Angela F. Casal

Teknologiarekin batera, «fake news» direlakoak ikastetxeetara heldu dira

Nerabeak gezurren eta zurrumurruen eragin handiagoaren pean al daude? Baietz uste dute adituek, eta ikasgeletan analisi kritikoa irakatsi beharra dagoela. Eskolak gaitasuna eman behar die gazteei ondo bereizteko dokumentatutako zerbait eta iritzi soilak –batzuetan gezur hutsak–.

ikasleek tresnak behar dituzte
ikasleek tresnak behar dituzte

Diskoteketan ez dago GIB birusarekin kutsatzen duen jenderik eta Momo ez da YouTube Kidsen bideoetan agertzen haurrak beren buruaz beste egitera bultzatzeko. Eta, ez, Goofyk txakurra izaten jarraitzen du, ez behia. Amen-omenak dira guztiak, ikastetxeetan, whatsappetan eta ikasleen sare sozialetan ibili direnak, albiste faltsuak (fake news) herritar guztiengana eta esparru guztietara iristen direlako, eta eskoletan ere badaudelako.

Adituek ohartarazi dutenez, nahiz eta beti egon diren buloak edo zurrumurruak, egungo albiste faltsuak «azkarrago» zabaltzen dira eta «iraunkorragoak eta biralagoak» dira. «Dibulgazio kanal azkarrak dituztenez eta gazteak trebeak direnez, errazago iristen zaizkie», azaldu du Sylvie Perez UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako ikasketetako irakasle kolaboratzaileak. Ikasketa horietako irakasle Jordi Peralesek azpimarratu duenez, askotan «albiste faltsu bera albiste izan daiteke urte batean, eta denbora bat geroago errepikatu, hori azaltzen duen ageriko arrazoirik egon gabe». Bi irakasleok adierazi dutenez, informazio ez-egiazkoaren eta egiaztatu gabekoaren «aldaera» berri horri ikasgeletan egin behar zaio aurre, ikasleari tresnak emanez. «Eskola testuinguruan, ikasleek oraindik ez dute gaitasun kritikorik albistea eta fake news edo albiste faltsua bereizten jakiteko», adierazi du Perezek. Hain zuzen ere, nerabezaroko hezkuntza helburuetako bat dela diote biek eta, horrenbestez, Administrazioari baliabideak eta inplikazioa eskatu dizkiote helburu horren garapena «hobetzeko».

Gazteriari iristen zaizkion informazio faltsuekiko kezkak mundu osoko eskola eremuko ekimen ugari eta askotarikoak eragin ditu. Google erraldoia hamabi eta hamazazpi urte bitarteko ikasleentzako programa batean inplikatu da eta Latinoamerikako sei herrialdetan garatzen ari da. Ikerketa baten bidez, aurtengo irailean, antzeman zuten %83,8k gezurra izan zen albiste bat sinetsi zutela, eta %24k denbora-pasarako edukiak sortzen zituztela, hala nola blogak, bideoak, memeak eta artikuluak.

Halaber, hezkuntza mediatikoa beste ekimen batzuetara iristen da, hala nola Junior Reporten bidez Kataluniako 8.000 ikasle baino gehiago hartzen dituenera edo Google-ren (In) Fórmate proiektura, Espainiako Gobernuarekin eta Drogazaletasunaren aurkako Laguntza Fundazioarekin (FAD) batera Estatu osoko hainbat ikastetxetan hedatuta dagoenera. Adituen ustez, irakaskuntza horiek curriculum osoan sartu behar dira, zeharka, irakasgai berri bat erabilgarriagoa izan litekeela baztertuta. «Eskolaren eginkizunetako bat da etorkizuneko herritarrak egoera kritikoki aztertu ahal izateko estrategiez hornitzea. Eta hori ikasgai guztietan egin behar da, ez bakar batean», adierazi du Peralesek. Hori, beraz, ikastetxeen helburua da, baliabide gehiago behar direla onartzen duten arren. «Gaur egun, badirudi prestakuntza hori gehiago dagoela irakasleen borondatearen edo gaitasunaren mende, Administrazioaren behar antolatu baten mende baino», adierazi du, eta nabarmendu hobeto landu beharko luketela.

Teknologia eta familia

Teknologia da, hein batean, albiste faltsuen hedapena azkarra eta birala izatearen erruduna. «Lehen ere zabaltzen ziren amen-omenak, baina ez zuten hain arin zirkulatzeko hainbeste kanal», azaldu du irakasleak. Gazteek helduek baino hobeto dakite tresna horien «parte bat» erabiltzen, Peralesek ohartarazi duenez, baina ez denak, ezta haien ahalmen guztiak ere. «Ba al dakite Instagram, TikTok eta beste sare sozial batzuk erabiltzen entretenitzeko? Bai, zalantzarik gabe. Baina ba al dakite dauden bilaketa aukera guztiak erabiltzen, DuckDuckGo, Bing edo Google kasu? Erantzuna ez da hain positiboa», adierazi du irakasleak, eta ondorioztatu du nerabeek badakitela «bilaketa sinpleak egiten, baina ez konplexuak».

Bestalde, teknologia erabiltzeko zailtasunaren ondorioz, AEBetako hauteskundeei buruzko ikerketa baten arabera, 65 urtetik gorako pertsonek partekatzen dituzte albiste faltsu gehien. Heldu gazteenek, gurasoek edo haurren inguruko beste senide batzuek eskaini beharko lizkiekete jokabide «ereduak». Horregatik, senideek ere paper garrantzitsua dute albiste faltsuen aurka borrokatzeko, irakasten dutenaren arabera jokatuz. «Guraso garen aldetik, ez dugu zabaldu behar ahoz nahiz baliabide teknologikoen bidez iristen zaizkigun informazio, albiste edo iruzkinak haien benetakotasuna eta egiazkotasuna baieztatu gabe», proposatu du adituak.

Eskolak gaitasuna eman behar dio gazteriari «dokumentatutako zerbait eta iritzi soilak –eta batzuetan, besterik gabe, gezurrak– bereizteko». Irakasleak dioenez, albiste faltsuei erantzun hezigarria eman behar zaie, «etikatik, balioetako prestakuntzatik eta informazio eskubidearen errespetutik». Izan ere, haren ustez, gaur egun informazioa «lehen mailako eskubidea» da eta, beraz, «informazioa egiazkoa eta ulergarria dela eta iritzia askatasunez sortzeko aukera ematen duela bermatzeko gai izan beharko genuke». Etorkizuneko helduek eskubide hori exijitu ahal izateko, nerabeak «kontzientzia kritikoan prestatu behar dira», bukatu du.