Ibai Azparren
Iruñea

Hatortxu Rock bertan behera, covid-19ak sortutako «ziurgabetasun egoera» dela-eta

Erabaki hau gaur hartuta, Hatortxu Rocken galerak «milaka» eurotakoak dira dagoeneko, baina hurrengo asteetan edozein neurri murriztaile iritsiko balitz proiektuaren etorkizuna «guztiz hipotekatuko lukeela» ikusita aurtengo edizoa bertan behera utzi dute.

Aurpegi ilunak albiste txarra emateko orduan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Aurpegi ilunak albiste txarra emateko orduan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gaur ostiralean ziren hastekoak abenduaren 18rako iragarrita zegoen Hatortxu Rock muntatzeko lanak. Baina horren ordez, agerraldia deitu dute Iruñeko Katakraken: «Osasun egoeraren inguruan hartutako neurriek sortutako ziurgabetasunaren ondorioz, Hatortxu Rock 25 bertan behera uztera behartuta gaude».

Antolatzaileek prentsaurreko jendetsuan azaldu dutenez, ez dago argi zein neurri ezarriko diren datozen asteetan eta ezjakintasun horrek Hatortxu Rock «erabat hipotekatzen du».

«Ez da soilik aurten ezingo diogula dispertsioaren aurkako borrokari ekarpenik egin, ezingo ditugula honek suposatzen dituen arriskuak nahi genuen moduan salatu edo ezingo ditugula dakartzan gastuak leundu. Egoera honek zulo ekonomiko handia sortuko dio Hatortxu Rocki», nabarmendu dute.

Erabaki hau hartuta, dagoeneko, galera ekonomiko garrantzitsu bat izango dute aurten, «milaka» eurotakoa. Hala ere, azaldu dutenez, «aurrerago bertan behera uztera behartuak egongo bagina, gure galerak 10 aldiz biderkatuko lirateke».

Horregatik, «25 ediziotan hazitako proiektua, urtero-urtero elkartasun ekarpen ekonomiko handi bat egiten duena, ezin dugu modu horretan hipotekatu. Ezin dugu Hatortxu Rock arriskuan jarri», gehitu dute. 

Aukera zegoen

2020an azkar ikusi zuten ezingo zutela Hatortxu Rock ezagutzen dugun moduan antolatu. Eta horren ordez, ikus-entzunezko produktu bat egin zuten. Aurten, Atarrabiako karpara itzultzeko aukera erabat baztertuta egon ez arren, beste eskema batzuekin lanean hasi ziren.

Hauei forma ematen ari zirela iritsi zen 2021eko irailaren 28a. Maria Chivitek, Nafarroako lehendakariak, koronabirusaren ondorioz hartutako neurri guztiak bertan behera utzi zituen, musukoa izan ezik. Egun gutxi lehenago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egoera pandemikoa amaitutzat eman zuen.

Honek guztiak «leiho berri bat» ireki zuen antolatzaileen esanetan. «Hatortxu denok ezagutzen dugun moduan antolatu zitekeen. Eta erlojuaren kontra lanean jarri ginen posible egiteko», nabarmendu dute.

Adierazi durenez, urte eta erdi luze honetan elkartasun ekimen gehienak bertan behera geratu dira eta dispertsio politikak edo espetxean egoteak berak dakartzan gastu ekonomikoak ez dira desagertu. «Beraz, argi izan genuen. Aukera zegoen, osasun agintariek baimentzen zuten eta Hatortxu Rock bere ohiko formatuan egin behar genuen. Eta harrera izugarria izan zen. Bai barruan, zein kanpoan», gaineratu dute. 

Lan-taldeak «buru-belarri hasi ziren lanean», dena prest egon zedin. Iragarpenak oihartzun itzela izan zuela nabarmendu eta sarrerak, salmentan jarri zituztenean, 90 minututan agortu zirela gogoratu dute.

«Zaila da hitzez azaltzea. Baina pentsa honek errepresaliatuentzako, senideentzako eta baita antolakuntzan ibili den ororentzako suposatu zuena. Zer nolako bultzada. Berriz ere eskerrak emateko aprobetxatuko dugu», esan dute. Orain, dena antolatuta zutenean, bertan behera utzi beharrean daude.

Sarrerak eta hurrengo urterako bi data

Antolatzaileek adierazi dutenez, datozen egunotan, sarrera erosi dutenek mezu bat jasoko dute emailean, dirua berreskuratu nahi duenak berreskuratu ahal izan dezan.

Eta hurrengo urterako, ahal badute behintzat, bi data aurkeztu dituzte. Bata, udarako iragarrita zutena; 2022ko uztailaren 28 eta 29an Atarrabian. Bestea, ohikoa, 2022ko abenduaren 17an.

«Bi urte Hatortxurik gabe, bi urte errepresioa pairatzen dutenek gure laguntza jaso ez dutela eta haien egoeraren salaketa egin ez dugula. Gehiegi. Honela, etenik gabe udako zita horri begira lanean jarraituko dugu, osasun egoerak eta honen baitan hartutako neurriek ahalbidetuko duen itxaropenez», azpimarratu dute.

Bitartean, gogoratu dute badaudela elkartasuna emateko beste hainbat bide: «Gure webgunean arropa denda daukagu eta, opariak egiteko ohitura dugun garai hauetan, aukera bikainak topa ditzakezue».

Aurtengo eskaintza badago dagoeneko eskuragarri eta, hurrengo astetik aurrera, promozio eta hainbat produkto berri bat ere, modu txikiagoan baldin bada ere, «gure ekarpenari hutsik ez egiteko», esan dute.