Lehen sintesia hartzen ari ginen –Bull on Blue, no ice– eta goizegi zen galdetzen hasteko. Estreinako hitzordua zen, gainera. The very first. Nora Stewart izena zuen –izena ere amonarena, old fashioned, aurreko mendekoa–  eta hogeita hamar bat urte izango zituen. Eskas. Askoz gehiago ez nekien. Putzu sakonetan sartu aitzin, intimitatea jorratzea komeni. That´s best. Nik jarraitu baino lehen hartu zuen hark hitza.

-Badakit zer pentsatzen duzun. Transparentzia, biogarapena eta zabor hori dena... Baina gauzak lehen ez ziren horrela. Ez dira horrela izan milaka urtetan. Eta ez daukate zertan hemendik aitzinera ere horrela izan.

-Baina DNA proba egingo zenuen inoiz, zeure golkorako gordetzeko, at least.

-Ez. Ezta batere.

-Ez dizute zure DNA irakurri sekula?

-Inoiz ez.

-Never? Can´t believe it. Aseguruak eta hipotekak emateko derrigorrezkoa zela uste nuen.

-Foru Erresuman ez. Salbuespen Legediaren barruan sartzen da, preseski. Gainera, nork erran dizu hipoteka bat dudanik? Agian ramegante bezain aberatsa naiz, agian familiako dirua daukat, agian...  

Orduan jabetu nintzen. My gosh! Nafarra zen! Eta euskara batuan mintzo zen, gainera. Dnabook-en egon ez eta euskara batuan mintzatu? Positive, old fashioned. Sintesiak ordaindu eta handik lehenbailehen desagertzea onena. Hala agintzen zidan senak. Better being way out of here, man. Lanjerosa izan zitekeen, baina hain zen ederra godess hura... Mighty beautiful.

Beste bi Blue, please.

-Any ice on?

-Ez, hormarik gabe. Eta izan dadila sintesia 20 years old, han izkinan daukazun horretatik.

-Bista ona daukazu... Ez du edozeinek letra txikia hain urrunetik ikusten...

-Think so? –harrotu egin nintzen nire ikusmen ahalmen zehatzaz. Deformazio profesionala.

Minibaporizazio eremutik pasa zuen kamareroak sintesi pastillatxoa, lurrin egoera har zezan. Gero kardamomo apur bat bota zion gainetik. Modan zegoen litxarreriatxo hura. Love that thing, aitortzen dut.  

-Why euskara batuan?

-Ez naiz bakarra... Hain arraroa da?

-Gazteen artean, I mean, ez zarete asko...

-Gogaitu egiten zaitu?  

-Ez, deigarria egin zait, that´s all...

-Bilbatura pasa naiteke, nahi baduzu... BGA titulua badaukat, aprobatu nuen azterketa. Can speak it.

-Ez, ez... Cool enough. Nigatik batuan segi dezakezu.  

Betaurrekoak zeramatzan soinean, horretan nahikoa hipsterra zen, ez zeukan, gehienok bezala, oronet operativea kontaktu lenteetan ezarria. Nola esaten zioten horri joan zen mendean? Gafapasta. Argi urdina piztu zitzaion begi berdeen gainean. Tira, brainphone bat bazeukan, at least.

-Barkatu, dei bat daukat. Oraintxe nator.

Nora kalera atera orduko hasi zen musika aldaketarako tartea. Lokaleko jendeari begiratuta nabarmena zen, bozketan parte hartuta ere, nire gustuekin ez neukala zereginik. Hala ere, moonwave-aren alde bozkatu nuen orojukebox parte-hartzailean. Hipnobozketaren emaitza? Esperotakoa: XX. mendeko musika txatarreroa. Shitty one. Orgasmoteka hura erabat rusty zegoen. Pentsatzen jarrita, ni ote nengoen tokiz kanpo euskara batuari buruzko nire erreparoekin eta Dnabook-ari buruzko nire galdera inozoekin? Komunera joateko baliatu nuen unea. Eskuak bakteriogabetu eta, aspaldiko partez, osasuntesta egitea erabaki nuen. Oronet operativearen zenbakia ez zuen onartzen gailuak eta nire lepo atzeko QR tatuaje zaharkitua erabili behar izan nuen ordaintzeko. Osasun indize guztiak ongi neuzkan. Hobe horrela. Izoztekotan nintzen egun haietakoren batean. Can´t wait to do that.

-Sentitzen dut, baina utzi egin behar zaitut –desenkusatu zen Nora, bere Blue-a eta nire get laid tonight aukerak kolpe bakarrean kontsumituz.  

Gonna have to jerk myself tonight, nik nire artean.

-Kontuz zer pentsatzen duzun... –irribarrea atera zitzaion Norari.  

-Barkatu?

-Betazal-gardeneko... nola erraten diozue ba euskara bilbatuan? Oronet operativea? Ba hori... azpitituluak aktibatuta dauzkazula.  

Shit. Barregarri gaur ere, Didi.  

-Ez didazu esan zein den zure lana, Didi...

-Filologoa naiz. Eta euskaltzaina... among other crazy things... Hortik datorkit agian bista zehatza. Eta zu?

-Ni langabezian nago.

Nor bere etxera. Rollingtaxira sartu orduko ikuskatu nuen Goopple-en: XXI. mendeko liburu zaharrei begira egon nintzen. Batuaz idatzitako testuak. XXI. mendeko gure klasikoak: Itxaso Araque, Amaiur Prat, Uxue Alberdi, Hedoi Etxarte... Old times. Nolakoak ote ziren garai purista eta garbizale haiek? What the hell ote zen garai hartan bizitzea?