Mikel Chamizo
Entrevue
Miren Urbieta-Vega
Sopranoa

«Nire hizkuntzarekiko maitasunak eraman nau euskal abestietara»

Donostian jaioa, kantuko lizentzia Musikenen lortu zuen. Garrantzi handiko sariak irabazi ditu: Campoamor sarietako «Urteko Abeslari Nabarmenena» izan zen 2015ean eta Viñas lehiaketan «Espainiako Kantaririk Onena» izendatu zuten 2014an.

Miren Urbieta-Vega. (Michal NOVAK)
Miren Urbieta-Vega. (Michal NOVAK)

Miren Urbieta-Vega soprano donostiarrari ezin hobeto doazkio gauzak azkenaldian: Estatu espainoleko antzoki onenetakoetan paper garrantzitsuak estreinatu ditu, eta, gainera, jarduera hori euskal musikaren defentsarekin uztartu ahal izan du, bere pasio handienetako bat euskal errepertorio lirikoa baita. Gaur arratsaldean, Amaia Zipitria pianistarekin batera, Atxaga, Arretxe eta Sarrionandiaren olerkietan oinarritutako hainbat euskal kanta abestuko ditu. 20.00etan hasiko da emanaldia Donostiako San Ignacio elizan eta sarrera doakoa da.

Azken hilabeteak musikarientzat oso gogorrak izan diren arren, badirudi zuretzat nahiko oparoak izan direla: Madrilgo Errege Antzokian eta Zarzuelan izan zara abesten, Bilboko Arriagan aritu zara, Donostiako Orfeoiarekin bakarlari gisa... Nola sortu zaizkizu aukera horiek bizi ditugun garai zailotan?

Pasa den martxoan etxean sartu ginenean, dena nola ixten zen ikustean, momentu oso gogorrak pasatu genituen denok eta musikariok hutsean geratu ginen. Gero konfinamendua arintzen hasi zen, baina artearen munduak oso itxita jarraitu zuen. Nire kasuan, konpromiso garrantzitsu asko bertan behera utzi zizkidaten: Errege Antzokira joan behar nuen Mascagniren ‘Iris’ abestera, adibidez, eta oraindik aukera hori ez dut berreskuratu. Baina lehen hilabete gogor horien ostean, egia da ondo joan zaizkidala gauzak. Madrilen egon naiz aspalditik sinatuta neuzkan kontzertu batzuk emateko; Madrilgo Zarzuela antzokiak egin dituen bi ikuskizunetan lan egin dut, ‘Los Calatrava’ eta ‘Benamor’; eta Errege Antzokian egin duten ‘Don Fernando el Emplazado’ operaren berrestreinaldi historikoan ere parte hartu dut, rol garrantzitsu batean gainera.

Euskal Herrian ere kontzertu ugari eskaini dituzu.

Hala da, bai, joan-etorrian ibili naiz Madrilen eta Euskal Herriaren artean. Bilboko Koral Elkarteak, adibidez, bazeukan euskal operak berreskuratzeko proiektu bat eta grabatzea lortu genuen azkenean. Abendutik aurrera, gainera, itxialdi garaian bertan behera geratu ziren hainbat kontzertu berreskuratzeko aukera izan nuen, eta, egia esan, ia egunero toki batean edo bestean abesten aritu nintzen, proiektu ezberdin askorekin: Xabier Leteri omenaldiak, Donostiako Orfeoiarekin emanaldiak...

Orfeoiarekin lehen aldiz aritu zara gainera, ezta?

Donostiako Orfeoiak asko sufritu du azken hilabeteotan, tamaina handiko abesbatza gehienek bezala. Bere proiektu guztiak bertan behera geratu ziren eta, lan egiten jarraitu ahal izateko, ziklo propio berri bat sortzeko apustua egin zuten. Etxeko abeslariei deitu zieten bakarlari gisa beraiekin agertzeko, eta horri esker abestu ahal izan ditut Rossiniren, Brahmsen eta bestelakoen oratorio zoragarri batzuk.

Pasa den maiatzean Valentin de Zubiaurreren «Don Fernando, El Emplazado» obraren berrestreinaldian parte hartu zenuen. Zuk esan bezala, momentu historikoa izan zen. Nola jaso zuen Madrilgo publikoak?

