Harkaitz Canok idatzitako narrazioa


6. ATALA

ATZERA KONTAKETA

HARKAITZ CANO | 2013/08/09


Frankotiratzailea Isozaki Dorreko apartamentu batean dago, Ray-Ban demodé batzuk soinean eta mira luzeko arma teleskopikoa zehaztasun handiko argazki-sentsore sakagailuarekin aktibatzeko prest.  DNA spray-inhibidorearekin garbitu du bere burua, baina badaezpada ere, painelu estu bat dauka buruan lotuta. Ilerik ez erortzeko balioko luke, baldin eta kaskoa azal-arras moztua ez balu. Tiro egin ondoren,  bere burua automatikoki reseteatuko du, memounitatea zerora ipiniz, atxilotuko balute ere bere ordaintzaileen arrastorik gera ez dadin bere oroitzapenetan. Armak dauden lekuan laga eta hanka egingo du handik gero. Horretarako, baina, memounitatea zerora ipinita izango duenez, mezu bat idatzi du komuneko ispiluan, letra larriz: «HANKA EGIK FROM HERE, NOW!». Hura irakurtzean durduzadurak gehiegi eragin ez eta handik ihes egiteko aski erreflexu izatea espero du, ezingo duenez egin duena inolaz ere oroitu. Euri lanbroa dagoenez, giroa hezemetroarekin neurtu ondoren, armaren pantaila digitalean gaurkotu ditu airearen presioari dagozkion datuak, egon daitekeen desfase milimetrikoa doitze aldera. Guggenheimeko sutunpa-tren geltokiaren berrinaugurazioa holograma bidez egitea gomendatzen zioten aholkulariei muzin eginez, bertan izango da gaur Abdul Gerrikagoitia lehendakaria, eta baita Espainiako erregea ere, Froilan II.a, Euskal Protektoratuak Espainiako estatuarekin dituen harreman onen itxura eman nahian. Bi horietako bat da bere helburua.

Eskularru beltzak jantzi eta fusilaren zementuzko oinarria finkatu du, horretarako beharrik ez dagoen arren. Sentsore fotoelektrikoaren sakagailuarekin ez dago armaren katua ukitu ere egin beharrik (forma hori ematen diete oraindik armei, baina tradizio hutsagatik da, ukitu retro bat eransteko baino ez). Sentsore horren bidez, sakadak eragingo lukeen desbideraketa oro saihestea lortzen da. Armaren bidez teleskopikoki jasotako Guggenheimeko sutunpa-tren geltokiko sarrera anplifikatua dauka horma zuriaren gainean, eta eskala errealean baino are handiago ikusiko du bertan bere begipuntuaren xedea. Hain zehatza da eskaner kirurgikoetarako erabiltzen duten software pirata hori ze, ez soilik bihotza, bihotzaren sarrerako aorta arteria bera ere tiroka bailezake arazorik gabe, doitasun milimetrikoz, bete-betean. Haur jolasa. Errazagoa ezin.  

Pazientzia galtzea da tiratzaile bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena. Dena prest baino prestago daukanean burua hotz ez mantentzea, alegia. Sintesi bat hartuko luke gustura. Bull on Blue bat dauka hozkailuan eta hura hartuta ere bere lana berdin-berdin burutuko lukeela dakien arren, eutsi egin behar dio tentazioari. Beste ezer baino lehen, profesional bat da. Ezin du hutsik egin. Eta, hala ere, goizegi da oraindik. Goizegi prestatu du dena, azazkalei hozka egingo lieke eskularruak soinean ez balitu. Orobista piztu du, baina ez du entretenigarri suerta dakiokeen ezer topatu. Bestalde, ez zaio serioa iruditu oronetean pornografia bilatzen hastea orain, hain zeregin larriaren atarian. Bull on Blue-a eta pornografia, beranduago. Orgasmotekara joan behar luke, agian. Ispiluan apuntatuko balu? Ez, hobe ez. Musika klasikoa bilatu eta Bachen txelorako sonata bat hautatu du kanaletako batean. XX. mendeko film beltzetako hiltzaile askok maite zuten musika klasikoa. Zergatik ote? Euren zeregin lazgarriari aurre egiteko oreka ematen ote zien musika klasiko lasaiak? Hilketa baterako soinu bandarik egokiena da orkestrarena? Musika zehatza delako maite zuten akaso, haien ofizioa bezain zehatza, alegia? Ezin zuen kasualitate hutsa izan. Beste kanalean, hala ere, zabalik utzi du albist-haria, lehendakariaren nondik norakoen berri ematen ari dena etengabe. Baobileko –lehen Bilbao– sarreran omen dago oraindik. Dena doa ezarritako programari jarraiki. Dena pentsatutakoaren arabera.

Alegia, lar berandu beretzat.

Bat-batean heldu dira espaziontziak. Han paratu dira, Guggenheim gainean. Irreala iruditu zaio oso eszena: espaziontzi bat beste espaziontzi baten gainean. Nola liteke, halakorik? XX. mendeko antropologo batek idatzita utzi zuen legez, Marilyn Monroeren gona altxatuaren izaera sexya zuen behiala museo eta egun tren geltoki zen eraikin hark. Bilbao zaharrean –orain Baobil– lur hartutako espaziontzia Guggenheima bera zen, eta, beraz, ez zen sinesgarria suertatzen espaziontzi berri horien agerpena.

Albist-hariak baieztatu egin zizkion susmoak: segurtasun arrazoiak medio, lehendakaria Baobiletik lekutu zutela.  

Operazioa bertan behera utzi eta argibide berrien zain geratu beharko zuen.