Sorpresa handia izan zen guztiontzat: musikarientzat, antzokiarentzat eta publikoarentzat. Titulu ia ezezaguna izan da orain arte, baina etxean partitura ikasten hasterakoan berehala konturatu nintzen zer-nolako opera neukan eskuartean. Gainera, nire pertsonaia, Stella, pisu handiko pertsonaia zen. Ulertu dezazun: Verdiren opera bat balitz, segur aski nazioarteko abeslari bat kontratatuko zuten Errege Antzokiko arduradunek paper hori abesteko. Niretzat oso garrantzitsua izan da opera hau, Errege Antzokian nire ahotsa beste modu batean azaltzeko aukera eman didalako, ez paper txiki batean, aurrekoetan bezala, protagonista handi baten eskutik baizik.

Zer garrantzia du opera horrek euskal musikaren testuinguruan?

Operari dagokionez, publikoak oso ondo hartu zuen. Aurreiritziak zeuden, noski: opera espainola, konpositore euskalduna… baina jendeak Donizetti eta Verdi gogorarazten duen konpositore bikain bat aurkitu zuen, dramatikoa, asmo handikoa, sakona baina entzuteko erraza. Kontzertuaren amaieran jendeak txalo zaparrada itzela eskaini zigun, obra oso gustuko izan zuelako. Euskal kulturarentzat oso esanguratsua dela uste dut, baina, nahiz eta berri ona den Madrilen horrelako apustuak egiten direla jakiteak, gure artean musika obra hauek berreskuratzeko esfortzu handiagoa egin beharko genukeela uste dut, gure ondarea baita. Valentin de Zubiaurreren kasua misteriotsua da gainera. Zergatik erabaki zuen talentu handiko konpositorea izanik ez zuela musika gehiago idatziko? Teoria asko irten ziren produkzioan geunden bitartean. Ez da ziurra, baina nik uste dut musika utzi zuela bere bi semeak gorrak zirelako. Beraien heziketan buru-belarri murgildu zen musika alde batera utzita. Eta ez zitzaion hain gaizki joan: bi semeak margolari handi bihurtu ziren.

Ahotsak denborarekin aldatzen joaten dira. Zurea zerbaitetan aldatu dela nabaritu al duzu?

Momentu honetan soprano liriko oso bat bezala ikusten dut nire burua. Ez naiz inoiz soprano-arina izan, ahotsaren zabaltasun bat egon delako beti hor, baina ahotsaren kolorea ilundu egin zait azkenaldian. Horrek aukera berriak sortzen dizkit orain arte egin ezin nituen paperei heltzeko. Datorren kurtsoan, adibidez, Mozarten ‘Kondesa’ aurkeztuko dut Errege Antzokian. Vitelia, Elvira eta horrelako rolak ondo etortzen zaizkit, baita opera «veristak» ere. Eta kolore aldaketa horregatik, Verdi pixka bat lantzen ere hasi naiz: Requiema, Simon Boccanegra, Luisa Miller… Bilakaera horretan funtsezkoa izan da Zubiaurreren ‘Don Fernando, el Emplazado’ abestea, sendo sentitu naizelako mota horretako errepertorioa abesten.

Ondarea aipatu duzu. Orain dela urte asko hasi zinen zu euskal abestiak jorratzen. Aldiz, beste abeslari askok ez dute interesik euskal errepertorioan. Nondik etorri zaizu zuri interesa? Eta zein da oztopoa besteentzat?

Berez, oztoporik ez dago, bakoitzak bere baitan hartu behar duen erabakia da. Ni euskalduna naiz eta euskaldun giro batean bizi naiz, eta beti abestu izan ditut euskal kantak koruan eta lagunekin. Hizkuntzak gustatzen zaizkit gainera: frantsesa, eta italiera ere hitz egiten ditut, eta nire ama hizkuntzarekiko dudan maitasunak eraman nau euskal abesti lirikoa ikertzera eta argitara ateratzera. Oso goiz hasi nintzen, Musikenen, Maite Arruabarrenarekin ikasten nengoela. Berak beti euskal konpositore bat sartzen zigun ikasleon programetan, euskal musika defendatzea gure erantzukizuna dela erakutsi zigun. Nik oso serio hartu nuen hori, eta karrera amaierako lana Guridiren ‘Mirentxu’-ri buruz egin nuen. Hor hasi nintzen euskal abesti lirikoa serioago ikertzen, eta, ahalegin horretan, Eresbil oso eskuragarri dagoenez, hainbat altxor aurkitu ahal izan nituen bertako artxiboetan. Nire lehenengo diskoa euskal abestiekin osatu nuen eta harrezkeroztik beti saiatzen naiz nire emanaldietan euskal musikagileak sartzen. Gustatzen zaizkidalako, noski, baina baita nire buruari honakoa galdetzen diodalako ere: «nik egiten ez badut, nork egingo du?».

Oraingoan euskal literaturarekin erlazio handia duen programa bat aurkeztuko duzu Donostiako San Ignacio elizan? Zertan datza?

Emanaldia euskal abesti lirikoaren inguruan izango da. «Euskal abestia» esaten dugunean herrikoia edo kantautoreena izan liteke, baina hau «lirikoa» da. Programan XX. mendeko autore klasikoak egongo dira, hala nola Guridi edo Garbizu, baina bigarren zatian gaur egungo lanak aurkeztuko ditugu. Manuel Garcia Moranterenak, adibidez, naiz eta musikagile katalana izan hainbat abesti herrikoi idatzi dituena. Anton Garcia Abrilen ‘Ainhoa’ ere abestuko dut, orain dela gutxi utzi gaituen konpositore handi horren omenez. Sorkuntza berri-berriak ere egongo dira tartean: Musikenen koru zuzendaritza ikasten duen Laida Otaduiren abesti bat, Joseba Sarrionandiaren testu batean oinarrituta dagoena; eta Francisco Ibañezek Jon Arretxeren poema baten inguruan idatzi duen abesti bat. Entzuleek XX. mendetik hona euskal abesti lirikoak izan duen bilakaera ikustea lortu nahi dugu emanaldi honekin.

Laida Otadui oso gaztea da. Zer-nolako abestia idatzi du zuretzat?

Laidaren lanak badu bitxikeria bat: betiko melodia herrikoi bat dirudi. Baina, aldiz, ez da horrela, berak asmatu du. Galdetu egin behar izan nion ea originala zen edo ez, betiko euskal kanta bat iruditzen zitzaidalako. Gero, egia da, baditu ezaugarri garaikideak ere, pianoak sartzen dituen akorde konplexuak adibidez. Lengoaia modernoa da, baina oro har oso melodikoa. Nik gustura kantatzen dut.

Eta Francisco Ibañezen abestia?

Francisco Ibañezen kanta Erein argitaletxearen ‘Zazpi kolore’ liburutik ateratakoa da. Ilustrazioak, poemak eta musika nahasten dituen liburu bat da ‘Zazpi kolore’, eta bertan Ibañezek musika jarri die Ion Arretxek bere bidaietan bizitako egoera pertsonalei. Musikak modu oso deskriptiboan egiten du gainera, onomatopeia asko erabiliz. San Ignacion, ‘Grisa’ koloreari dagokion kanta abestuko dugu.

Amaia Zipitria pianistarekin harreman estua duzu. Berezia al da abeslari eta pianista baten arteko lotura?

Ez dut uste diferentzia handia dagoenik abeslari batek beste instrumentu jotzaile batekin duen erlazioarekin. Baina egia da ondo eramatea garrantzitsua dela. Pertsonarekin erlazio ona duzunean, musikalki ere gauzak errazagoak dira eta hori zure bertsioetan islatzen da. Abeslari batekin lan egiten duen pianista batek, hori bai, abeslariaren beharrak ulertu behar ditu. Instrumentuekin konparatuta ahotsaren beharrak ezberdinak dira eta gorabeherak horiek ondo ezagutzen dituen pianista bat aurkitzea gustatzen zaigu abeslarioi, lasaiago sentitzen garelako horrelako norbait gure ondoan daukagunean. Eta niri hori gertatzen zait Amaiarekin eta Ruben Fernandez Agirrerekin, nire beste pianista kuttuna.